Bailarak

LENITZ, Harana

Gipuzkoako bailara. Probintziako HM aldean dago, Arabatik gertu. Geografikoki handiagoa izan arren, gaur egun, iparraldetik, Arrasatek mugatzen du; ekialdetik. Oñatik; hegoaldetik Barrundiak (Araba) eta Leintz-Gatzagak (Gip.); eta mendebaldetik, Aramaiok (Araba). Bere barrutiko lurra nahiko malkartsua eta menditsua da. Deba  eta Urkulu ibaiek (azken hau lehenaren adarra) zeharkatzen dute bailara hegotik iparrera. Deba ibaiaren beste ibaiadar batzuk Aranzasarra (eskuinaldetik) eta Gellao (ezkerraldetik) dira. Deba ibaiak benetako bailara natural edo geografikoa eratzen du, Aretxabaletaren aldean zabaltzen dena. Herrigune gehienak Deba ibaiaren inguruan daude. Haraneko altuerarik garrantzitsuenak, edo honetatik hurbil, Andarto (1.089 m), Aranguren (1.163 m.), Elorretako altza (Kurutzebarri, 1.155 m.), Amuategigaña (1.187 m.) eta Mugatriluze (1.104 m.) dira. Lehenengo hirurak Zaraia mendilerroan daude eta beste biak Elgea mendilerroan. Jarindo mendia (886 m.), Leintz bailararen eta Aramaio ibarraren artean, Gipuzkoa eta Araba arteko muga da. Aretxabaleta, haraneko gunerik garrantzitsuena, 1° 11' eta 43° 02' 5" kokapenean dago.