Pintoreak

Abreu Madariaga, Vicente

Pintore eta marrazkilari arabarra, Gasteizen jaio zen 1879ko otsailean. Hiri horretan hil zen 1974ko ekainaren 19an.

Ogibidez militarra izan zen, Gasteizko beste margolari ospetsu ugari bezala, esaterako Teodoro Dublang edo Aurelio Vera-Fajardo, eta Venancio del Val kronistari zor diogu gizon honek Arma de Artillería delakoan gorengo maila jaso zuela jakitea. Araban kargu militar eta politiko altuak izan zituen. Gasteizko 25. Errejimenduko nagusia izateaz gain, gobernadore militarra eta Arabako Aldundiko presidentea ere izan zen; postu horri uko egin zion, ustekabean, ia urtebete lanpostu horretan egon ondoren (1944ko irailean).

Formazioz autodidakta izan zen, eta marrazkilari bikain gisa nabarmendu zen. Akademia eskola tradizionalari lotuta egon zen, eta benetako maisutasunez gailendu zen margolan ekoizpen mota hartan: gai militarretan, alegia. Espezialitate horretan narraziorako gaitasun berezia izan zuen, batez ere zalditeriako maniobrak eta operazioak islatzerakoan. Mihise horiek dira bitxienak, eta mugimenduagatik eta dinamismoagatik nabarmentzen dira, baita intonazio kromatiko egokiengatik ere. Teknika aberatsa dute, eta eszena militarrak zapore eta graziaz beteak daude; agian Erromantizismo berantiarreko nolabaiteko aureola dute.

Vicente Abreuk marrazkietako segurtasun eta tinkotasuna estanpetara eraman zuen, ilustrazio balioarekin. Bere lanek toki historiaren pasarteak islatzen dituzte, batzuk idealizatuak eta beste batzuk egiatiagoak. Bodegoiak ere marraztu zituen, bereziki loreak eta paisaiak, hirikoak (Gasteizko txokoak), zein landa eremukoak, probintziakoak. Maeztun, Arabako Mendialdean, margolariaren dokumentu ondarearen zati bat gordetzen da.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La Pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990, 250 orr.
  • VAL, Venancio del. Calles vitorianas. Gasteiz: Udal Aurrezku Kutxa, 1979, 149 orr.