Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Aurrez hainbat espedizio egin ziren arren (Magallanes-Elcano, 1520; Loayza, Elcano, Urdaneta, 1525; Alvaro Saavedra, 1527; Hernando Grijalva, 1535 eta Ruy Lopez de Villalobos, 1542) bakarrak ere ez zuen helburua bete: Molucas eta Filipinetatik Mexikora Golko Handian (horrela izendatzen zen orduan Ozeano Barea) itzultzea. Eta hainbat bosturteko igaro ziren, 1559an, Felipe II erregeak bi gutun erabakigarri idatzi zituen arte. Horietako bat Nueva Españako (Mexiko) erregeordeari idatzi zion, Molucasera bi itsasontzi bidaltzeko eskatuz Sartaldeko irlak topatzeko xedez, "itzulera benetakoa den eta horrenbeste gastatzen den jakite aldera". Bestea Frai Andres de Urdanetari idatzi zion.

"Erregea: Aita Frai Andres de Urdaneta deboziozkoa, Sant Agustin Ordenako kide: Sekularra izanik Armada de Loaysa itsasontzian abiatu zinela jakin dut eta Magallaneseko itsasartera eta Especerira igaro zinela eta han 8 urtez gure zerbitzura izan zinela. Eta orain Nueva Españako gure erregeordeari, Luis de Velasco jaunari, Sartaldeko irlak topatzeko Molucos aldera bi itsasontzi bidaltzeko eta helarazi zaion Argibidearen arabera zer egin behar duten azaltzeko agindu zaionez; eta diotenez hango lurraldeak ondo ezagutzen dituzunez eta harako nabigazioa ezagutzen duzunez eta kosmografo ona zarenez, oso egokia litzateke zu itsasontzi horietan joatea, nabigazioa bideratzeko eta Jaungoiko Gure Jauna eta gu zerbitzatzeko. Nik itsasontzi horietan joan zaitezela erregutzen eta eskatzen dizut, eta aipatutako erregeordeak agindutakoa bete dezazula, izan ere, Gure Jauna zerbitzatzeaz gain ni ere zerbitzatuko nauzu eta hori aintzat hartuko dut dagokizuna jaso dezazun. Valladoliden 559. urteko irailaren 24an = Erregeak = Erasoko Errefrendu = Birviescako Señalatu = Juan Vazquez Agreda Jaraba jauna."