Arkitektoak

Linazasoro Rodriguez, Jose Ignacio

Arkitektoa. Donostia, 1947.

Jose Ignacio Linazasoro arkitekto gipuzkoarra Euskal Herri mailan postmodernitatea deitu izan den estiloko arkitekto esanguratsuenetakoa dugu. Nahiz eta bere estudioa Madrilen eduki, gure artean eraikin interesgarriak eta garrantzitsuak burutu ditu eta ez bakarrik postmodernitatearen eraginpean.

Hirurogeigarren hamarkadaren amaieran, Europa eta Ameriketako arkitektura garaikidearen testuinguruan modernitatea zalantzan ipini zenean -bai hasierako arrazionalismoa bai ondorengo organizismoa ere-, postmodernitatea izenburupean jarrera berri bat sortu zen, oso kritikoa modernitatearen akats nagusiekin, hau da, funtzionaltasunarekiko menpekotasuna, formalismoaren garaipena, eta nabarmenki historia, natura eta gizartearekiko mesprezua. Korronte berriak proposatu zuen iraganarekiko jarrera berria sustatzea, ez bakarrik alderdi formal batetik, baizik eta bereziki ikuspegi kontzeptual batetik, iraganetik ikasiz eta oraindik beharrezkoak eta onuragarriak izan zitezkeen ezaugarriak hartuz. Baina iragana ulertzeko orduan bi jarrera desberdin nabarmendu ziren, bata hiztorizista eta eklektikoa, bereziki Estatu Batuetan garatu zena Robert Venturi eta Denise Scott Brown arkitektoen lanen inguruan; eta bestea klasizista Europan, bereziki Italian, Aldo Rossi egile italiarra talde honetako arkitekto esanguratsuena izanik. Horrela, lehenengo taldekoek iraganarekiko harremana, batez ere, azaleko apainketetara mugatu zuten eta bigarrengo taldekoek iraganaren eta bereziki klasizismoaren irakurketa soila eta xumeagoa proposatzen zuten, arkitektura garaikidea birsortzen saiatuz. Aurreko arrazionalismoari eta organizismoari ez zieten muzin egin, bai oina antolatzeko orduan, bai elementu formalak aukeratzerakoan edota behar zenean apainketaren aldeko apustua egiteko orduan.

Gure artean, lehenengo jarrerak eraginik izan ez zuen bezala, bigarrenak bai aurkitu zituela jarraitzaileak hirurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran Euskal Herriko arkitekto gazteen artean. Berez, bi gune sortu ziren postmodernitate klasizista jarraitzeko prest zeudenen artean, bata Bilbon Javier Cenicacelaya eta Iñigo Saloña arkitekto bizkaitarren inguruan, eta bigarrena Gipuzkoan Jose Ignacio Linazasoro, Miguel Garay eta José Antonio Pizarroren lanaren baitan. Azken hiru arkitekto horien artean, postmodernitatearen ildoa hobekien jarraitu duena Jose Ignacio Linazasoro izan da, baina ez estilo horren jarraitzaile sutsua izan delako, baizik eta lan askotan, bereziki zaharberritze prozesuetan -bere lanaren alderdi ezagunetakoa-, postmodernitatearen izpirituaren hainbat ezaugarriak bereak egiten eta egoera bakoitzean behar bezala egokitzen eta aplikatzen jakin duelako.

Bartzelonako Arkitektura Eskolan 1972an titulua jaso ondoren, Jose Ignacio Linazasoro Miguel Garay arkitekto gipuzkoarrarekin lanean jarri zen. Bien arteko elkarlana 1980. urtera arte luzatu zen. Kopuruz lan asko eskaini ez bazizkigun ere, horietako bat benetan ezinbestekoa da Euskal Herriko arkitektura garaikidearen historia ulertzeko. Hondarribiko Ikastolaz ari gara (1974-75). Eraikin horretan arrazionalismo akademikoari eta besterik gabeko funtzionalismoari muzin egin zitzaion eta postmodernitatean murgilduta zegoen eraikina proposatu zuten. Postmodernitate klasizistan jatorri italiarra zuen, eraikinean Aldo Rossiren eragina nabaria baita. Eraikin horretan Linazasorok eta Garayek erakusten digute arrazionalismo hobeagoa egitea posible zela, eraikin batean funtzioak ongi betetzeko asmotan eraikina ez zuela zertan kaxa baten barruan sartuta egon behar. Arkitektura bere baitan adierazkorra izan zitekeela erakutsi zuten baina gehiegizko apainketak ere erabili gabe, soilik forma hutsaren bitartez.

1980an Linazasorok bere ibilbideari bakarrik ekingo dio. Lan batzuetan Luis Sese arkitekto donostiarrarekin aritu da elkarlanean, adibidez Bergarako etxebizitza blokean edo Donostiako Santa Teresa komentuan. Hasieratik bere etorkizuneko garapenean bi lan mota uztartuko ditu, alde batetik zaharberritze prozesuak eta bestetik eraikin berriak. Azken horiek historiarekin harremanetan ipini zituen, baina beti ikuspegi pertsonal baten bitartez. Horrela, bere bi lehen lanak hauexek izango dira: alde batetik, Segurako Lardizabal jauregiaren zaharberritzea, herriko udaletxea eratzeko (1980), eta bestetik Bergarako Barrenkale kalean etxebizitza blokea (1981). Aro Modernoko jauregien egitura jarraitzeaz gain, Linazasorok apaingarriak txertatzen ditu baina guztia ikuspegi berritzaile batetik.

Hurrengo bi lanak ere Seguran eraikiko ditu, Osasun Zentroa (1983) eta Zerbitzu Pabiloia (1985). Biekin gauza bera gertatzen da, nahiz eta lan berriak izan, itxuraz iragan urrun batean eginak izan zirela ematen du. Baina poliki hurbiltzen bagara, eta tentuz aztertzen baditugu, arkitekto garaikide baten lanak direla antzematen dugu. Bertan sumatzen da iraganaren isla eguneratzen saiatzen ari dela.

Lan horiek amaitutakoan Linazasorok 1983an bere ibilbideko bi enkargu garrantzitsuenetakoak jasoko ditu, lehenengoa Valladoliden, Medina de Rioseco herrian Santa Cruz elizaren berreraikitze lanak burutzeko, eta bigarrena Donostian Santa Teresa komentuaren zaharberritzea bideratzeko. Azken horretan, mojen bizitoki berria elizaren sabaiaren gainean diseinatu zuen. Bi lan horietatik, lehenengoa nahiko polemikoa gertatu zen, Linazasorok elizako sabaiaren berreraikitze lanak egurrezko kanoi ganga batekin burutu zituelako, eta beste elementu askotan -kapiteletan, adibidez- kutsu klasikoa zuten apaingarriak txertatu zituelako. Bigarren proiektua bitxiagoa zen. Mojen eraikin berria sinpletasunez eta xumetasunez eginda badago ere, Kontxako badiari begira irekitzen duen behatokia liluragarria gertatzen da.

Bi lan horiek amaitzen dituenean, Linazasorok enkargu berria jasoko du. Proiektu berri hori bere ibilbidean Hondarribiko Ikastolarekin batera orain arteko eraikin erabakigarriena izan da, Madrilgo UNEDeko liburutegiaren egoitzaz (1989) ari gara. Ziurrenik horixe da bere lanik sarituena eta esanguratsuena, bere ibilbide osoa aintzat hartuta. Horrez gain, inflexio-puntua ere izan da bere garapenean, postmodernitatearen hainbat printzipio baztertu gabe fase berri batean sartuko baita. Apaindura baztertzen joango da eta bere hizkuntza arkitektonikoa soilagoa egingo da, funtsezkoagoa.

Printzipioz UNEDeko liburutegiaren planteamendua sinplea eta xumea badirudi ere, garai hartarako bere lana tipologia honetan berritzailea izan zen. Liburutegia errepide erraldoi eta zaratatsuen artean kokatzen zen heinean, Linazasorok kanpotik ixtea erabaki zuen, bolumen osoari lauki baten itxura emanez. Beiraz estalitako behatokia dago azken solairuan, bertan bulegoak eta kafetegia ezartzeko. Horretarako adreilua erabili zuen. Barnealdean, guztiz irekia patio den borobil baten inguruan, kontsulta eta irakurketa guneak daude eta liburuen apalak kanpoko ormen aurka. Barruan, kanpoan ez bezala, egurra da material nagusia.

UNEDeko liburutegia amaitu ondoren, hurrengo lanetan eraikin horretan aurkitu ditugun printzipioekin jarraituko du, arrazionalismoa eta postmodernitatea uztartzen nahiz eta eraikin berriak edo zaharberritze prozesuak izan. Azken horiei dagokienean, azken urtetan hiru lan nabarmendu behar ditugu: Melillako Erregearen Ospitalearen zaharberritzea (1990), Madrilgo Lavapies auzoko Zentro Kulturala (1996), ikastetxe zahar bat berrituz, eta Madrilgo Valdemaqueda herrian San Lorenzo elizaren (1997) zaharberritze prozesua. Eraikin berriak direla eta, azken urte hauetan nabarmendu beharreko lanak honako hauek dira: Paraguain Espainiako Enbaxada Asuncion hirian (1990), modu bikainean eta harrigarrian bere ibilbidearekiko arrazionalismoa eta organizismoa uztartuz bertako testuinguruari egokitu nahian -bereziki bertako klimari, hezea eta beroa-; Barakaldoko Urban Galindo auzoan etxebizitza bloke bat (2000), guztiz arrazionalista eta oso desberdina bi hamarkada lehenagoko Bergarako eraikinarekin konparatzen badugu -garaiak eta testuinguruak ere oso desberdinak dira-, eta bi plazen diseinua, Reimsen Frantziako katedrala ospetsuaren inguruko plazaren proiektua (2003) eta Barakaldon ere beste plaza (2002) bat. Bi kasu horietan, Linazasorok berriro ere klasizismoa eta arrazionalismoa konbinatzen ditu plaza gogorrak baina hiritarrak eraikiz.

Bukatzeko, aipa dezagun lan arkitektonikoaz gain eta irakasle lanetan ibili ostean hainbat arkitektura eskoletan, hiru liburu idatzi eta argitaratu dituela, arkitekturaren inguruko ideiak eta hausnarketak bilduz: 1980ean El proyecto clásico en arquitectura -Bartzelonako Gustavo Gili argitaletxeak argitaratua-, 1989an Escritos. 1976-89 -Madrilgo COAM erakundeak argitaratua- eta 2003an Escritos en el tiempo. Pensar en la arquitectura -Buenos Airesen dagoen Palermo Unibertsitateak argitaratua.