Sendagileak

Larrinaga Maurolagoitia, Luis

Bilbon jaio eta hildako medikua (1878ko ekainaren 19a - 1953ko otsailaren 4a).

Bilbon lanbidea izan zuten medikuen seme, iloba eta biloba. Compostelako Santiagoren Unibertsitatean medikuntza ikasketak egiten ditu. Ikasketa horiek bukatzerakoan Parisera abiatzen da (1901-1903) eta bertako Salpêtrière, Necker eta Enfants Malades Ospitaletan ikasketak egiten ditu. Bilbora itzultzean Enrique Areilzaren Kirurgia Zerbitzuan sartzen da, bere lankiderik zuzenekoena izatera iritsiz. Lan horretatik sortzen da Gorlizko Itsaso-Erietxea sortzearen ideia. Ideia hori, funtsean, igarotako mendearen azkenean hasi zen industria- eta meatze-gorakadak eraginda Gaztelako lurraldeetatik eta Espainiako beste toki batzuetatik ere mende hasieran Bilbora etorritako emigrazio ikaragarriarekin batera Bizkaian agertutako tuberkulosiaren gorakada handia gertatu izanaren ondorioa izan zen. Klima aldaketak eta higiene-baldintzak eta bizitza urriak erikortasun indize handiegia sorrarazi zuten, tuberkulosi-gaixotasunetan bakarrik ez ezik, errakitismoak eta malformazioetan ere. Egoera horrek Larrinagari agerraldi horienganako ikerketari bete betean heltzea eragin zion, gaixotasun horiek garai horretan kanpo-patologia kirurgikoa eratzen baitzuten. 1905etik 1918an zabaldu zenera arte, Europan ziren gune terapeutikorik garrantzitsuenak ikusiz ibili zen. 1796an R. Russellek Ingalaterran lehendabiziko itsaso-erietxea sortzen du Margaten, Itsaso-hidroterapia ezarriz; geroztik ("On the use of sea water", London 1760), europar itsasbazterretan zehar hainbat instalazio eraiki ziren. Rollierek 1903an, Leysinen, Itsaso-Erietxe bat sortzen du eta bere eragile sendagarririk garrantzitsuena eguzkia zen (helioterapia).

Hala ere hainbat kasutan erabat osatzeko kirurgia eta ortopedia beharrezkoak ziren eta Mantxako Kanalean, Berck-Plagen, 1870ean F. Calot eta V. Menardek bezalako patologo zirujauak zuzendutako kirurgia gune batzuk izan ziren. Itsasbazterreko Kirurgia- eta helioterapia-gune horretatik bereganatzen du Larrinagak Gorlizko Itsaso-Erietxea izango zenaren eredurik zuzenena. Txostena eta maketa Erromako Gizarte-Higienearen Nazioarteko Erakusketan (1911-1912) aurkezten ditu Elena erreginaren eskutik urrezko domina jasoz. Bizkaiko Foru Aldundiak egitasmoa bere egiten du eta 1907an lehendabiziko harria ipini ondoren ofizialki 1918an estreinatzen da. 1922an bere kontura Gorliz eta Plentziako hondartzak banatzen dituzten harkaitzen gainean haur eta helduentzako erietxe bat eraikitzen du. Bere izena Plentziako "Helios" Itsaso-erietxea izango da. 1925ean Sanatorio Marítimo de Górliz. Memoria-Estadística de casos clínicos liburua argitaratzen du. 1937an gudaren beldur (Itsaso-borrokak, Bilboko portuaren blokeoa, burdinazko gerrikoaren hurbiltasuna, etab.), Eusko Jaurlaritzak haurren kanporatzea erabakitzen du. Okupazio nazionaletik egun gutxira bere lanpostura itzultzen da beste gainerako medikuntzako langile guztiak bezala, baina bera eta zuzendariordea kargutik kendu egin zituzten. Elkarrizketarako aukerarik ez zela, erabat lausotuta, Mungiara erretiratzen da bertan bere mediku lanari ekinaz.