Kontzeptua

Mari

Euskal mitologian, lurra eta naturaren indarren gizarapen emakumezkoa.

Mariren izena, Jose Miguel Barandiarani zor zaio. Hark proposatzen du izen hau, herriak hainbat modutan deritzen izakien batasuna nabarmendu eta azpimarratze aldera. Honela, besteak beste, Anbotoko Señoraz, Aralarko Dameaz, Aketegiko Sorginaz, Puiako Maiaz, Leskungo Iona-gorriz, edota Txindokiko Mariaz ari garela, Mari esan ohi dugu beti, ataundar ikerlari bikainak ezarritako irizpideari jarraituz. Barandiarani zor diogu halaber Mari Lurraren irudikapentzat hartzeko hipotesia.

Mariren inguruan herriak esan ohi dituen kontakizun nagusiak hauek dira: lurpeko eremuetan bizi da, mendietako hainbat zulo eta leizetan. Andere dotore eta apain jantzia omen da, ikusi dutenek diotenez, eta urrezko tresnarik ez da falta haren egoitzan. Sarritan ahari bat ageri da haren ondoan. Etxean dagoela, artilezko harilkoak egiten ditu edo bere ile luze ederra orraztu. Ogia egosteko labea pizten duenean, kea dario bera dagoen egoitzako zuloari. Mari ez da beti egoitza berean bizi. Aitzitik, sarritan ibili ohi da batetik bestera, eta honelakoetan suzko igitai ikusgarri baten itxurapean zeharkatu ohi du ortzia, eta bidaia amaitzean leize berrira sartzen denean berealdiko eztanda eta burrunba hotsa egiten omen du, trumoi antzera. Antzekoak sortzen omen ditu baita ere, hura eta senarra elkartzeak. Sugaar edo Maiu deritzan suge-ar antzeko senarra bisitan joaten zaionean sekulako ekaitzak izaten omen dira. Mari non bizi den garrantzitsua da eguraldiaren gorabeherentzat. Hainbat lekutan bizi denean eguraldia ona eta mesedegarria da, baina beste batzuetan dagoenean berriz kalte handiak ekar ditzake. Horregatik apaizari eskatu ohi zaio konjuruak egin ditzan, Mariren leize zuloa indar magikoz ixteko, hura komeni den lekuan gera dadin. Jendeak opariak egin ohi dizkio Mariri eguraldia onuragarria izan dakien, baina opari horietaz ez ezik, "ezari emanaz" ere bizi omen da Mari, hots, jendeak ukatutako ondasunez. "Ezari emana ezak eraman", dio esaerak, eta badirudi horren arabera, norbaitek ondasunaren bat ukatu ezkero, Marik kentzen diola gero ukatutakoa. Ekaitzak eta kazkabarrak Mariren haserreak bidalitakoak direla dioenik bada, bai eta Mari laminen edo sorginen erregina dela dioenik ere. Mariren inguruko usteak dira baita ere ez zaiola inoiz bizkarra erakutsi behar eta hika egin behar zaiola hari.