Arkitektoak

Laredo y Carranza, Eladio Timoteo

Castro Urdiales-en sortutako Arkitekto historiazalea, 1864an. Bere lan esanguratsuenak Bilbon eta Donostian bertan ikus ditzakegu. Tenerifeko Santa Cruz hirian zendu zen 1941ean.

Bere jaioterrian udal arkitekto bezala lan egin zuen. Herriak berak gorakada handia izan zuen XIX. mendearen bukaera aldera eta XX. mendearen hasieran garraioa eta meatzaritzaren garapena zela eta. Horrekin batera, turismoa ere nabarmen areagotu zen, batez ere Bilboko Luis Ocharan Mazas dirudun jantziari esker. Azken hori izan zen Lehen Mundu Gerra ailegatu arte, Laredo arkitektoaren bezero nagusia, Castro Urdialesen bertan (Toki Eder jauregi nabarmenduz, estilo klasikokoa, eta Ocharan Gaztelua, neogotikoa eta neo-mudejar estilokoa) lan eginez, eta baita Madril eta Bilbon ere. Esaterako, Bilbon ere Laredok Albia lorategiak eta Ibañez de Bilbao kaleen arteko eraikinak gauzatu zituen. Laredo, ohiko materialak erabiltzearen alde agertu zen. Daniel Zuloaga zeramikariarekin egin zuen lan berak burututako ia eraikin guztietan.

1904an Madrilera eraman zuten eta hantxe Eladio Laredok, Vega-Inclan Markesarekin batera 1911az geroztik aparteko lana burutu zuen Espainiako ondarea berreskuratuz. Markesa Herri Kultura eta Turismorako Errege Komisarioa zen. Besteak beste, honako hauek berreskuratu zituzten: El Greco-ren Etxe-Museoa eta Transitoko Sinagoga Toledon, Cervantesen etxea Valladoliden eta abar. Berez, euren pentsamoldea Espainiar nazionalista hutsa zen, erromantiko berantiarra, Gaztela aldekoa, eta horren ondorioz 98ko Belaunaldiko eta Hezkuntza Librerako Erakundeko hainbat kideen begikotasuna izan zuten. Garai horretan, Laredok mudejar estiloko arkitektura berriztatzailea-kontserbazionista burutu zuen, eta batez ere, plateresko berria estilokoa. Amerika osoan oso eragin handia izan zuen, baita Espainiako industria alorreko goi mailako burgesian ere, Borboitarren Berrezarpenean aristokratak bilakatu nahian alegia.

Eladio Laredorenak dira 1925eko Donostiako Ramon Maria Lili pasealekuan burututako Errenazimendu kutsuko eraikinaren planoak (Urumea Frontoia, Saboya Printzea Hotela).

Arrazionalismoaren hedapenak arkitektura ofizialean Primo de Riveraren diktadura garaian, Laredo Kanariar uharteetara alde egitera behartu zuen. Bertan inguru hartako arkitekturaren aldeko ideologo bezala aritu zen abangoardiako lagunen aurrean

  • ORDIERES DÍEZ, Isabel: Eladio Laredo. El historicismo nacionalista en la arquitectura, Castro-Urdialeseko Udala - Derivados del Fluor, E.A., Bilbo, 1992.