Arkitektoak

Lagarde Aramburu, Eduardo

Militarra, marrazkilaria eta arkitektoa, euskal jatorria zeukan. Toledon jaio zen 1884ean. Donostian hil zen 1959an.

1929ko irailean Donostian erakustaldia burutu zuen, beste egile hauekin batera: Gustavo de Maeztu pintorea, Jose Diaz Bueno eskultorea eta Mauricio Flores Kaperotxipi pintorea. La Voz de Guipúzcoa egunkarian ere idatzi izan zuen, eta bertan kaleratu zuen egunean eguneko oharrak oso harrera ona izaten zuten. Bere ilustrazioak bestelako aldizkaritan ere argitara eman zituzten, esaterako, Renteria, eta gainera hainbat kartel burutu zituen, esaterako, 1929ko Donostiako estropadena edota 1930ean Eusko Ikaskuntzak antolatutako Kongresuarena.

GU taldearen kidea izan zen eta José Manuel Aizpuruaarkitektoarekin ere lan egin zuen zenbait proiektutan, esaterako, Donostiako Ospitale Berria (1931), Turismo Zentroa (1932), Saca Gozotegia eta Ibarrako Eskolak (1930), baita Juan Cabanas Erauskin pintorearekin.

Donostiako Victoria Eugenia antzokiaren aurrean erakusketa-denda zeukan. Bere lanak Madrilen, Toledon eta, bereziki, Donostian aurki ditzakegu: Ondarretako hainbat etxe, Frantzia pasealekuan Vastameroli kondeen etxea, eta abar. 1936an, Flores Kaperotxipik honela zioen:

"Euskal Herrian ezagutu dugun marrazkilari bizkorrena Eduardo Lagarde izan da, izugarrizko abiadan hizlariak aipatzen dituen osagaiak marrazten baititu" (Itzulpen moldatua).

Bilbon preso izan zuten 1936ko gatazka zela eta. Kartzelako bizipenen inguruko marrazkiak Juan Gomez Aceboren La vida en las cárceles de Euzkadi (Zarautz, 1938) liburuan eskaini zituen, baita F. Carasa Torre-ren, Presos de los rojo-separatistas, navarros, guipuzcoanos y vizcaínos (1938) liburuan ere.

Bere marrazki batzuk Jose Maria Unsain-ren Guipúzcoa en los dibujos de Eduardo Lagarde, 1924-1932 liburuan argitara eman zituzten (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1987).