Kontzeptua

Ikastola

Euskara oinarrizko irakaskuntzan tresna-hizkuntza gisa barneratzeko ahaleginak ugariak izan ziren XVIII. mendean, baina XIX. mende bukaera arte ez ziren errealitate zehatzetan gauzatu. Mende honen erdialdean Agustin de Iturriaga pertsonaia nabarmentzen da, irakaskuntzan aritzeaz gain umeei zuzenduriko euskarazko testu liburuak idatzi zituen eta honez gainera, euskal irakaskuntzaren arazoei buruzko hausnarketa interesgarriak aurkeztu zituen estatuko agintarien aurrean. 1897 urtean Sabino Arana Goirik Umiaren lenengo aizkidia argitaratu zuen, garrantzi sinbolikoa duen umeei zuzenduriko liburuxka, proiektu gisa gehiago balio baitu pedagogikoki baino. 1896-1897 urteen bitartean Resurrección M.ª de Azkuek "Ikastechea" fundatu zuen Bilbon, lehen mailako irakaskuntza ematen zuen ikastetxe maskulinoa, umeen artean euskararen ikasketa garatzera zuzendua. Hala ere dirudienez bertan ez zen euskaraz irakasten, ikasle euskaldun eta erdaldunen artean euskararen irakaskuntza eman baizik. 1899 urtean itxi zen "Ikastechea" eta ez zuen 1903 arte jarraitasunik eduki. Hala ere, Azkuek irakaskuntza euskaratzeko beharraren uste osoa zeukan. 1905 eta 1914 urteetan, Azkuek ekin zion bideari jarraituz, Bilbon beste bi euskal eskola inauguratu ziren baina ikaslearen gehiengoak gaztelaniaz soilik hitz egiten zuenez irakaskuntza hizkuntza honetan ematearen erabakia hartu zuten eta euskara irakasgai bihurtu zen.

1914 urtea berebiziko data da ikastolen historian. Urte honetan Miguel de Muñoak Koru'ko Andre Maria'ren Ikastetxea delako eskola sortu zuen Donostian. Bertako irakaskuntza guztia, bai eskolaurre eta baita lehen mailakoa ere, euskaraz ematen zen. Muñoak izugarrizko arrakasta eskuratu zuen proiektu honekin eta eskolak harrera oso ona eduki zuen, honela 1916an eraikin berri bat erosi eta eskola handitzearen erabakia hartu zuen. 1918an Oñatin ospatu zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresuan Muñoaren lana goraipamenez josi zuten bertan bildutakoek. Kongresu honetan Luis de Elizalde, Eduardo de Landeta, Leoncio Urabayen eta Adelina Mendez de Torre izan ziren Irakaskuntza saileko hizlari arduradunak. euskal irakaskuntzan eragin zuten arazoez gain hitz egin zuten denak, egoera linguistikotik ondorioztaturikoetaz bereziki. Eleizaldek, "Irakaskuntzaren arazoa Euskal Herrian" izeneko hitzaldian, euskal eskolak herrialdeko jendearen sorkuntza izatearen ideia azaldu zuen. Hau da, alemaniar hizkuntza ofizialaren aurrean berezko hizkuntza babesteko sortu ziren txekiar Matitse Skolskaren antzera. Esparru euskaldunetan euskararen irakaskuntza bultzatuko zuten eskolaurreak sortzearen ideia izan zen kongresu honetako ondorioetako bat.

1920 urtean Bizkaiko Diputazioak Barriadako Eskolak abiarazi zituen, Elizalde eta Landetaren bultzadarekin. Zentro hauek gaizki komunikaturiko herri eta auzoen hezkuntza eta heziketa bultzatu nahi zuten, beti ere, probintziako ezaugarri linguistikoetan oinarrituz. Hala ere, hasierako helburuak urte gutxitan zapuztu ziren eta 1931. urtean Eusko Ikaskuntzak salatu zuenez Barriadako Eskolak euskararen behin betiko suntsiketaren bitarteko eraginkorrenak bihurtu ziren.

MGL