Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Tupas eta Legazpik odol tantak isuri zituzten bakea ziurtatzeko. Gertaera azpimarragarri gisa zera aipa daiteke: txabola batean Jesus haurtxoaren irudi bat aurkitu zutela; itxura batean, txabola hartan esklabo bat bizi zen, Juan Camuz marinel bermeotarra, hain zuzen. Dirudienez Magallanesen espediziotik iritsi zen hara. Flandesko irudi bat zen, pinuzko kaxa baten barnean zegoena. Gaur egun, Agustindarrek Cebun eraiki zuten elizan gurtu egiten da irudi hura, Jesus haurtxoaren Idorokundearen izenpean. Maiatzaren 8an gotorlekuaren diseinua taxutu zen, behin betikoz bertan finkatzeko xedez. Aipatutako gertaerak ikusita, Tupas erregea Legazpi gobernadorearekin elkartu zen Tamuñanekin batera. Bilkura hura itsasontzi Nagusian egin zen. Halaxe dio Zerrenda Anonimoan (nahiz eta Lazcano idazkariak idatzi zuela uste den): "Gobernadoreak bularrean odola egin eta katilu batera isuri zuen. Tupas eta Tamuñanek ere gauza bera egin zuten. Ondoren, hiruren odola ardo pixka batekin nahastu zen eta hiru edalontzitan banatu zuten. Hirurek batera edan zuten bakoitzari zegokiona". Gero, Legazpik Magallanesen garaian jazotako gertaerak gogorarazi zizkion eta Gaztelako erregearen boterearen berri eman zion (Kristautasuneko erregerik errukitsu eta nagusiena haren ustetan) eta haren mendeko gisa zuen eginbeharra azaldu zion.