Dramaturgoak

Hirigarai, Pantzo

Pantzo Hirigarai Baigorrin (Behe Nafarroa) jaio zen 1957an. Kazetaritzari eta antzerkiari emana, antzerkia eta irria nahasi dituen gizona dugu.

Intxaia izeneko etxean hazi zen, Izpegiko Erreka auzoan. Aita laborantzako langile zuelarik, amak hartu zuen etxeko haurren hezkuntzaren ardura. Txikitan Baigorriko eskolan egin zituen lehen hezkuntzako ikasketak. Familia euskaldunean jaio bazen ere, euskararekiko harremana berantago indartu zuen. Ama hizkuntza euskara izan zuen, baina, hala ere, eskolan frantsesez ikasi zuen, eta lagunen artean bai eta etxean bertan ere, hizkuntza horretan aritzeko ohitura hartu zuten. Aurreiritziz josirik, garai hartan aski zabaldua zuten inguru haietan baserritar zaharren hizkuntza zela. Horrela jotzen zuten bertako askok eta askok, haiek ere euskaldun izan arren. Horren eraginez, euskara apurka-apurka ahazten joan zitzaion ia guztiz galtzeraino.

Nerabezaroan, hamabost urte izan arte, ez zuen euskaraz ikasketarik egin. Sasoi horretan, hiztunen esanak ulertzen zituen kostata bazen ere; ahotik, ordea ezin zipitzik ere atera. Paueko Unibertsitatean (Frantzia), kazetaritza ikasketen lehenengo urtean ari zelarik, bere ama hizkuntzarekiko kontzientzia berpiztu zitzaion halako batean. Bertako euskal etxean ibiltzen hasi zen eta, ondorioz, euskal kulturan gero eta sakonago murgiltzen joan zen. Euskal kulturgintzako izen garrantzitsuak ezagutu zituen, hala nola Xabier Lete edota Gorka Knör.

"Euskaltasunari atxikimendua horrela atera zitzaidan. Halako gose edo egarria ere sortu zen, eta euskara berreskuratu nahiz eta abertzale munduan sartu nahiz ibili nintzen".

Bere euskaltzaletasuna borborka, euskaraz orduan egiten ari zen musika entzuten eta idazle berri zein klasikoak irakurtzen hasi zen; besteak beste, Herria gain-behera edota Eñaut Etxamendiren Azken elurra irentsi egin zituen euskara berriz ikasteko asmo irmoz.

Gaztetan Radio Adour irratian hasi zuen kazetaritza ibilbidea. Handik Euskadi Irratira egin zuen jauzi eta, gaur egun, Irulegi Irratian egiten du lan 1984. urtetik. Urte horretan bertan, Daniel Landart antzerkigilea ezagutu zuen, eta berak proposatu zion Pantzori bere taldean parte har zezan, antzezle bila baitzebiltzan. Bitan pentsatu gabe Xirrixti Mirrixti konpainiako partaide bihurtu zen. Honenbestez, Nola jin, hala joan antzezlanean igo zen estreinakoz oholtza gainera eta, ordutik, hamar urtetan jardun zuen talde berean lanean. 1984tik 1998 arte hainbat antzezlanetan antzeztu zuen. Hein handi batean, Daniel Landart antzerki zuzendariak idatzi edota egokitutako obretan antzeztu zuen, baina baita Piarres Larzabal edota Monzon bezalako idazleen lanean oinarritutakoetan ere: 1984an, Nola jin hala joan (Landart); 1986an, Gazteluko mutxurdinak (Landart); 1991n, Gezur mezur (Piarres Lafitte eta Leon Leonek idatzitako ipuinak, Landartek egokituta). Herriko bozak (Larzabal). Egile hauen obrak lantzen aritzeaz gain, beste batzuetan ere hartu zuen parte, India Beltzak eta Beherearta antzezlanetan, esate baterako.

Laurogeita hamarreko hamarkadan antzerkigintzari erabat loturik, pauso bat haratago ematea erabaki zuen. Urte hauetan Iparraldean antzerkiaren sorkuntza lana ez zen oso emankorra izaten ari; lan berriak ez ziren nahi bezain ugari, eta taularatzen ziren antzezlan asko egile klasikoek idatzitakoak ziren, Larzabalenak esaterako. Beraz, taldekideek akuilatu eta babesturik, sormen lanari buru-belarri ekin zion Hirigaraik eta, 1995. urtean, bere aurreneko lana izango zen India beltzak antzezlana idatzi zuen Xirrixti Mirrixti taldearentzat.

Interpretazioaz gain, euskarazko literatura munduan egindako sormen lana ere azpimarratu beharrekoa da, hein handi batean antzerkigintzari bereziki emana.

1992an bere lehenengo antzezlana argitaratu zuen, Kakotx taldearentzat idatzitako Otsoa eta bildotsa, urte berean taularatzeko aukera izango zuena.

Urte berean, Pontzio gauxori izeneko tobera idatzi zuen. Bost urte beranduago, beste tobera bat plazaratuko zuen: Otto Kristobal. Antzerki satirikoak dira biak, non musika, dantza eta bertsoak nahasten baitiren. Bi antzezlan hauek bere jaioterrian, Baigorrin, taularatzeko aukera izan zuen urte berean. Ondarea oldarrean idatzi zuen ondoren. Antzezlan hau beren beregi prestatu zuen Behe Nafarroako Irisarri herrian ospatzen ziren Ondarearen Egunen barruan plazaratzeko. 2002 urtean, Garatenea antzerki lana kaleratuko zuen Kutxa Fundazioaren eskutik.

40 urteak (Euskaltzaindia / BBK, 2005) izenekoa dugu Hirigaraik argitara eman duen azkeneko antzezlana. Hau izan da, beharbada, orain arte plazaratu duen antzezlanik arrakastatsuena. Lan honek, gainera Toribio Altzaga antzerki saria irabazi zuen. 40 urteak lagun talde baten inguruan garatzen da, eta hiru agerraldik osatzen dute. Lagun batzuek 40 urte bete dituztela eta, ospatzeko batzen dira. Lehenengo agerraldian, Xabierri omenaldia egingo diote. Bigarrenean, bere emaztea omenduko dute, minbizia duena. Hirugarrenean, senarra istripu batean galdu zuen emakumea. Festan, barrez eta txantxa ibiliko dira hasiera batean, bizitzako kolpe latzak une batzuez ahazteko asmoz; hala ere, hau ez da erraza, eta gordeta dauzkaten zauriak solasaldietan azaleratzen joango dira apurka-apurka.

Hirigarairen literatur ekoizpenak kritikaren zein ikus-entzuleen aldetiko onarpen zabala lortu dute eta, honez gain, bere idazlanak hainbat lehiaketa garrantzitsutan saritutak ere izan dira. Izan ere, lau urteko epe laburrean, euskal antzerkigintza garaikidean bultzada nabarmena dakarren Donostia Hiria antzerki lehiaketaren sari nagusia birritan lortu baitzuen, 1998an Beherearta (Kutxa Fundazioa, 1998) lanarekin, 2000. urtean, Lamindegiko lamiak (Kutxa Fundazioa, 2000) antzezlanari esker eta 2002an, Garatenea (Kutxa Fundazioa, 2002) lanak eskuratu zuen saria.

Pantzo Hirigarairen izenari lotzen diogun genero nagusia batez ere antzerkigintza izan bada ere, literaturan zehar beste lurralde batzuk ere zapaldu ditu, edo, hobe esanda, badu sartu-irtenen bat egina. Eleberrigintzaren kasua dugu horietako bat. 1997. urtean Borda zaharra eleberriarekin Miarritzeko Saria lortu zuen. Bere azkeneko eleberria Poto izenekoa dugu, 2010ean Maiatz argitaletxearen eskutik kaleratu duena.

Irulegi Irratian lanean ari zenetik datorkio idazteko zaletasuna. Bertan, Antton eta Maria izeneneko umorezko irrati-antzerkia idazten hasi zen. Jendearen harrera ona ikusirik, idazten jarraitzea erabaki zuen. Umorezko saioak idatziko zituen batez ere. Honela, aurreko saioari beste batzuk batuko zaizkio, Gezur Flash edo Petzero, besteak beste.

Luzaroan saioetan animatzaile lanetan ibili bada ere, azkeneko urtetan albistegietan jardun du.

2011 urtean, Kike Amonarrizekin batera, Bidaso: biga so, Ipar Irriak eta Hego erak ikuskizuna plazaratzen dihardu. Antzezlanean, Bidasoaren bi aldetako euskaldunek elkar nola ikusten duten lantzen dute, topiko ugariren bitartez: pastorala, surfa, hizkera ezberdina eta abar.

Umorea bere literatura ibilbideko ardatz izan du Irigaraik:

"Irri gogoak beti asaldatzen nau. Edozein hitzaldietan, elkarrizketetan, alde umoretsua bilatzen ari naiz beti. Obsesioa bezala da, nonbait! Behar dudala jendea irri eginarazi, nire burua ere bai" (EKE, 2011).