Pintoreak

Martiarena Lascurain, Ascensio

Gipuzkoar margolaria. Donostian jaio zen, 1884ko abenduaren 8an, eta hiriburu horretan hil, 1966ko abuztuaren 2an.

Ingeniaritza-ikasketak pintzelekin ordeztu zituen, eta 1902an, Parisera joan zen. Bertan, bi urteko prestakuntza jaso zuen, Jean Paul Laurens-en gidaritzapean. Postinpresionismoaren garaiak ziren, eta huraxe izan zen haren obra osoaren estilo bereizgarria. Gero, jaioterrira itzuli zen, Donostiara, eta 30eko hamarkadan, Marrutxipiko Txabolgorri etxean bizi izan zen.

Aberria sutsuki maitatzen zuen, eta Martiarenaren obretan askotan errepikatzen den gaia da, batik bat euskaldun andre edadetuak. Modako erretratugilea izan zen garai batean, eta emakumeen erretratuetan margolari nabarmena baita ere. Haren emakumezko koadroak miretsiak eta goraipatuak izan ziren, eta irakasle gisa ere, oso izen ona lortu zuen. Bilboko Euskal Artisten Elkartearen sortzaileetako bat izan zen.

Arte Ederretako Erakusketetan parte hartu zuen 1904an, 1912an, 1915ean eta 1917an. Horrez gain, Kanadan (1916), Parisen (1921, 1924, 1925 eta 1936), Bilbon (1921) eta Donostian (1910, 1928, 1950 eta 1960) erakusketak egin zituen. 1951n, I Bienal Hispanoamericana de Arte erakusketan parte hartu zuen. 1912an, lehiaketa bidez, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan marrazketa irakasle izateko plaza lortu zuen, eta 1915ean, San Fernandoko akademiko izendatu zuten. 1936ra arte, eskolan lan egin zuen; baina urte hartan erbestera joan behar izan zuenez, plaza galdu zuen. Ezin izan zen 1941era arte itzuli. Erbestera joan baino lehenago, Antonio Valverde eta Jesús Olasagasti bezalako ikasle famatuak izanak zituen.

Jaioterrira itzultzean, akademia ireki zuen, eta, bertan, artista gazte garrantzitsu askok prestakuntza jaso zuten, besteak beste: Marta Cardenas, Carlos Bizcarrondo, Laura Esteve, Mikel Forkada, Ana Maria Parra edo Carlos Sanz 1960an, irakaskuntzan 50. urteurrena egiten zuela ospatzeko, Donostiako Udal Aretoetan omenaldi hunkigarria egin zioten, eta, bertan, hirurogei ikasle baino gehiago bildu ziren, irakasleari beren estimua adierazteko.

Sari hauek jaso zituen: Ohorezko Aipua, 1904ko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean, Mercader moro margoarekin; Hirugarren Domina, 1915eko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean, Retrato eta A la misa mayor mihiseekin; Hirugarren Domina, Panamako Arte Erakusketan, 1916an; Ohorezko Saria, 1950ean, Donostiako Gabonetako Lehiaketan, La Bretona koadroarekin.

Hauek dira obrarik ezagunenak: Rita (euskal emakumea); El Rosario; Madre vasca; Retrato de señora; Cacharrera castellana; Desnudo; Puente del Sena; Retrato de mi padre; Retrato de don Miguel de Unamuno; Playa Bretona; Americanita eta La mirada marrazkiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko sarreran dagoen triptikoa (Musika, Poesia eta Dantza). Horrez gain, paisaia eta erretratu ugari egin zituen.

Mayi Setien Laboak honela banatu zituen 1983ko Erakusketa Antologikoan aurkeztutako obrak (CAM Donostia):

Emakume-erretratuak. Pastela erabat menperatzen zuen, eta teknika hori erabiliz, emakumezko hainbat erretratu egin zituen. Arrakasta handia lortu zuen Parisen koadro horiekin, 1924-26 urteetan. Izan ere, horrelako erretratuak modan zeuden garai hartan, eta paristar burgesiak gustuko zituen. Aurpegia erakusten dute, eta zenbaitetan, sorbaldak ere nabari dira. Hiru kolore konbinatuz (sangina, zuria eta beltza), benetako haragi itxura ematea eta erretratatuaren egoera psikologikoa islatzea lortzen du. Gehienetan, argia suabea da, eta erretratatuei albo batetik ematen die. Horrela, argitik itzalerako trantsizioa pixkanaka gertatzen da, eta hondoarekiko harmonia mantentzen du. Argia arina da, koadro osoa biltzen du, eta hondoarekin fusionatzen da, kontrasterik sortu gabe.

Erretratu herrikoiak. Hauetan, teknika eta planteamendua erabat ezberdinak dira. Hasteko, ikuslea erretratutik hurbilago dago, figura lehen planoan baitago. Gorputz osoa nabari daiteke, eta figurak gerriraino edo gerri azpiraino margotuta daude. Marrazkia oso agerikoa da, eta zertzeladak luzeak eta moztuak direnez, irmo eta garbi bihurtzen dira. Gainera, profilak kolore ilunago batekin nabarmentzen ditu, eta horrek nortasun markatuagoa ematen dio koadroari eta figurari bolumena erantsi. Emakumeen erretratuetan, zeharkako argiak arintasuna eta leuntasuna ematen zien bezalaxe, hemen ere argiak adierazpenari indarra ematen dio. Argia gero eta distiratsuagoa eta zuriagoa da, eta aurrez aurre jotzen du. Garrantzi handia ematen die pertsonaia girotzen duten elementuei, eguneroko gauzak izan ohi direnak. Argia zuriagoa denez, argitik itzalerako trantsizioa oso nabaria da.

Paisaiak. Haren alderdirik ezezagunena izan arren, pasaiak dira margolari honen kalitate artistikoaren adierazpenik onena. Margoan eta paisaietan ez dago inolako elementu intelektualik. Ikuspegi positiboa du, eta ez du edukirik ez mezurik transmititu nahi. Haren margoa ulertzeko, Parisen ezagututako joerak aintzat hartu behar dira, paisaia inpresionistara egokitu baitzen. Martiarenaren kezka "ikusten jakitea" izan zen, hau da, natura zuzenean jasotzea. Margo-eskoletan ere, bere ikasleei interes hori buruan sartzen saiatu zen, eta horretan eman zuen bizitza osoa. Eraketari datxekiola, paisaiek inpresionismoaren ezaugarriak betetzen dituzte. Zeharkako ikuspegia ematen duenez, horizonte-lerroa oso altua da, eta sakontasuna lortzeko, planoak elkarren segidan jartzen ditu: gaia aitzakiatzat erabilita, atmosfera une ezberdinetan birsortzen du. Horren adibide Txabolgorriko estudioan 1933-34 urteetan egindako paisaiak ditugu. Hasierako koadroen arre koloreak aberastasun handiagoko kolore-sorta batekin ordezten ditu, eta ñabardura handiagoak ere sartzen ditu, argiarekin jolastuz, aldaketaz eta modulazioz betetzen duena. Martiarenak modu bizian eta ausartean maneiatzen zituen koloreak, eta argitasuna ematen duten kolore mamitsuak erabiltzen zituen. Zenbaitetan, oldarkorra ere bazen kolore osagarrietan, kolore- eta tonu-aberastasuna lortu nahi zuelako. Kartoi gainean irristatzen diren zertzelada luzeen eta jarraituen bidez, koloreak eta argia elkartzen ditu eta paisaia eratu. Calle de Soria (1942): paisaiari buruzko oharrak dira, formatu txikiko kartoietan egindakoak, eta zirriborro itxura handiena duen lana da. Mihise gaineko beste lan handiago batzuetan, gainjarritako zertzeladak eginez, ñabardurak sortzen eta argiak gauzen gainean sortzen dituen uneko tonu zehaztugabeak harrapatzen saiatu zen. Atmosfera islatzerakoan, Monet bezalako inpresionistek formak urtzen dituzte; baina Martiarenari ez zaio inoiz ere gertatzen, ez baitu paisaia egituratzeko ahalmena galtzen. Marrazkien indarrez, koadro indartsuak eratzen ditu. Horregatik, Regoyosen eragina ikusi izan dute batzuek, margo inpresionistari dagokionez, eta Zuloagarena ere bai, marrazkiaren indarra erabiltzeari dagokionez.

1983an, Juan Antonio Garcia Marcos kritikariak euskal margo garaikidearen maisu honen Biografia (CAM, Donostia) garrantzitsua argitaratu zuen.