Literatoak

Lhande Heguy, Pierre

1877ko uztailaren 9an Baionan jaiotako idazle lapurtarra. Atharratzen (Zuberoa) hil zen 1957ko apirilaren 17an.

Aitaren aldeko benetako abizena Basagaitz bazuen ere, dokumentazioan Atharratzeko txistulari zuberotarra zuen aitonaren Allande (Lhande aldatuta) izena azaltzen zitzaion. Ama Montevideokoa zuen. Aitarik gabe geratu zen 8 urte zituela eta ama Zalgizeko (Zuberoa) "Apatia" oinetxera joan zen. Bigarren hezkuntzako ikasketak Maulen egin zituen eta, ondoren, Baionako seminarioan sartu zen. Literaturan emandako lehen urratsak mende amaierako urteetakoak dira eta Études edo Le Patriote des Pyrénées egunkarietan argitaratu ziren ("Petit Pierre" edo "Nadi-Preherel" goitizenekin). Harreman estua zuen Charles Bordes-ekin. Soldadutza Baionako 49. infanteriako erregimentuan egin zuen. Han frantsesik ez zekiten errekruta euskaldunei klaseak emateaz arduratu zen. Fisikoki ezgai aitortu zutenez, kuarteletik seminariora itzuli zen. Zaletasun poetikoa eta teologiarekiko aplikazio urria zela eta, Baionako Seminario handitik bota egin zuten. 1900. urtean, Rodezeko jesuiten nobiziatuan sartu zen. Idazteari uko egin zion nagusiek baimendu arte. Jesusen Konpainiarekin Belgikara erbesteratu zen (1901). Holandarantz joan zen (1903). Hainbat aldizkaritan esku hartu zuen eta Baionako Eskualduna seminariorako lehen kolaborazioa igorri zuen. Frantseseko irakasle gisa finkatu zen Cadiz inguruko Santa Maria del Puerto ikastetxean (1905). Belgikara itzuli zen, Enghiengo seminario handira destinatuta (1907).

1908. urtean, Autour d'un foyer basque liburua argitaratu zen eta horri L'Emigration basque lanak jarraitu zion bi urte beranduago. 1910eko abuztuaren 28an ordenatu zen apaiz. 1911n Hondarribira bidali zuten eta han Mirentchu idatzi zuen. Eleberriak idaztea baimendutako lehen jesuita "frantsesa" da. 1915ean Hernanin klaseak ematen zituen eta nolabaiteko euskal akademia sortu zuen ikasleen artean. Aipatu beharrekoa da garai hartarako, joan-etorrien ondorioz, euskararen dialekto desberdinetako hitz ugari bereganatuta zituela eta frantsesa-euskara hiztegi bikaina egiteko balio izan ziola.

1917an soldadutzara deitu zuten eta erizain gisa aritu zen Italiako frontean. Euskaltzaindiaren sorrera ekarriko zuen Oñatiko Batzarreko lanetan hartu zuen parte. Euskaltzaindia sortu zenean (1919ko irailaren 21ean), Zuberoako euskalkia ordezkatzeko aukeratu zuten aho batez. Hurrengo urtean, Akademiako Euskera organo ofizialaren idazketako zuzendaritzaren ardura eman zioten. Oso harreman estua izan zuen Eusko Ikaskuntza erakundeko kideekin.1923. urte amaieran, buruek Tolosara (Frantzia) erbesteratu zuten, gazte euskaldunei Marokora joatea eragozteko ahaleginak egiteaz salatuta. Tolosako (Frantzia) Letren Fakultatean literatura eta euskal hizkuntzako katedra eman zioten. Era berean, predikazioaren alorrean lanean jarraitu zuen. Proselitismo erlijiosozko lanek Paris kanpoaldean "chantiers du Cardenal" delako eliza berriak finkatzea ekarri zuten aldi berean. Jarduera apostolikoa irratira zabaldu zuen, Paris irratian eta Luxenburgo irratian sermoia eginez. Hego Amerikako hainbat herrialde (1930), Madagaskar (1931) eta Ekialde Urruna (1933) bisitatu zituen. Euskal erbesteratuekiko etsaitasun nabarmena erakutsi zuen, Frantziako eskuin alderdiko beste pertsonaia batzuek bezala, baina jarreraz aldatzen joan zen informatzen zioan heinean, errefuxiatuei lagunduz, Elai-Alai haur taldea bisitatuz eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriz. Bizitzako azken urteak Atharratzeko (Zuberoa) San Antonio ospitalean igaro zituen.

Literatur lan asko egin zituen, batik bat, Euskal Herriari buruz. Hauek dira Lhanderen lanetako batzuk:

  1. Autour d'un foyer basque. Récits et idées, Paris, 1908
  2. L'émigration basque. Histoire, économie, psychologie, Paris, 1910
  3. Louis. Roman, Paris, 1912
  4. Mirentchu. Roman, Paris, 1914
  5. Au prix du sang (1915)
  6. Les mouettes, Paris, 1920
  7. Mon petit Prête. Récit d'une Mère, Paris, 1918
  8. Trois prêtres soldats. Lieutenant Abbé Charo; Lieutenant de Dara, S.J.: Joseph Cascua, S.J., Paris, 1918
  9. Notre soeur latine l'Espagne. Études politiques et morales, Paris, 1919
  10. L'Enseigne de vaisseau Lefevre (1919)
  11. Yolanda. Roman de moeurs basques, París, 1921
  12. Memoires d'un écureuil, 1922
  13. Les lauriens coupés, Paris, 1924
  14. Le Pays Basque á vol d'oiseau, Paris, 1925
  15. Bilbilis, Paris, 1926
  16. Le Christ dans le banlieu, Paris, 1927
  17. Dictionaire basque français et français-basque, Paris, 1926-1938 (lankidetzan eta amaitu gabe)
  18. Le Dieu qui bouge, Paris, 1930
  19. Mon petit prête, Paris, 1930
  20. La France rayonnante. Argentine. Chili. Uruguay, Paris, 1931
  21. Le Moulin d'Hernani. Récits de Navarre et du Pays Basque, Paris, 1936
  22. Etchaun, le poete basque, Paris, 1943 (lankidetzan).

Hainbat aldizkari espezializatutan hartu zuen parte, horien artean hauetan: Revista Internacional de Estudios Vascos, Gure Herria, Bulletin du Musée Basque, Études eta abar. Lhanderen zenbait obra beste hizkuntzetara itzuli ziren eta horietako asko behin eta berriz berrargitaratu ziren. 1950ean Benat Mardo bertsolariaren zubererako bi abesti ezagutu zituen (ikus Lafitte, Pierre: "Deux chansons de Benat Mardo découvertes par le R. P. Lhande", Gure Herria aldizkaria, 1950, XXII, 293-299. or.). 1928. urtean, Barakaldoko Azcona anaiek zinera eraman zuten Mirentchu eleberria, El Mayorazgo de Basterretxe filmaren bidez eta 1955ean, Roland Quignon zinemagile frantsesak Manos atadas eleberria izen bereko filmaren irudietara eraman zuen.

Lhande, idazluma arineko idazlea, erlijio-literatura antiliberalaren adierazgarri esanguratsua da, jesuita zen P. Coloma-ren antzera. Herrialdeaz zuen ikuspegiak, idealizatutako landa-ingurunean ainguratuta, deskribatzen zituen giza moten egiazkotasuna itotzen zuen doktrinalismo pisutsua zuen. Lhanderen hiztegiak biltzaile arretatsuaz hitz egiten du, iparraldeko dialektoez aritzen dena asko, latinez eta gaztelaniaz.