Pintoreak

Leceta Gabarain, Valeriano

Pintore eta hezitzaile donostiarra. 2011 azaroaren 8an hil zen Donostian, 81 urte zituela.

Kaputxinoa izaki, Iruñean apaiztu zen. Nagusiek Valentziako Arte Ederretako Goi-eskolara bidali zuten karrera bat ikasi eta Komunitatean hartan jardute aldera. Iruñera itzuli zen Altsasuko (Nafarroa) Seminarioen Arte Plastikoetako irakasle modura aritzeko.

Nagusiei Amerikara bidal zezatela eskatu zien erlijiozko artearen berrikuntzan lan egiteko, Vatikanoko II. Kontzilioaren jarraibideak betez. Quitora bidali zuten eta bertan seminario batzuk antolatu zituen Kultura Hispanikoko Ekuatoreko Institutuan eta Clara Luz laguntzailea ezagutu zuen, bere bizitzan eragin erabakigarria izango zuena. Nagusiek horren berri izanik, Guayaquileko ikastetxeko zuzendari izendatu zuten Unibertsitate Katolikoko katedradun eta Nazioarteko Zinemagintzako Bulego Katolikoko kide modura. Bere sekularizazioa zela eta, Garaigordobil Monsinoreari, Ekuadorren apaiz euskaldunen gotzainari, aholkua eskatu zion Rioseko Misioan, eta hark lagundu zion urrats erabakigarria ematen. Egoera horretan, Bogotara bidali zuten. Bertan, hainbat gorabeheren ondotik, Departamentu Tekniko Pedagogikoko buru izendatu zuten eta, horri esker, ahalorde bidez ezkondu ahal izan zen.

Bogotako telebistako 11. kanalean sartu zen: Arte en sus Pantallas eta Paralelismos estéticos telesailetako gidoilari eta aurkezle izan zen. Guayaquilen Expresión Plástica izenekoa aurkeztu eta zuzendu zuen.

Europara itzulita, Ciudad Laboral Don Bosco zentroan sartu eta Errenterian (Gipuzkoa) lan egiten hasi zen. Bertan, Adierazpen Plastikoko Saileko buru izendatu zuten eta, Mugica alkatearekin batera, Xenpelar Zentro Kultur Etxeko Arte Plastikoen Sekzioa sortu zuen. Bertan pintatu zuen Udaletxearen kapitulu-gelaren buruan ikus daitekeen Alegoría izeneko murala, pintoreak berak eraberritu zuena 1998an. Hurrengo urtean Intxaurrondo Hegoaldeko parrokiako murala pintatu zuen.

Irakasle modura aritu zen Lekarozeko ikastetxean eta Elizondon (Baztan) zinegotzi izan zen.

Pintore modura Madrilen, Zaragozan, Valentzian, Huescan eta Erroman izan dira bere lanak ikusgai. Amerikan oroitzapen ahaztezina utzi zuen Choneko Katedrala, Guayaquileko Familia Santuaren parrokia-multzoa, Kristo Berreroslearen tenplua, Hilerriko kapera, eta Sucre, Gualea eta Lujaneko elizak eginez, Ekuadorren guztiak. Gainera, Rionegroko Bataiotegia eta Bonanzako Presbiterioa egin zituen Bogotan.

  • ABANDO ZENDOIA, Gloria. "Valeriano Leceta". Diario Vasco, apirilak 9, 1984.
  • BANDRÉS, Rafa. "Hombres que dejan huella: Valeriano Leceta Gabarain falleció a los 81 años en Donostia". Revista Oarso, 130 zenb., 2012.