Kontzeptua

Küküleroak

Kukulleroak

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira, Maskarada Gorriko azkenengo kideak, baina ez Aintzindarien taldekoak.

Maskaradaren taldean Marexalen atzetik doaz. Hala ere, beste kokapenak ikusi egin dira. Sallaberryk eta baita Chahok diotenez, Kukulleroek Zamaltzainaren taldeko partaideak ziren, eta haren atzetik zetozten; Caubisens, ordea, Gathuzainaren atzetik kokatzen ditu.

Zenbaki bikoitian agertzen zaizkigu, gehienetan lau edo sei, eta bikoteka dantzatzen dute; dantzari gazteak izaten ohi dira, paper hau Maskaradetan parte hartzeko aukera ematen dietelarik. Zenbaki bikoitian izatearen araua errespetatuz, Sallaberryk hamar edo hamabi zirela esaten digu, eta Caubisensen iritziz, zortzi.

Honela doaz jantzita: txapela gorria, urrezko galoiez apainduta; jaka gorria bularralde zuriarekin, urrezko zintekin apainduta; praka zuriak, eta galtzerdi eta zapatilla zuriak ere. Eskuan makil txikia daramate, hau ere zintez apainduta.

Herellek 1914. urtean oso jantzi antzekoa deskribatzen du; ezberdintasun bezala aipatu daitezke batzuetan txapela zuria zeramatela eta bularraldea batzuetan urdina omen zela.

Bade-k dio, 1840. urtean, bere garaian Kukulleroek egurrezko ezpatak zeramatzatela eta batzutan kaskabiloez betetako kartoizko kasko konikoa ere janzten zituela, eta Chahorentzat, 1855. urtean, Zamaltzainaren jantzi berdina zeramaten eta honen antzera buruko bat zintekin.

Kukulleroen esanahia edo funtzioari buruz, iritzi ezberdinak agertzen dira: batzuentzat Infanteria soldaduak lirateke, beste batzuentzat Zamaltzainaren zaindariak edota Jaunarenak; besteren iritziz gaztetasuna irudikatzen dute.

Pertsonaia hauek daramaten jantzia Serviez Jeneralak 1910. urtean deskribatutakoa da, jai berezietan euskal gazteek erabiltzen zutena zela esanez.

Barrikadetan bakarrik dantzatzen dute: ibilera egiten den bitartean lerro batetan doazenak beste lerroko bere bikotearekin aldatzen dira, aurrera doazen bitartean. Batzuetan, dantzariak nahiko abilak badira, barrikadaren aurrean ere dantzatzen dute, Maskarada Beltzeko kideei sarrera eman baino lehenago.

Arratsaldeko saioan, behin dantzari guztiak plazan sartu, Kukulleroek ez dute beste eginkizunik.

Herellek aipatzen du Kukulleroen dantza, baina Barrikadetan egiten dena da, lerroz aldatuz.

Fr. Michelen, 1857. urtean kexu da orduko Kukulleroak ez direla aintzinakoek bezain dantzari onak, gazteegiak direlako eta ondo dantzatzen ez dakitelako. Horrek esan nahiko luke XIX. mendeko lehenengo zatian Kukulleroek dantzari onak zirela, eta, beharbada, beste eginkizin garrantzitsuagoa zeukatela.