Musika taldeak

Lartaun Abesbatza

Oiartzungo Lartaun abesbatza 1964-an Jon Oñatibiak sortutako taldea dugu. Oñatibia bera buru zuelarik, herrian eta inguru guztietan musika ezagutzera ematen ahalegindu zen ia 100 gizon eta emakumek osatzen zuten koadrila. 70. hamarkada bereziki seinalatua izan zen lehiaketetan sariak lortuz eta konpositore esanguratsuen obrak orkestrekin estreinatuz.

Oñatibia hil ondorenean taldeak aurrera egin zuen zuzendari berrien eskutik. Hala, Iñaki Altunak hartu zuen lehen erreleboa eta gero jarraitu zioten Agustin Mendizabal, Alaitz Guridi eta Fernando Botok gaur egungo Maddalen Dorronsorora iritsi arte. Tartean, herriko beste abesbatzekin elkartzen joan da. Hala, 1990 urtean Marixabel Agirrezabalak sortu zuen Izotz abesbatzarekin elkartu zen eta 2004-tik San Esteban elizako abesbatzako kideen parte hartzea ere nabarmena da.

Aldaketak aldaketa, taldeak hasierako helburuak mantendu ditu: musika bazter guztietara zabaltzea eta musika aitzakia izanik elkarbizitza bultzatzea. Gauzak horrela, Lartaun abesbatza Oiartzungo kultur jardunean parte hartzen duen taldea da. Udaberrian kontzerturen bat antolatzen du urtero, baita udazken partean Oiartzun Musikari musika zikloa ere. Ezin ahaztu herriko jaiak. Han izaten da bere eztarriekin mezetan zein kalean oiartzuarrekin kantari. Eta beste ekitaldi bereziren bat baldin bada, Kilometroak esate baterako, han ere izango da.

Elkarbizitzari begira, Lartaun abesbatzak beti izan du besteekin hartuemanak izateko joera. Euskal Herriko abesbatzak etorri izan dira Oiartzunera, eta beste horrenbeste lekuetara joan da abesbatza anaiarteko giroan. Hemendik kanpokora ere ezagutu dute oiartzuar talde hau. Azken urteetan Asturias, Errioxa eta Katalunia aldean ibilia da.

Hau dena giro eta gai guztietako abestiekin. Bai, era askotako musika abestu izan du talde honek. Eliz giroko abestiak eta jai girokoak. Maitasunezkoak eta ehizazkoak. Tristeak eta alaiak. Konpositore erromantikoen obrak eta baita garaikideenak ere.

  • Lartaun Abesbatza. Federación de Coros de Gipuzkoa. [Fecha de consulta: 20 de julio de 2014].