Literatoak

Lete Bergaretxe, Xabier

1944ko apirilaren 5ean Oiartzunen jaiotako euskal poeta, musikari eta abeslaria. 2010eko abenduaren 4ean hil zen Donostian.

Pasaiako (Gipuzkoa) Bianchi lantegian lan egin zuen bide artistikoa jarraitzea erabaki zuen arte.

Hurrengo poesia-liburuok argitaratu ditu: Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968); Bigarren poema liburua (Gero, 1974); Urrats desbideratuak (Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1981); Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-Bilbao Bizkaia Kutxa, 1992); Biziaren ikurrak (Erein, 1992). Halaber, bi antzerki-lan argitaratu ditu: Deusetik izatera (Itxaropena, 1977) eta Gabon Txirrita. Horrez gain, Xabier Lizardiren poemei buruzko edizio kritikoa egin zuen: Xabier Lizardiren olerkiak (Erein, 1983). Era berean, 1974an Angel Zelaieta eta Anjel Lertxundirekin batera Lizardiri buruzko beste liburu bat kaleratu zuen: Xabier Lizardi:olerkari eta prosista.

Jarraian Amaia Iturbidek B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza (Erein, 2000) liburuan agertutakoa laburbilduko dugu. Leteren lehen liburua (Egunetik egunera orduen gurpillean) poesia sozialaren eremuan koka daiteke. Iturbidek poema-liburu horren inguruan "Mundu hau etsai modura epaitu ohi da, txiroen eta etorkinen egoera mingarritzat dugu eta Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza jasanezina da" idatzi zuen. Eta jarraian: "Nahiz eta sarritan etsipenaren sareetara erori (gogoan izan Sartreren L?Etre et le néant lanak eragin nabarmena izan zuela Leterengan) poetak Camusen mutirikeria eta jarrera sendoa hartzen ditu bizitza honetako zoritxarren aurrean". Poema-liburuan umorez apaindutako gorroto existentzialista ageri da.

Juan Mari Lekuonaren arabera, lehen garai hartan Letek bi zentzura mota jasan zituen: Administrazioarena eta herriarena, egiten zituen eskaeren bidez. Sasoi hartan Lete ezkor agertzen zen poetek herrian eragina izateko aukerarekin, halaxe abesten zuen honela hasten zen abesti ezagunean: "Eta poeta, eta poeta".

Bigarren liburua (Bigarren poema liburua) Anjel Lertxundiren hitzaurre batekin eta Juan Mari Lekuonaren aipamen batzuekin hornitzen zen. Amaia Iturbideren aburuz, bigarren liburu horretan lehenengoan agertzen denaren antzeko surrealismo bat hauteman daiteke, eta Letek bere inguruko gertakariei buruzko irakurketa sakona egiten du. Horrez gain hizkera arruntean ematen diren esaldi filosofiko ugari gordetzen dira liburuan, eta poemetan giro nihilista ezkorra gailentzen da. Heriotza da liburuko gai nagusia, Iturbideren ustez, Oiartzungo poetaren literatura-ibilbide osoan gailentzen den gaia, hain zuzen. Era berean, Nafarroari egiten zaizkion erreferentziak topa daitezke, izan ere, gai hori ere oso estimuan du Letek. Azkenik, existentziari buruzko gogoetak aurki ditzakegu, horren adibide dira Sinesten dut eta Izarren hautsa egun batean.

Iturbideren ustez hirugarren poema-liburua (Urrats desbideratuak) kalitate baxuagoko liburua da. Dena den, gerora abesti eder bilakatu ziren poemak ezkutatzen dira bertan, esate baterako, Habanera eta Ez nau izutzen negu hurbilak.

Iturbidek Esther Zarrauak egindako azterketa ematen du bere liburuan: "80eko hamarkadako Lete da, 20 urterekin hasi zuen existentzialismoaren bidea jarraitu arren, Nietzscheren eragina jaso duena; ihesa da salbamen bakarra, baita modu dramatikoenean bada ere, heriotzean. Mundu honetaz nazkaturik dago eta ihesbide bila dabil nolabait".

Hurrengo poema-liburua (Zentzu antzaldatuen poemategia) beranduago kaleratu zen, 1990ean. Iturbideren ustez bertan agertzen diren poemetako asko "salmoak" dira, hainbat hamarkadetan agnostiko izan ostean kristautasunera aldatzen dela jakinarazteko baliatzen dituenak. Hala eta guztiz ere, poetarengan ohikoak dira ezkortasun eta etsipena ageri dira. Iturbidek honakoa idatzi zuen: "Leteren poesia aspaldi utzitako baserri baten modukoa da, kezken gainean eraikia eta ia tristurak erauzia, desio eta etsipen ugarik zanpatua, baina, dena den, zutik dirauena, bizirauteko grinak bultzatuta. Kirurgia estetikoaren moduko zer baten bidez estalitako etsipena".

Aberria litzateke liburu horretako gai azpimarragarria. Letek aberria eta nazioa bereizi egiten ditu. "Aberria leku fisiko edo mentala da, norberak, balioen bidez, izaera partekatuak eskuratzeko aukeratzen duena". "Aberrira atxiki egiten gara, eta zenbat eta modu espiritualagoan orduan eta sendoago". "Aberria oso gutxitan sentitu izan dut: udako gau epel batean belarraren usaina somatzean; abesti zahar batzuk entzutean; baserritar zaharrekin hitz egitean, edo, agian, urrutiko hiri argitsu eta liluragarri baten irudia hautematean". Letek nazionalismo politikoa beti susmagarria dela deritzo, eta desbideratua, abertzaletasun kulturala ez bezala. 2002an "Hermes" aldizkarian egindako elkarrizketa batean honakoa esan zuen: "Nik ulertzen dudan abertzaletasun hori agortu egin da. Nazionalismoak irentsi du".

Gerardo Markuletak poema-liburu horretan (Zentzu...) Cavafis, F. Brines, T.S. Eliot eta, batez ere, Salvador Espriuren oihartzunak entzuten ditu.

Bere poema-liburu berrienean (Biziaren ikurrak) otoitzaren idazmolde nabarmena hautematen da. Hala, liburua osatzen duten bi zatietako baten izenburua Otoitzen liburua da. Letek mundua begiratzeko ikuspegi kristaua jorratzen du sakon. Jaungoikoa ia orrialde guztietan agertzen da. Anjel Lertxundik horrela deskribatu zuen liburua: "Poemak otoitzen antzekoak dira, ez Jaungoikoa sarritan aipatzen duelako bakarrik, baizik eta formarengatik: hain ongi ezagutzen dituen eta hain modu bikainean erabili izan dituen euskal tradiziozko metrikak alde batera utzi eta sonetoaren eta salmoaren, letaniaren eta otoitzaren antzeko formak hartu ditu".

Leteren literatura-ibilbidea ulertu ahal izateko 1986 inguruan digestio-aparatuan hauteman zioten eta oraindik guztiz gainditu ez duen gaixotasun larria hartu behar da aintzakotzat; hark arazo eta kezka ugari sorrarazi baitizkio.

Lete abeslariari dagokionez, honelaxe esan zuen Letek berak ("Hermes" aldizkaria, 2002ko otsaila): "Ustekabean hasi nintzen. 20 edo 21 urte nituela "Zeruko Argia" aldizkarirako artikuluak idazten nituen; garai hartan, poesia idazteari ere ekin nion eta, horren ondorioz, kasualitate hutsez, Ez Dok Amairu taldearen sortzaile izan ziren bi pertsona ezagutu nituen: Joxean Artze eta Julen Lekuona. Abesti jaialdiak antolatzeko lanetan laguntzen hasi nintzen eta Lourdes Iriondo edo Benito Lertxundirentzako hitzak idazten. Seguran, 1966ko martxoaren 26an, arratsaldeko bostetan, berriro ere kasualitatez, abestea egokitu zitzaidan taldeko kide bat gaixo jarri zela eta. Banituen bizpahiru abesti prestatuta eta bertsoren bat ere moldatu nuen".

Lourdes Iriondok animatu (gerora maitale izan zuena) ostean, Lete abeslari eta musikagile bilakatu zen. 1976an, Lourdes Iriondorekin batera argitaratu zuen diska batean, besteak beste, Errota zahar maitea, Nafarroa arragoa eta Lore bat, zauri bat piezak utzi zizkigun. Beti oso gaizki abesten zuela esan izan badu ere, euskal abestigintza berriaren mugimenduko (Ez Dok Amairu) zutabe nagusitako bat izan zen Lete. Baina, bere abestietako asko jendearen bihotzetara iritsi dira. Esate baterako, Ideologia/Teologia, Sinesten dut eta Nik ez dut amets handirik.

1975 eta 1978 bitartean Antxon Valverde piano-jotzaile eta msikagilearekin lan egin zuen. Bien artean, Julen Lekuonaren lankidetzarekin, harrera bikaina izan zuen bertso zaharrez osatutako diska bat moldatu zuten.

1978an jendaurrean abesteari utzi zion, jaialdiak "ETAri gorazarre" egiteko mitin bilakatu zirelako nazkatuta. Orduan "Muga" kultura-aldizkarian kolaboratzen hasi zen. Beranduago, 90eko hamarkadan, taula gainera igo zen berriz ere Antton Valverderekin. Baina emanaldi gutxi eskaini zituen, gaixotasunak ahulduta baitzegoen.

1983an Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura saileko zuzendari izendatu zuten, eta 1985ean sail bereko diputatu, EAJ alderdiko kide gisa.

Diska hauek grabatu ditu: alde batetik, Xabier Lete, Kantatzera noazu, Eskeintza eta Hurbil iragana (Elkar); Xabier Lete (Egunkaria); Txirritaren bertsoak (Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin batera, Elkar); eta Bertso zaharrak (Egunkaria).

Bertsolaritza gertutik jarraitu izan du, bai erabiltzen duen metrikan, bai bertsolari zaharren logika berezian islatzen denez. Bat-batekotasunaren zaletasun hori islatzeko, 2002an Elkar disketxearekin, bertsolaritzaren historiaren bere errepaso berezia kaleratu zuen diska ugaritan. Bertso batzuk hautatu zituen eta haiek abesteko, garai ezberdinetan bertsolariek erabilitako doinu tradiziozkoak baliatu zituen.

Amaia Iturbideren iritziz, Lete abeslari eta musikagilea hiru errotatik sortzen da batez ere: bertsolaritza klasikoa, surrealismoa (umorea eta ezustekoa xede dituena), eta ironia edo sarkasmoa (Brel eta Brassensen ildotik). Iturbidek lau garai bereizten ditu: existentzialista; alaitasun gehiago eta festa doinua duten abestiz osatzen den bigarren fasea, iraganeko munduak oroitzeko asmoa duena. Bigarren garai horretakoak dira bertso zaharrez betetako diskak; hirugarren fasea, Antton Valverderen pianoa lagun, Lete oholtza gainera itzultzen denekoa litzateke; eta azkena abesti barnerakoi eta filosofikoz osatzen dena.