Kontzeptua

Legenda

Eraginkor izandako kultura guztiek mitologian utzi ohi dute bere eraginaren ikusgarria. Koloretako orbain horien irismenak eta intentsitateak, akulturazioaren irismen eta intentsitatearen neurria erakusten digute. Hein honetan, Europan nahiko zabaldurik eta nahiko ugari aurkitzen ditugu jentilak eta herri indoeuroparren ordezkari mitologikoen arteko liskarrak. Euskal Herrian ere, Sanmartintxiki edo Patxi Errementaria bezalakoak ditugu , kristautasunetik ez datorren eragin indoeuropar arin baten lekuko. Liskar hauetan, batetik jentilak ditugu eta bestetik kultura indoeuroparren ordezkariak (jainkoak, heroiak, errege eta printzeak, errementariak, e.a.). Esan beharrik ez dago ordezkari indoeuroparrak irteten direla beti garaile, gehienetan maltzurkeria erabiliz. Jentilen indarrari maltzurkeriaz erantzutea izaten da ohikoena. Baina badira halaber beste erantzun batzuk: armak, teknologia, aztigoa, edo jentilena baino indar bortitzagoa erabiltzea. Pasadizo hauek bi kulturen arteko talkaren orbain zaharrak dira eta bertan bakoitzaren ereduaren indarra neurtzen da. Historikoki garaile izan denaren eredua noski galtzailearena baino eraginkorragoa agitzen da. Jentilak indartsuak dira eta nekazaritzaren jakituriaren jabe, baina Sanmartintxiki maltzurra da eta sekretu guztiak ebasten dizkie. Jentilak indartsuak dira baina errementaria maltzurkeriaz eta burdinazko mertxikaz bera indartsuagoa dela sinestarazten die eta garaile irteten da beti. Tartalo indartsua da baina bahitu duen gazteak itsutu egiten du lehenengo eta haren heriotza eragin azkenik. Europa osoan zehar behin eta berriz errepikatzen da eskema bera, eta bertan alderdi bakoitzaren armategi ideologikoa ezagutarazten digun balio erakustaldia aurkitzen dugu, galtzaileena noski, gaiztorapen ukituz azaltzen bazaigu ere: Jentilak, indartsuak ez ezik, zabarrak, zikinak, basatiak eta ergelak agertu ohi dira haien garaile indoeuroparren ikuspuntutik ikusita.