Marinelak

Lezo y Olabarrieta, Blas

Itsasgizona. Pasaian jaio zen 1687ko otsailaren 3an, eta Cartagena de Indiasen hil 1741eko irailaren 7an.

Carlos II.aren erregealdiaren amaiera aldera jaio zen Blas Lezo, Pedro Lezo, Chipres dorretxeko jauna, eta Agustina Olabarrieta guraso zituela.

Familia diruduna zenez, haien komunitateko esfera politikoaren gailurrean zeuden; hain zuzen ere, Blas Lezoren aitak kargu garrantzitsuak izan zituen San Pedroko (Donostia hiriaren jurisdikziokoa zen garai hartan) udal-administrazioan.

Horri esker, Blas Lezok goi-mailako ikasketak egin ahal izan zituen, eta Ondorengotza Gerran zehar frantziar eta espainiar ontzidi konbinatuan sartu zen marina-zain gisa. Lan horretan, gailentzeko aukera izan zuen Velez-Malagako guduan, 1704ko abuztuaren 24an; Tolosako kondearen gidaritzapean, frantziar-espainiar ontzidiak aurre egin zion Rooke britainiarraren agindupean itsasartea blokeatzen saiatzen ari zen ontziteriari. Bi ontziterien arteko artilleria-dueluan zehar, Blas Lezo zauritu egin zuten, eta ezkerreko hanka moztu egin behar izan zioten. Halere, itsasontziaren bizkarrean jarraitu nahi izan zuen bertatik erretiratu gabe, eta, horregatik, borroka horretan erakutsitako jokabide ausartagatik, albo altuko ontziko alferez izendatu zuen haren komandanteak, zaldun-titulua gehituta.

Zauriak sendatu eta moztutako hankaren ordez zurezko hanka bat jarri ziotenean, zerbitzu aktiboan jarraitzeko gai zela erabaki zuten, eta ontzidi konbinatura itzuli zen. Zenbait eginkizun gauzatu zituen bertan -Peníscolari laguntzea, Palermo hornitzea...- 1705 eta 1706 artean. Gerora, itsaslapurreta-baimena eman zioten ontzidi ingeles-holandarra jazartzeko.

Hor ere izan zuen aukera nabarmentzeko, haren taktika-trebetasuna zela eta.

Izan ere, ingelesek penintsula italiarraren gainean zuten blokeoa gainditzea lortu zuen, eta, Ventimigliako kostatik gertu, Genoako inguruetan, 60 kanoiko Resolution ontzia garaitu zuen, berak zuzendutako kortsarioak baino su-potentzia askoz ere handiagoa bazeukan ere. Atlantikora itzulitakoan, bi ontzi britainiar hartu zituen, eta Baionako eta haren jaioterri Pasaiako portuetan sartu.

Blas Lezok kanpaina horretan izandako arrakastaren ondorioz, agintari aliatuek hura sustatu eta garrantzi estrategiko handiko misioetara bidali zuten. Hori horrela, Bartzelona hiria, orduan Habsburgo leinuari leial mantentzen zena, setiatuta zuten armadak indartzeko armak eta tresnak zeramatzaten konboiak babestu zituen 1706an.

1710ean, Stanhope menderatu zuen. Gertakari horren gaineko bertsio nagusiari jarraiki, itsas unitate britainiar horrek su-potentzia askoz ere handiagoa zeukan Blas Lezoren agindupeko fragatak baino. Halere, Blas Lezok hura abordatu zuen kanoikada sutsu batzuen ostean, eta, ustez Lezok berak esandako hitzei jarraiki, guztiz ikararazi zuen bertako tripulazioa, eta ontzia atxilo eraman.

1713an, Bartzelonaren bigarren setioan, eskuineko besoa zauritu zioten, eta ezin izan zuen beso hori berriz erabili bizitza osoan. Gerra amaitu baino lehen ezkerreko begia ere galdu zuen.

1716an, Ondorengotza Gerraren ostean, Lanfranco ontziaren buru, Fernando Chacon almirantearen ontzidian sartu zen. Ontzi horretan zegoela, Bahametatik Espainiara zilar-kargamentu bat garraiatzeko ardura eman zioten.

Urte horretako abenduaren 16an, Lanfranco ontziaren bigarren komandante gisa, Amerikara itzuli zen Hornos Lurmuturra gurutzatu behar zuen ontzidi batean; Txilera eta Perura itsasoz iristea zen helburua. Lanfrancok Buenos Airesera itzuli behar izan zuen gutxienez bi aldiz, ez baitzen gai Hornos Lurmuturreko baldintza klimatiko gogorrak jasateko. 1718ko urtarrilean, Aliantza Laukoitzaren Gerra deritzona hasi berritan -Felipe V.aren Espainiak bakarrik borrokatu zuen Holandaren, Ingalaterraren eta Frantziaren kontra-, Lanfrancok San Franciso eta Danicant ontziei eraso zien estuarioan." Guztiz hondatuta geratu zen Lanfranco utzi ostean, atxilo hartutako bi ontzi horietan Ozeano Barera heldu ziren azkenean Lezo eta haren komandante-burua.

Misio horren xede nagusia zen Panama eta Txile arteko kostaldetik kanporatzea inguru hori hartuta zuten kontrabandista eta pirata holandar eta britainiar guztiak. Blas Lezo hamalau urtez egon zen kosta zaintzeko misio horiek betetzen, eta adore handiz bete ere; zortzi ordu arteko borrokak izan zituen zenbaitetan legez kanpoko bi jarduera horietako bat gauzatzeaz susmagarri ziren ontziekin. Jarrera horri esker, Hegoaldeko Itsasoko ontziteriako almirante izendatu zuten 1726an.

Harengan jarritako konfiantzari erantzun zion soberan, Espainiaren kontrol zorrotza ezarri baitzuen Ozeano Bareko merkataritzan; XVI. mendetik Carlos II.aren erregealdiaren amaierara arte mantendu zen kontrol hori ia etenik gabe.

Ozeano Bareko ontziterian egondako denbora luze horretan zehar, Josefa Pachecorekin ezkondu zen Blas Lezo. Limako artzapezpiku Diego Morcillok ezkondu zituen. Denbora laburrean, bikotearen lehenengo semea jaio zen lur amerikarrean.

Blas Lezok agintaritza utzi zuen berak hala eskatuta 1728an. 1730ean Cadizera iritsi zen haren ontzidiarekin. Felipe V.aren osasunarekin lotutako arrazoiak zirela eta, Sevillara eramana zuten haren gortea, eta, bertan, eskuadra-buru edo almirante gisa berretsi zuten 1726ko otsailaren 23ko antzinatasunarekin, data horretan hasi baitzen Ozeano Barean eginkizun horiek betetzen.

Urte bateko baimenaren ostean, Mediterraneoko Eskuadraren buru izendatu zuten 1731ko azaroaren 3an.

Ontzidi horren buru zela, mediterraneoko uretan koroa espainiarraren botere-politika bortitza de facto aplikatzeko agindua jaso zuen.

Hori horrela, 1731n, Carlos infanteari eskolta eman zion Parma eta Plasencia dukerrietarako bidean; Madrilgo gorteak emakida hori ezarri zien Frantzia Austriari eta Bretainia Handiari.

Bidaia berean, bandera espainiarra aldarrikatzera behartu zuen Genoako errepublika, bai eta errepublika horretako San Jorge bankuan sartutako koroaren bi milioi pesoak itzultzera ere.

Funts horietatik milioi bat eta erdi Oran iparrafrikako hiria laguntzeko erabili ziren. Operazio horren bigarren fasean, 1732ko azaroan, Lezo almirantea berriz gailendu zen borroka-maniobra arriskutsu horietako batekin. Oraingo honetan, Oranen gaineko bigarren setioa desegin ostean, Lezok ontzi kapitain aljeriarrari jarraitu eta menderatu egin zuen, Mostaganemen baterien babespean jarri bazen ere. Ontzi horrek tropa turkiarrak zekartzan setioa gauzatzen ari ziren armadak sendotzeko.

Cadizko Protokolo Artxiboak garbi erakusten du Lezok benetan pentsatu zuela bigarren espedizio hartan hil egin zitekeela, 1732ko azaroaren 17an testamentua egin baitzuen, Oranera itzultzeko agindua jaso eta lau egun beranduago. Aita eta emaztea izendatu zituen testamentu-betearazle -une horretan Cadizen bizi ziren-, eta Blas semea eta Josepha eta Agustina alabak oinordeko.

Orango jokaera ausartari esker, graduz igo zuten berriz Lezo. 1734an armadako teniente jeneral gradua jaso zuen, Cadiz departamenduko komandante jeneral karguarekin. Postu horretan egon zen hiru urtez, eta, hiru urte beranduago, Cartagena de Indiasera bidali zuten balizko eraso britainiarrari aurre egiteko defentsa zuzentzeko. Toki estrategiko horretako komandante jeneral gisa -Amerika espainiarrera sartzeko atetzat jotzen baitzuten gainerako potentzia europarrek-, jo eta ke jardun zuen etengabe eraso britainiarrak zapuzten.

Hori horrela, 1708ko obrez geroztik menderaezina zen hiri hori ia garaiezina zen Edward Vernon almirantearen ontziteriak 1741eko martxoaren erdialdera setiatu zuenean -behin Jenkinsen Belarriaren Gerra delakoa aitortutakoan-, 1740ko martxoaren 13ko eta maiatzaren 3ko bi saiakerek porrot egin ostean.

Hirugarren eta azken saiakera hori, 1741eko martxoaren 13tik maiatzaren 20an guztiz erretiratu artekoa, izan zen Lezo almirantearen azken gudua.

Blas Lezok eztabaida ugari izan zituen Eslava erregeordearekin defentsa antolatzeko moduaren inguruan, bereziki almiranteak itsas unitateak hedatzeko modu bikaina eta eraginkorra pentsatu zuelako britainiarrak ez zitezen Cartagenara sartu. Hala eta guztiz ere, Blas Lezok, hilabete luze batez setiatuta egon ostean, garaipen entzutetsua lortu zuen Vernonen ontziteriaren gainean.

Oro har, Lezoren -edo operazio horiek zuzendu zituzten gainerako goi-mailako ofizialen- trebetasun militarrari baino, setiatutako tropen erresistentzia eta ausardia apartari egozten zaio garaipen hura. Alabaina, bistakoa denez, XVIII. mendeko logika militarrari jarraiki, baliabide militarrak -gotorlekuak, gerra-ontziak, artilleria, lerro-tropak...- oso modu argian erabili zituztelako garaitu ahal izan zituzten Lezok eta Eslavak, neurri handi batean, ontziteria britainiarra eta hark zeramatzan eraso-tropak. Izan ere, baliabide militar horiek guztiak nahikoa ziren ederki gotortutako toki-sail hura arrakastaz defendatzeko; Blas de Lezo toki horiek prestatzen aritu zen 1737an Cartagena de Indiasera heldu zenetik.

Vernonen ontziteria oso handia zen, ehun ontzitik gorakoa, bai eta bertan zeramatzan tropak ere -gutxi gorabehera 26.000 soldadu infanteria britainiarraren, milizia iparramerikarren eta laguntzaileen artean-, beraz, pentsatzekoa da almirante britainiarrak bazekiela Cartagena de Indias hartzea oso zaila izango zela. Halere, Vernonen harrokeria eta optimismo handiegia ezagunak ziren, eta zenbait gertakari barregarri eragin zituzten. Adibidez, Blas Lezoren gaineko garaipena ospatzeko txanponak egin zituen gudua gertatu baino lehen.

Operazio hartan pasabide bakar eta estu batetik -Bocachica, Lezok ordurako zenbait ontzirekin eta kate batekin blokeatuta zeukana- pasa behar zuen Cartagenara eta harresitutako gotorlekuen labirinto batera iristeko. Banaka-banaka hartu behar ziren gotorleku horiek, eta normalean mota horretako defentsak gauzatzeko behar ziren gizonak baino askoz ere gehiago zeuden horietan, gutxi gorabehera 6.000 gizon guztira. Hau da, Vernonek 1741ean Cartagena de Indiasen kontra igorritako erasoari eusteko behar ziren gizonak baino hamar aldiz gehiago zeuden bertan. Azken batean, agerian uzten du Lezo almirantea egoera horri aurre egiteko prestatzen aritua zela kontu handiz 1737. urteaz geroztik.

Britainiarrak erretiratu eta denbora gutxira hil zen Blas Lezo. Eslavarekin izandako gatazkak eta Felipe V.a erregearen buru-gaixotasun nabarmena zela eta, Lezok garaipen horretan izandako papera ahaztuta gelditu zen. Alabaina, haren familiak onarpena berreskuratu zuen gerora, Fernando VI.aren eta, bereziki, Carlos III.aren erregealdietan; 1760an Oviecoko markes maila eskuratu zuen almirantearen semeak errege horren eskutik, Carganea de Indias defendatzen egindako lanaren ordainetan. Gortean zuen postuarekin batera, maila hori mantentzen zuen 1777. urtean, Gipuzkoako korrejidorearen aurrean auzi bat izapidetu behar izan zuenean, Lezotarren leinuko jatorrizko etxea -Chipres- bahitu egin nahi zietelako Pedro Lezok 1695ean hartutako konpromiso bategatik, Pasai San Pedro Donostiako jurisdikzioarengandik askatzeko konpromisoa hartu baitzuen hark. Finantza-egoera ederrean zegoenez, Blas Lezoren semeak erraz konpondu ahal izan zuen auzi hori Gipuzkoan zituen administrarien bidez.