Literatoak

Letamendia Perez de San Roman, Juan Antonio

Donostian jaio zen 1940ko urriaren 18an.

Ikasketak Donostiako seminarioan egin zituen eta hantxe ekin zion euskara ikasteari ere, inguruko lagunek lagunduta batik bat. Ondoko urteak (1964-69) Angiozarren eman zituen eta orduan lehen sariak irabazi zituen hainbat ipuin labur idatzita, hala nola, "Edurne Zuri eta zazpi ipotxak" Arrasaten (1966); "Joxe proletario", Gerediaga Elkarteak Durangon antolatutako Kirikiño Sarian (1967), eta "Psicosi" ipuinarekin Errenteriako Ereintzak antolatutakoan (1967). Garai berean Bergarako hainbat ekimen kulturaletan ere hartuko du parte eta Zeruko Argian idazten ere hasiko da inoiz "Intxorta" izenordea baliatuz.

1973an Filologia Erromanikoa burutuko du Deustuko Unibertsitatean. Donostiako EUTGn eta Santo Tomas Lizeoan euskara irakatsi ondoren katedra arduraduna izango da Gipuzkoako Irakasle Eskola Unibertsitarioan (1976-1980). Euskarako lehen katedra oposaketak institutuetan 1980an izango dira eta orduan Hondarribikoa lortuko du, 1975tik bertan bizi zelarik eta jubilatu ere bertan egingo da 2005ean. 1983-89 urteetan euskara arduraduna izango da Urrutiko Batxilergoan (UBEI-IVBAD), eta oinarrizko materialak sortuko ditu. 1987-91 legealdian zinegotzi izango da Hondarribiko udaletxean eta euskara azpibatzordearen buru.

1975ean euskaltzain urgazle izendatuta, idazkaria izango da Euskaltzaindiko gramatika batzordean (1978-80) eta dialektologiakoan (1980-82). Garai haietan C eta D irakasle tituluak Euskaltzaindiak ematen zituelarik, aztertzaile ere izan zen. 1998-2003 epean irakaskuntzatik liberatu zuten Euskal Herriko Hizkuntz Atlasaren argitalpenaren prestakuntzan parte har zezan.

Argitalpenen artean Zenbait Hitzaldi aipa daiteke (Etor, 1972). Liburu honetan Koldo Mitxelenak 1970ko udan Donostiako EUTGen egindako hitzaldiak biltzen dira, euskaraz. Bilduma Mitxelenak berak ikuskatu zuen. Bere lehen itzulpena Arthur Miller-en All my Sons antzerkia izan zen; Donostiako Jarrai taldeak antzeztu zuen lehen aldiz, Hernanin, 1965eko azaroan "Denak nire semeak" izenarekin. Ortega y Gasset-en La rebelión de las masas, "Masen Errebolta", ere itzuli zuen (Klasikoak 1991).

Idazleen Elkartea 1968 urtean sortu zen Ermuan eta bilkura hartarako "Zenbait iritzi batasunari buruz" laburpena prestatu zuen (Jakin, 31-32). Eta beste ikerlan batzuen artean honako hauek ere argitaratu zituen: "Erretorika Klasikoaren eragina Axularren aipamenen itzulpenetan" (Euskera XXII, 1977), "Leizarragak partitiboz dakartzan partizipioak Duvoisinen ordainekin alderatuta" (Euskera XXV, 1980) eta "Equivalencias léxicas vasco-latinas en el "Gero" de Axular" (ASJU XV, 1981). Hondarribiko euskarari buruz bi lan argitaratu ditu: "Hondarribiko Euskara - Bokalismoari buruzko oharrak" ("Hondarribia" 1990) eta "Hondarribiko hizkera Roque Jazinto Salazarren predikuan (1778)". Bigarren hau Euskaltzaindiak antolatutako Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean aurkeztu zuen Txomin Sagarzazurekin batean (Iker-7, 1992).

Euskara ikasteko baliabideen artean Euskera-6 argitaratu zuen (Gero, 1975). Irakasle Eskolan "Hondarraitz" taldea osatu eta Jalgi Hadi entzun-ikus metodoa burutu zuten (Elkar, 1978). Handik urte batzuetara Bakarka metodoaren lehen hiru liburukiak argitaratuko ditu Urrutiko Batxilergorako (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1984). Ondoren Jose Antonio Mujikak 4 eta 5 aleak egin eta harrezkero (1993) Elkar-ek argitaratu du osoki.

Aurreko ikasliburuetan egindako irudiez gain, marrazki lanak egin ditu Zeruko Argian, "Lerro" (1963-65) eta "Neuk" (1966-73) sinadurak erabiliz, baita Pan-Pin haur aldizkarian ere (1962-64). Trantsizio aldian Garaia (1976-77) eta Muga (1981-85) aldizkarietan ere hartu zuen parte "Fits" izenordea erabilita.