Kontzeptua

Inprentaren historia Euskal Herrian

Lehenengo moldiztegia Iruñean XV. mendean ezarri zenetik XIX. mendera arte Euskal Herrian inprentak egin duen bidearen lerro nagusien berri ematen da artikulu honetan. XVI eta XVII. mendeetan gutxi izan ziren inprimatzaileak, gehienak kanpotarrak ziren eta pertsona edo familia bakar baten esku egon ohi ziren moldiztegiak. Denborak aurrera egin ahala, baina, liburu inprimatuen eskaera nabarmen handitzearekin batera, inprentarako materialak ere merkatu egin ziren, liburuak inprimatzea erraztuz. Horri esker, hasiera batean hiriburu eta herri handietan baino ez zeuden moldiztegiak zabaldu egin ziren, eta horrek, besteak beste, euskal egileek euren lanak Euskal Herrian bertan inprimatu ahal izatea ekarri zuen. Aipatutako egonkortze- eta zabaltze-bilakaera horri esker sendotu zen, bada, inprenta negozio legez, eta jada XIX. mendean zenbait inprenta-etxe historiko sortu ziren.