Historialariak

Altadill y Torrontera de Sancho San Román, Julio

Aulio Gelio.

Historialaria eta publizista. Toledon jaio zen 1858ko maiatzaren 14an, 1935eko maiatzaren 4an hil zen, Iruñean.

Iruñean egin zituen ikasketak: San Migueleko seminarioan, hasiera batean (Gerra Zibilean utzi egin behar izan zituen), eta hiriko Institutuan, geroago. Madrilgo Unibertsitatera joan zen, eta Madrilgo eta Avilako Intendentzia Militarreko akademiara, gero. Han, dibisioko intendente nagusi eta bertako irakasle bihurtu zen. Intendentzia Taldean nabarmendu zen, Afrikan eta Kubara bidalitako tropetan bereziki. Oso gaztea zela, ikerkuntza historikoari eta artistikoari ekin zion. Lan ugari argitaratu zituen, eta horiei esker, 1902ko maiatzaren 4an San Fernandoko Historiaren eta Arte Ederren Akademien aitorpena lortu zuen, berrogeita lau urte zituela.

Hispanoamerikako Zientziaren eta Arteen Akademiako kide izan zen, Nafarroako Monumentu Historikoen eta Artistikoen Batzordeko lehendakariordea eta bertako Buletinaren zuzendaria, eta, 1920an, Eusko Ikasketen Bigarren Kongresuko idazkaria. 122 lan inguru utzi zituen, liburuak, monografiak eta artikuluak batuta. Gehienak Nafarroako historiari eta arteari buruzkoak izan ziren, semetzat hartu zuen herrialde hari eskaini baitzizkion esfortzu guztiak.

Hona hemen Altadill autorearen obra nagusiak:

  1. Conquista y dominación de los españoles en América (1883); Ikerketa bibliografikoa. Primera imprenta y catálogo de obras editadas en Pamplona. Saria jaso zuen 1884ko lehiaketan, eta alemanera itzuli zuten urte horretan bertan. Nafarroako bibliografia egiteko lehenengo saialdia da.
  2. Bibliografía y obras del P. Joseph de Morete, Primer Cronista de Navarra (1887).
  3. Geografía Histórica de Navarra. Los despoblados (1917 eta 1925 artean).
  4. Geografía General del País Vasco-Navarro (1918). Nafarroako probintziari buruzko bi liburuki.
  5. Bibliografía de la prensa periódica de Pamplona (1923).
  6. Vías y vestigios romanos en Navarra (1928).
  7. Castillos medioevales de Navarra. Hiru liburuki dira eta 1934 eta 1936 artean argitaratu ziren.