Zuzendariak

Muro Arriet, Gregorio

Harriet.

Gidoigile eta zinema-zuzendari hernaniarra, 1954ean jaioa.

Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1954ko maiatzaren 13an. Haurtzarotik izan du zinemarekiko eta fikzioarekiko afizioa. Izan ere, bere aitak Hernaniko zinema areto zahar batean filmak proiektatzen zituen, eta beti egoten zen aitaren aldamenean. Ikasketekin batera lehenengo, eta lanarekin batera ondoren, komikigintzan hasi zen eta 80. hamarraldian argitaratu zituen bere lehen albumak Euskal Herriko hainbat argitaletxe eta aldizkaritan, hala nola Erein, Ttarttalo, Elkar eta Habe (Habekomik, Ipurbeltz, Zipristin, Puxka Muxka...).

Haatik, marraztea baino nahiago izan zuen gidoiak idaztea, eta ilustrazioez arduratuko ziren marrazkilari kolaboratzaile batzuekin elkartu zen, Paco Fructuoso, Daniel Redondo, Jose Manuel Mata eta Luis Astrainekin, adibidez. Bateratze artistiko horren fruitu arrakasta handia lortuko zuten lanak izan ziren, besteak beste, Justin Hiriart, La marca de la bruja eta Simon Besaluze. Liburu horiek nazioarteko merkatuaren ateak ireki zizkioten. Handik gutxira bere komikiak frantsesera, danierara, italierara, alemanera, ingelesera, eta abarrera itzuli zituzten. Europako argitaletxe garrantzitsuenek bere lanengatik interesa adierazi zuten. Sariak berehala iritsi ziren: 1984an, Luccako Festibaleko (Italia) Prix Targa Unicef saria; 1985ean, Gidoi onenari saria Gaztela Leongo festibalean, 1988an, Angoulemeko (Frantzia) festibaleko Alfred Sarira izendatua izan zen; 1989an, Kanariko Egunkariak antolatutako lehiaketan Gidoilari onenaren saria irabazi zuen; 1990ean, Frantziako liburu-salatzaileen gremioaren Urrezko Erramua; 1992an, Hyeresko (Frantzia) Festibaleko Betty Boop saria, eta abar.

Pixkanaka, komikien mundua txikia geratzen hasi, eta animazioaren mundura salto egitea erabaki zuen. Argumentuak eta gidoiak idazten hasi zen. Lehen animaziozko filmak Baleazaleak, Ipar haizearen erronka, Ipar haizearen itzulera eta Goomer izan ziren. Telesailei dagokienez, ondorengo hauetan parte hartu zuen: Kask Kapitaina, Amona Kulixkaren ipuinak, Loiolako Ignatius, Elliot Mouseko Ukiezinak, Al Catone ukiezinen aurka, Hautsitako platerak, Sukalde dibertigarria, Fantaghiro, Ardo eta Ogi Martxelin eta Gizon ikusezina. Besteak beste, New Yorkeko TB festibalak (1993), Goya Sariak (1995,2000), Indiako Cartagenako nazioarteko festibalak (2002), eta Txileko Santiagoko festibalak (2002) saritu dituzte lan horiek.

Animazioaren mundua baztertu gabe, zinemaren munduan murgiltzen hasi zen. 1999an Karra Elejalderen eta Fernando Guillen Cuervoren Año Mariano filmaren gidoiaren analisia egin zuen. Bi urte beranduago pausu bat gehiago emanez, Carlos Zabalarekin batera Etxaldeko Erregea (2001) filma berritzailea zuzendu zuen. Pelikula horretan ere argumentuaren eta gidoiaren arduraduna izan zen.

Zazpigarren munduan murgildu ostean, bere istorioak formatu ezberdinak erabiliz kontatu nahi izan zituen. 2002. urtetik telebista produkzio-etxe batean egiten duen sortze-lana, fikziozko laburmetraien ekoizpen, zuzendaritza eta gidoilaritzarekin uztartze du. 2008an bere lehen laburmetraia kaleratzen du, Tras los visillos (Errezelen atzean), Euskadiko Filmategiak Kimuak katalogorako aukeratu zuena. Filmak, 22 sari jaso zituen aurkeztua izan zen festibal ugarietan, bai Euskadi eta Espaina mailan, bai eta Austria, Kolonbia edota Italian ere, besteak beste.

Ondoren, Perros de presa (Zakur harrapariak) (2010) eta Por los camareros (Zerbitzariengatik) (2011) lanak egin zituen. 2011ean ere Zeinek gehiago iraun aurkeztu zuen, bere opera prima animazio-laburmetraien munduan. 10 minutuko drama hunkigarri honek, Kimuak katalogoan sartu zena, 2012an Goya Sarietako Animaziozko Laburmetraiarik Onenaren sarira izendatua izan zen; filmak, euskaraz egina, munduan zehar 150 festibal baino gehiagotan hartu du parte, eta hamarkada sari jaso ere, kritikoen eta publikoaren onespenaz gain. Gainera, lehenengo aldiz, PBS Estatu Batuetako telebista-kate publikoak, euskaraz egindako filmea eman du, ingelesezko azpitituluak ezarri baditu ere.


Harriet

Lortutako sarien artean ondorengo hauek daude

  • Austin Film Festival (USA), Epaimahairen Aipamen Berezia
  • Festival Audiovisual de Eibar "Asier Errasti" (Gipuzkoa), Animazio-laburmetrai Hoberena
  • ZINEBI. Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldia, Euskal Zinemaren Sari Nagusia
  • Certamen de Cortometrajes Ciudad de Soria, Gidoirik onena (Gregorio Muro)
  • Festival Sannio, Cinema &Rock'N'Roll. San Giorgio del Sannio (Italia), Nazioarteko Laburmetrairik hoberena
  • Gau Laburra. Beasain (Gipuzkoa) Laburmetrai Hoberena - Publikoaren Saria
  • Curt al Pap. Parcent (Alicante) Epaimahairen Aipamen Berezia
  • Certamen Nacional de Cortometrajes Posivideo. Almería, Epaimahairen Aipamen Berezia
  • ZoomZblizenia International Film Festival. Jelenia Góra (Poland), Epaimahairen Sari Berezia
  • ISFFI. International Short Film Festival of India. Chennai (India), Atzerriko Animazio-laburmetrai Hoberena
  • Mediterranean Festival of New Film-Makers. Larissa (Greece,), Epaimahairen Aipamen Berezia
  • Huhezinema. Film Laburren eta Dokumentalen Jaialdia (Aretxabaleta, Gipuzkoa), Publikoaren Saria
  • Cine a la Calle. Barranquilla (Colombia), Atzerriko Laburmetria Hoberena
  • Festival Nacional de Cortometrajes Ciudad de Ávila, Animazio-laburmetrai Hoberena
  • La Notte dei Corti Viventi. Campobasso (Italia), Epaimahairen Sari Berezia
  • Festival de Curtmetratges de Manlleu (Barcelona), Animazio-laburmetrai Hoberena
  • WILDSound Film Festival. Toronto (Canada), Laburmetrai Hoberena (maiatzeko lehiaketa)
  • Provincetown International Film Festival (USA), Animazio-laburmetrai Hoberena
  • Les Toiles du Court. Belgodere (Corse, France), Publiko Gaztearen Saria
  • Festival Lume de Cinema. São Luís (Brasil), Epaimahairen Aipamen Berezia
  • Festival der Nationen. Ebensee (Austria) Ebenseer Bären in Gold
  • El Festival Iberoamericano de Cinema de Sergipe-CURTA + SE. (Brasil), Animazio-laburmetrai Hoberena
  • Festival SEDICICORTO IFFF de Forlí (Italia), Gilberto Giorgetti Saria
  • Festival SEDICICORTO IFFF de Forlí (Italia), "La foglia" saria
  • Festival de Cinespaña de Toulouse (Francia), Laburmetrai Hoberena
  • I've Seen Films de Milan (Italia), Epaimahairen Aipamen Berezia
  • Festival Internacional de Cortometrajes Vagón 2012, Ciudad Juárez, Chihuahua, México, Animazio-laburmetrai Hoberena
  • Goya Sarietan, Animazio-laburmetrai hoberena, izendapena