Kontzeptua

Legenda

Neolitikoko Mari, Maririk jatorrena, nortasunik gabeko Mari da. Neolitikoko gizakiak itxura bat jartzen dio naturaren indarrei eta ondoren hura kontrolatzen saiatzen da. Itxura bat. Aurpegi bat, soin bat, janzkera bat. Baina besterik ez. Ez borondaterik, ez gogorik, ez helbururik. Zer baino ez den nor bat. Noski, gure Mari guztiak ez dira honelakoak, Neolitikoa oso atzera geratu baitzen. Gure Mari, esate baterako, ezagaz egindako sagardoa opatzen ikusten dugu, jainkozkoen ezaugarrietara lerratuta: agintea hartu, gizakiei hainbat arau ezarri, eta betetzen ez duenari zigorra eman. Baina Maririk jatorrena ere hor dugu, leize-zulo batetik bestera arrazoi edo motiborik gabe iragotzen, eta bertan harrapatuta geratzen, apaizak edo auzokoek egindako konjuruek sarrera adurrezko indarrez itxita uzten diotenean. Eguraldiaren gorabeherak Mariren bitartez adierazten dira. Mari halako zuloan zegoelako bota du trumoia edo Mari beste hartan dagoenean izaten da uztaldi oparoa. Kontua ez da Mari nola eguraldia hala, baizik eta Mari non, eguraldia hala. Mariren egoitza batzuetara egin ohi ziren erromerien eta hari eskainitako oparien helburua ez da hura pozik edukitzea, hura gizakiei komeni zaien leize-zuloan geratzea baizik. Leize-zuloa ixteko egindako konjuruak dira honen adierazle garbia. Mariren "kultua", gizakiek eguraldia kontrolatzeko ahaleginen adierazpena baino ez da. Neolitikoko gizaki harroaren azken ahalegina landaredia eta animalien jabe egin ondoren: eguraldia sinbolikoki kontrolatzea.

Mari eta Sugaar (Lur-Ama eta Sugea) bikotea Neolitikoari eta nekazaritzari lotzen zaizkio, eta beraz, nekazaritza bera bezala, Anatolia inguru horretan sortutakotzat jo ditzakegu. Anatolian sortu eta mundu osoan zehar hedatutakoak, oraindik osoki ondo ikertu gabeko ibilbideaz. Ez dira beraz Pirinio inguruko euskaldunen "jainkozko" jatorrak, euskaldun horien lehen akulturazioaren aztarnak baizik. Euskaldun neolitikoak sineskide dira mundu neolitikoko gainerako herriekin naturarekiko harremanen interpretazioari eta gizakiaren nagusitasun eta harrotasunari dagokienez.