Kontzeptua

Tren-gidariak eta sugileak

Trena 1863an iritsi zen Euskal Herrira. Garraiobide horren garapenaren ondorioz, lanbide berri ugari sortu ziren, garai hartan erabat berriak zirenak, eta poliki-poliki, trena pasatzen zen herrietan ohikoak bihurtu ziren. Horien artean aipagarriak dira tren-geltokiko buruak, tren-gidariak eta sugileak, txartel-zulatzaileak, zaindariak (langa, orratz, trenbide eta galga-zaintzaileak) baita bidezainak eta krokatzaileak ere.

Horrez gain, trenbidearekin lotutako lanbideek egoera eta baldintza oso bereziak zituztenez, garai hartako beste lanbideetatik argi eta garbi desberdindu ziren.

Trenbidearekin batera iritsi ziren lanbideen artean, lurrun tren-gidariak eta sugileak izan ziren langile berezi eta adituenak. Nahiz eta bi lanbide horiek maila ezberdinetakoak izan, tren-gidariek eta sugileek beti batera egiten zuten lan, trenbide munduan bikote gisa ezagutzen zena osatuz. Bi langile horiek horren garrantzitsuak ziren, non trenbide-konpainia bakoitzak bere araudi berezi bat zuen bi lanbide horietarako. Araudi horiek berrogeita hamar artikulu baino gehiago izaten zituzten, eta bertan tren-gidari nahiz sugileek zituzten betebeharrak zehatz-mehatz jasotzen ziren.