Dantza

Mutil-dantza

Gizonezkoek (adin guztietakoak) ospakizunetan dantzatzen duten euskal dantza. Dantza hauetan dantzariek txistularia inguratzen dute zirkulu bat osatuz eta gerturatu, urrundu eta biratu egin dira musikaren harira.

Aita Donostiaren arabera, gure herriko "sardana" litzateke. Musika eta koreografiari begira aldaera asko aurki ditzakegu eta Baztanetik, Bortzirietatik, Leringo Donezteberik, Luzaide, Behe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko herri batzuetaraino hedatzen da. Antzina Le Barrance, Lantz eta Ultzaman dantzatzen zen, besteak beste. Ez da zalantzarik Luzaideko Muxikoak Baztanen izen bera hartzen dutenen parekoak direla badiogu, halere, hemen puntilletan doaz eta Luzaiden kortxeatan neurtzen dira.

Bestalde, mutil-dantzak dantzatzeko era ezberdina da Baztanen eta Regatan: lehen haranean taldea bere baitan ixten da borobil bat osatuz eta Regatan borobila zabaldu egiten da eta plaza guztian paseatzen da; dantza berak Baztanen koreografia dotoreagoa du eta Regatan izaera mugitua eta gaztea hartu du koreografiak. Bi haranetan, Bortzirietan bezala, urteen joanarekin erritmoa bizitu eginda. Gaur egun mutil-dantza duela mende erdi baino arinago dantzatzen da, ondorioz bere dotoretasun eta handitasun izaera galduz doa pixkanaka. Bestalde, aipagarria da fenomeno hau oso ezaguna dela Musikaren Historian. Interprete on orok, adibide batera "allemande" bat jo aurretik pieza Bachen aurrekoa edo ondorengoa den ziurtatuko du tempus bat edo beste emateko, izan ere, gauza jakina da "antzinako suite" delakoa osatzen zuten dantza askok aldaketa bortitza jasan zutela 100 edo 50 urtero. Are gehiago, mutil-dantzen kasuan nabarmena da "tempi" hauen aldaketa, dantza interpretatzen den egoeraren baitan.

Ez du erritmo bera izaten bazkalaurretik plazan egiten bada (meza nagusiaren ondotik) udalaren eta erretorean aurrean edo herriko txokoetan gaua ondo sartuta gazteek egina bada. Hau oso argi ageri da Iturengo mutil-dantzan esate baterako. Duela hogeita hamar bat urte oso argi bereizten ziren berezko Mutil Dantza eta soka-dantza barnean egiten zen Mutil Dantza (47 konpasak eta ss.). Lehenak testuinguru zehatza izaten zuen eta agintarien aurrean egiten zen dantza "ofizial" lez hartzen zen, gainera zenbaitetan agintariek eurek parte hartzen zuten Bigarrena gaualdeko gazte giroarekin lotzen zen. Bigarren mutil-dantza hau musikaren indarrak berak ikaragarri arintzen zuen, ausart eta "erdi basati" bilakatuz. Azkuek, Aita Donostiak, Lizarrako Aita Olazaran eta beste modernoago batzuk jaso zuten.

Zenbait mutil-dantzak, Aunitz urte (urte askoan), Billantziko, nire ustez Belauntzikoren aldaera (belauniko), Zazpi-jauzi, Zazpi-jautzi zaharra, Ardoarena izenak hartzen dituzte besteak beste. Beste zenbaitek animalia edo txori izenak dituzte, Xerri-begi, Xerri-begi zaharra, Biligarroarena, Ainara (Ainara), Añarxume, Xoriarena, Zozuarena, Mando zaharrarena edo Ahuntsa dantza (ahuntzaren dantza), eta ez litzateke harrigarri koreografia berauek imitatuz sortu izana.