Dantza

Maskaradak

Errituala aldez aurretik iragarri daitezkeen gertakarien arabera garatzen da. Denbora eta lekuari dagokionez, bi txandatan bananduta daude: alde batetik, goizean herrian barrena gertatutakoa eta, bestetik, arratsaldean enparantzan edo erdiguneko barrutian gertatutakoa.

Goizean, anfitrioia den herriko dantzari talde batek harrera egiten dio jarraigoari. Dantzari hauek errezibitzaile izenarekin ezagunak dira. Jaialdia tabalari [danbolin-jole] batek eta txilaia edo txirulari [xirula edo txirula izenez ezaguna den hiru zuloko flauta eztia jotzen duena] batek jotako soinuaren hotsean hasten da. Gerta daiteke, baita askotan gertatu ere, txirula jotzen duen instrumentistak makila batekin salterioa jotzea. Zuberoan salterioa ttunttun izenez ezaguna da.

Ondorengo lerroetan dantza bakoitzaren eta goizeko emanaldia osatzen duten gainerako elementuen nondik norakoak azalduko ditugu. Ordena beti berbera da eta horri heltzen diote.

Festa Barrikada ahustia izeneko ekintzarekin hasten da. Errezibitzaileak izaten dira agertzen lehenak, ospakizunari hasiera emanez. Lehendabizi bakarka egiten duten dantza eta ondoren taldeka. Horren ostean, maskarakaiak izenekoen txanda dator, hots, bisitan datorren Maskaradako kideen txanda. Hasierako eginbeharra anfitrioiek bide erdian jarritako oztopo txikia gainditzea da. Oztopoa dantzarien aurrean jarritako ardo botilek osatzen dute; horregatik ospakizunaren lehen ekintza hau Barrikada izenez ezaguna da.

Barrikada dantza eginez gainditzen duten aurrenekoak talde 'gorriko' aintzindariak dira. XXI. mende hasieran oztopoa ordena honetan gainditzen dute: entsenaria; xerreroa; gatüzaina; zamalzaina; eta kantiniersa. Ondoren jauna eta anderea datoz. Horien atzetik laboraria eta laborarisa. Segidan marexalak. Horren ostean küküileroak. Errezibitzaileen antzera, aintzindariak taldeko pertsonaiek aurrena bakarka eta gero taldeka dantzatzen dute.

Talde 'gorriko' kideek barrikada gainditu eta gero, talde 'beltzeko' kideek gauza bera egin behar dute. Horiek barrikada gainditzeko berezko modua dute: korrika, oihuka eta garrasika agertzen dira, talde 'gorriko' pertsonaien inguruan zirkulua sortuz. Azkenean, lurrean bata bestearen gainean bukatzen dute, errugbiko melée bat hondatzerakoan jokalariek lurra jotzen dutenean gertatzen den moduan.

'Beltzak' ordena honetan antolatzen dira zehazki. Aurrena, elkarri sorbaldatik helduta eta bidea irekitzen, kereztuak datoz. Distantzia gutxira, bi edo hiru kideko taldeetan eta elkarri sorbaldatik helduta, buhameak, kauterak eta medizina. Aipatutako azken hiru horiek lurrera era desordenatuan erortzen direnak dira. Jarraian xorrotxak agertzen dira, oinez barrikada ertzetik igaroz. Ibiltzen diren bitartean jendea agurtzeko kopla bat abesten dute, eta Barrikada ipini duen pertsonaiaren parean daudenean, aldiz, abesteari uzten diote. Momentu horretan poztasun oihuak eta bibak entzuten dira. Parte-hartzaile guztiak solasean hasi eta barrikadako botilak bidetik kendu eta irekitzen dituzte, bertaratutako guztiei ardoa eskainiz. Era berean, jaki solidoak (hestebeteak eta gozokiak), freskagarriak eta beste edari batzuk banatzen dituzte.

Jarraian Barrikada haustiak herriko agintarien aurrean errepikatzen dituzte. Deskribatutako sekuentzia hori goiz osoan zehar Maskaradako kideen aurrean barrikada bat agertzen den bakoitzean errepikatuko da. Gertaera hori herriko sarreratik enparantzara doan bidean hainbat aldiz errepikatzen da edo errepikatu daiteke. Plazan herriko agintariek prestatutako azken barrikada zain dute; ordurako eguerdian sartu dira. Aipatutako azken barrikada gainditu eta gero, talde 'gorriko' eta talde 'beltzeko' kide guztiak, herriko agintariak, herri anfitrioiaren bizilagunak eta bestelako bisitariak zirkulu bat osatu eta Aitzina-phika eta Moneinak, bi jautzi [(euskal) jauziak] edo dantza mota, dantzatzeko prestatzen dira.

Hainbat urtetan, goizeko ibilaldian zein arratsaldeko emanaldian izaera soziala eta mistoa duten beste dantza batzuetan parte hartuko dutenak modu ozarrean eta berezian nola antolatzen diren ikusteko aukera izan dugu. Dantza horiek Kadrillak, Polkak eta Kontrajantzak dira.

Behin jautziak edo aipatutako beste dantzak bukatuta, parte-hartzaile guztiak bazkaltzera gonbidatzen dituzte, jeneralean jatetxe batean edo herrian horretarako bereziki prestatutako lokal batean. Bazkaltzen amaitu eta gero, plazaren inguruan biltzen dira berriz ere.