Kontzeptua

Ikastola

1918 eta 1936 urteen bitartean haur hezkuntzan euskara tresna-hizkuntza gisa erabiltzeko aukera bideratuko zuen gutxienezko azpiegitura bat eskuratzeko izugarrizko lana egin zen SEV-n buruzagitzapean. Eskola testuen sorkuntza bultzatu zen, irakasleen prestaketarako ikastaroak antolatu ziren eta inoiz onartu ez zen eskola-elebitasunaren ezarpena ahalbideratuko zuen lege antolaketa eskuratzen saiatu ziren.

Muñoaren ikastola eredua jarraituz beste asko zabaldu ziren Euskadin. Honako hauek dira garai honetan inauguraturiko ikastolak: Tolosa (1921), Errenteria (1928), Soraluze (1932), Bergara (1932), Iruñea (1932), Lizarra (1932), Gasteiz (1933) eta Elizondo (1935). Hamarkada honetan Oñati, Segura, Irura eta Andoaingoak ere inauguratu ziren, guztiak Gipuzkoan. 1932an Bilbon Euskal Eskolen Federazioa sortu zen, euskaraz Eusko-Ikastola-Batza deiturikoa, EAJ alderdiko emakumezkoen alderdia eta Eusko Gaztediren babespean, "Euskal Eskolaren egintza handia burutzeko helburua zuen". Federazio honek Bizkaian burutu zuen bere lana eta bere ekintzak 1936 urtera arte garatu zituen. Honako hauek ziren defendatzen zituen ikastola ereduaren oinarrizko ezaugarriak: herrikoia, gizarte-maila guztiei zuzendurikoa, erabat euskalduna, kristaua eta korronte pedagogiko berriei irekia. Honela, mugimendu honetako pertsonalitate esanguratsuenek Decroly eta Montessorik bultzaturiko korronteen berri zuten.

1936an herrialde guztian hedaturiko eta edonolako zailtasunak gaindituriko instituzioa zen ikastola. Zoritxarrez, gerra zibila eta erregimen diktatorialak erabateko suntsiketa suposatu zuen, guzti honek euskal irakaskuntzaren garapenerako zorigaiztoko ondorioak ekarri zituelarik. Euskal irakaskuntza eta pedagogi alorrean adituak ziren pertsonalitateak -Villalonga, Landeta, M. de Alzo, Miguel de Muñoa adibidez- eta irakaslegoaren gehiengoak atzerrira joan behar izan zuen eta ez ziren inoiz itzuli. Guzti honek izugarrizko galera eragin zuen.

MGL