Pintoreak

Lopez de Torre, Jose

Pintorea. Olabarrin (Araba) jaio eta Gasteizen hil zen 1829an.

Ez dakigu non eta nola jaso zuen prestakuntza, baina jarduera betean aritu zen 1775-1828 bitartean.

Bere lan gehienak Araban kokatzen dira, nahiz eta probintzia mugakideetan ere hainbat lan utzi zituen. Astoa erabiliz egindako pinturarekin batera polikromiak egin zituen, besteak beste, erretaula edota kaxoi-altzarietan. Bere obra, nagusiki, erlijio-gaien ingurukoa da. Erretratuak dira salbuespena.

Jose Lopez de la Torrek grabatu eta pintura barrokoak kopiatu zituen maiz, horiei kutsu neoklasikoa emanez. Horrela, bi estilo artistiko horien artean mugitu zen. Pintore apala zen, baliabide mugatuak zituena. Hala ere, garaiko korronte artistikoetatik urrun zegoen hiri batean nabarmendu egin zen.

Berak egindakoak dira: Galarretako elizako "Kristoren Bataioa", "Santa Barbara", Urabaineko elizarako mihiseak, Gazetako elizako kaxoi-altzariak apaintzeko pinturak edota Gasteizko Santo Domingo komenturako egindako Pedro de Oreitia, Adriano VI eta Diego Martinez de Maesturen erretratuak. Andre Maria Birjinaren Sortzez Garbiaren, San Paulino Nolakoaren, San Joan Bataiatzailearen eta San Jeronimoren mihiseak pintatu zituen Urizaharreko Jasokundeko elizaren sakristiarako. 1791an Gasteizko udaletxeko kaperarako Andre Maria Birjinaren Sortzez Garbia pintatu zuen. 1803an Lezako San Martin parrokiako (Araba) erretaula nagusia eta kaperako muralak pintatu zituen. XIX. mendearen hasieran eraberritze-lanak egin zituen Gasteizko kolegio-elizan. Halaber, Biloda, Betoñu, Araia, Heredia, Egino, Agurain, Maeztu, Ozaeta eta Arabako beste hainbat parrokietako erretaulak landu zituen.