Militarrak

Maroto Isern, Rafael

Murtziako militarra. Lorkan jaio zen 1783an, eta Conconen hil zen, 1853an.

Napoleonen aurkako gerran hasi zuen karrera militarra, Zaragozan. Zauritu eta preso hartu zuten, baina ihes egitea lortu zuen. 1813an, Talaverako errejimenduaren buru zela, Perura joan zen, eta erregeordeak Txile berriz konkistatzera bidali zuen, 1810etik burujabea baitzen. 1814an, Rencaguako batailan borroka egin zuen, eta Santiagon sartu zen, Espainiako soldadu irabazleen buruan. Abascal erregeordeak brigadier kargura igo zuen. Handik gutxira, Santiagon ezkondu zen Antonia Cortes y Garcia goi-mailako txiletar damarekin. Mendozan eratzen ari zen amerikar armadaren mehatxua ikusita, Francisco Marco del Pont txiletar kapitain jeneralak Maroto brigadierraren eskuetan utzi zuen armada errealisten buruzagitza, une hartan maila goreneko burua baitzen. Maroto eta haren laguntzaileak 1817ko otsailaren 10ean irten ziren Santiagotik. Egun hartan izan zen Chacabucoko bataila famatua, espainiarren menderaldiari amaiera eman ziona. Dirudienez, Marotok isilpeko negoziazioak egin zituen armada askatzailea zuzentzen zuen San Martin jeneralarekin. Borroka goizeko bederatzietan hasi zen, eta arratsaldeko ordu bietan amaitu zen.

"Maroto azkenera arte erasoari eusten saiatu zen, eta gudu-zelaian egon zen uneoro; baina kixotekeria hutsa baino ez zen izan, haren presentziak ez baitzuen jada ezertarako balio. Azkeneko uneetan ere aurrera egin zuen, sable-kolpeka, eta arinki zauritu bazuten ere, salbatzea lortu zuen, Chacabucoren etxean zelatutako zaldi on bat topatu baitzuen, harenak jada balio ez zuenean."

Francisco Antonio Encina (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Historia de Chile. 1953, 7. liburukia, 271. orrialdea.

Egun berean, arratsaldeko bostetan, errealisten porrotari buruzko albistea iritsi zen Santiagora. Marotok, Huechurabatik, errefortzuak eskatu zizkion Marco gobernatzaileari, baina hark Santiagora itzultzeko erantzun zion. Hilaren 13an, arratsaldeko ordu bietan, astoak zamatu zituzten altxor publikoarekin. Benito de Azpeitua Monetaren Etxeko 1. ofizialaren txostenean jasotakoaren arabera, Jose Ignacio Arangua diruzaintzako barne-kontulariari 190.000 peso eman zizkioten, urretan eta zilarretan, eta establezimenduan 60.000 peso geratu ziren zilar-barretan, ezin izan zituztelako zamatu. Dena dela, borroka baten ondorioz, altxorra bidean galdu zen. Hilaren 13an, gauerdia igaro eta gutxira, gerra-batzarra egin zuten Santiagon. Han, Marotoren irizpidea nagusitu zen, hau da, armadarekin Valparaisora erretiratzea eta Peru alderantz ontziratzea. Titicaca lakutik gertu dagoen Puno hiriko gobernatzaile-intendente izendatu zuten, eta Laserna erregeordearen lagun egin zen. Soldadu porrokatuek babestutako gune estrategikoa zen Puno, baina Marotok defendatu beharrik ez zegoela erabaki zuen. 1824ko abenduaren 9an, Ayacuchoko bataila famatua libratu zen, Ameriketako independentzia betiko bermatuko zuena. Erregeordea, hamabost jeneral, hamasei koronel, 552 ofizial eta 3.000 soldadu atxilotu zituzten. Aitzitik, hilabete beranduago aske zeuden, Espainiarantz nabigatzen. Maroto "Ernestina" fragata frantsesean ontziratu zen, Espainiara joateko.

Asturiasko eta Toledoko milizia errealistak antolatu zituen, eta kuarteletik Iruñera igaro zen. Don Carlos infantearekin harremanetan sartu zen. Sevillan konfinatu zuten, eta Granadan, beranduago; baina Portugalera ihes egin eta don Carlosen aurrean aurkeztu zen. Ingalaterrara joan zen harekin, eta ez zen iparraldeko armada karlistan sartu, 1835era arte. Kataluniako komandante orokor izendatu zuten, eta 1836ko abuztuaren 30ean, Pirinioak zeharkatu zituen Nuria mendietatik, bi ehiztari-konpainiek jaso zutelarik. Zoritxarreko kanpaina baten ostean, don Carlosi Kataluniako egoeraren berri emateko aitzakiarekin, Royo brigadierraren esku utzi zuen buruzagitza, eta Frantziara joan zen urrilaren 5ean.

Eyna herrira iritsi zenean, jendarmeek eta Frantziako infanteria arinaren 21. errejimentuko soldaduek atxilotu zuten. Toursen konfinatu zuten, baina Bordelera ihes egitea lortu zuen. Urtarrilaren 28an, bertatik gutuna idatzi zion Erro ministro karlistari, ahal bezain laster errege-kuartelera joango zela esateko. Ministroak erantzuna bidali zion azaroaren 14an, Durangotik: Don Carlosen aginduz atzerrian egon beharko zuen, Katalunian izandako jokaera eta herrialdea uztera behartu zuten gertakariak aztertzeko espedientearen emaitza ikusi eta horren araberako erabakia hartu arte. Debekuak 1838ra arte iraun zuen, Piralak argitaratu zuen agiri "eztabaidaezinean" jasotzen den bezala (Pirala: Historia de la guerra civil, II, 1028). Hala ere, bistakoa da, errege-kuartelean Guergueren esku-hartzearen ondorioz sortutako egoera eta barneko-bereizketa ikusita, Marotori deitzea otu zitzaiola Don Carlosi. Izan ere, Piralak berak Don Carlosen "autografoa" argitaratu zuen, 1838ko maiatzaren 15eko datarekin, eta honela dio: "Maroto, etor zaitez, mezu hau jaso bezain laster. Carlos" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Guerguek ekainaren 20an galdu zuen Peñaferrada, eta horren aurretik gertatu zen hura. Beraz, historialari askok baieztatu dute zoritzarreko gertaera hura Don Carlosek Maroko iparraldeko armadaren buru izendatzearen ondorioz gertatu zela, baina Del Burgok hori baztertzen du. Dena dela, egia da izendapen hartaz geroztik iparraldeko indarrek diru-kopuru handiak bidaltzen hasi zirela eta hiru hilabetetan armada ekipatuta zegoela berriro, borrokarako prest. Aipatu behar da, halaber, Maroto armadaren buru izendatu izana irtenbiderik onena zela askorentzat. Custine kondeak soldatuen diziplina eta antolamendu bikaina goraipatu zituen, Beirako printzesarekin Espainiara bidaiatu zuenean. Schwarzenberg printzeak ere Maroto laudatu zuen, eremu karlistaren barne-kontuei buruz gutxi badzekien ere.

1839tik aurrera, badirudi Maroto erreginaren jeneralekin elkarrizketatzen hasi zela. Borroka gogorra hasi zen negoziazioen aldekoen (Marotoren aldekoak) eta Tejeiroren aldeko jeneralen artean. 1839ko urtarrilaz geroztik, errege-kuartelaren eta Maroto jeneralaren kuartelaren arteko borroka indartu zen. Otsailaren 18an, Marotok lau jeneral fusilatzeko agindua eman zuen Lizarran: Guergue, Garcia, Sanz eta Carmona. Don Carlosek, haserre, 1839ko otsailaren 21ean agiria idatzi zuen Maroto kargugabetzeko, eta traidoretzat jotzen zuen bertan. Aitzitik, Marotok egoera kontrolpean zuen. Ministroek ez zuten Don Carlosen alde egin. Horregatik, 1839ko otsailaren 24an, ofizioa igorri behar izan zuen, eta Maroto armadaburu izaten jarraitzeko borondatea adierazi zuen bertan. Egoera guztiz kontrolpean zuen, Don Carlosen ahula eta aldakorra zelako. Horrela, etsai ahaltsu guztiak zigortzeko eskatu zuen, eta Frantziara erbesteratuak izan ziren.

Une hartatik aurrera, etengabekoak izan ziren Marotoren eta haren etsaien arteko liskarrak. 1839ko uztailaren 20an, kantauriar kostako blokeoa zuzentzen zuen Lord Hay ingeles komodoroarekin harremanetan jarri zen Maroto, Diego de Leonek Elliot ituna hautsi izana aitzakiatzat baliatuz. Marotok bi armaden arteko britainiar bitartekaritza lortu nahi zuen. Hilaren 29an, Espartero eta Lord Hay elkarrizketatu ziren. Topaketa hartan, Esparterok Marotoren proposamenak aurkeztu zizkion britainiarrari. Esparterok onartu egin zuen, baina foruen gaia Gorteetara eramatearen eta karlistek Cristinari men egitearen truke. Abuztuaren 24an, Maroto eta Zabala liberala lehenbiziko aldiz elkarrizketatu ziren. Bertan, Zabalak zuzenean Esparterorekin elkarrizketatzea proposatu zion Marotori, eta horrela egin zuten abuztuaren 31n, Bergarako Hitzarmen entzutetsuan. Hitzarmen horren bidez, Esparterori 5 gaztelau batailoi eman zizkioten eta beste hiru gipuzkoar eta zortzi bizkaitar. Ordainetan, Esparterok Euskal Foruen "emakida edo aldaketa" bermatzeko konpromisoa hartu zuen.

Horrela, zazpi urteko gerrari amaiera eman zioten. Gainera, Maroto teniente jeneral izendatu zuten, eta Maroto Etxeko konde-titulua eman zioten. Urte batzuk beranduago, baimena eskatu zuen Txilera pasatzeko, familiaren ondasunez arduratzeko. Maroto 1847an bueltatu zen Txilera, Bergarako Hitzarmearen ostean, eta horrek era guztietako fantasiak piztu zituen. Txiletarrak "Marotoren altxorraz" hitz egiten hasi ziren. Altxor horren bila zebiltzanei buruzko zurrumurruak zabaldu ziren. Hala ere, inork ez daki istorio horiek benetakoak diren. Txileko autoritateek Huerfanos kalean zuen etxea eta Concon hazienda itzultzeko agindua eman zuten, haren emaztearenak baitziren, urperatze batean hil zena. Bizitza lasaia eraman zuen handik aurrera, Conconeko eta Santiagoko egoitzak txandakatuz. Conconen hil zen 1853an, eta ez zen Espainiara inoiz itzultzen saiatu, bertan haren izena polemikoa baitzen. Salvador de Valparaisoko parrokian dago haren heriotza-partida, eta honela dio:

"1853ko abuztuaren 5ean, hiri honetan hilerrean ofizioz hilobiratu dute Rafael Maroto teniente jenerala, Espainian jaiotakoa. Ez zen sakramentu santurik eskatu. Eta horren fede ematen dut nik. Silverio Vigna, apaiz adm." (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Erref. Jaime del Burgo. "Para la Historia de la I° Guerra Carlista", Príncipe de Viana, Iruñea 1981, 272- 278.