Kontzeptua

Guda Zibila 1936-1939

Baskonian 1936ko otsail-martxoko hauteskunde legegileen emaitzek politika borroka triangeluarra adierazi zuten: Iraultzakontrako eskuindarren blokeak (Comunión Tradicionalista, Renovación Española eta CEDA) zortzi diputatu lortu zituzten (Nafarroatik zazpi eta Arabatik bat); EAJ-k, erdigune politikoan kokatuta, bederatzi aulki lortu zituen (bost Bizkaian eta lau Gipuzkoan), eta Frente Popularreko ezkerrak (PSOE, Izquierda Republicana, Unión Republicana, Partido Comunista de Euskadi eta Acción Nacionalista Vasca) zazpi lortu zituzten (lau Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bakar bat Araban). Diputatuen kopurua aintzakotzat hartuz, 1936ko Baskonian ea aldeberdindun triangelu politiko bat dagoela esan daiteke. Esandakoa Euskadin (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) egia zen, hiru blokeon arteko indarren araberako oreka modu bat zegoelako, baina aldiz Nafarroan ez zen gauza bera gertatzen, eskuindarren nagusitasuna, Gorteetan ordezkotza guztiak bete eta Foru Aldundi garrantzitsua kontrolpean zutelako, erabatekoa baitzen.

Espainian Frente Popularraren hauteskunde-garaipena lortu eta Azañaren Errepublika-Gobernuaren eraketaz geroztik José Antonio Aguirreren abertzaletasuna eta Indalecio Prietoren sozialismoa Autonomia Estatutua gutxieneko izendatzaile komuna bezalakotzat hartuz entente adeitsu batera iritsi ziren. Horrek, Gorteetako Estatutu-Batzordean zegokion eztabaida arintzea ekarri zuen, euskal herriak 1933ko azaroan berretsitako testua, Batzorde horretako Prieto Lehendakariaren irizpideei jarraitu eta bertako idazkaria zen Agirrek beretzat hartuz, asko bizkortuz; hori dela eta "ezkertiarren Estatutua" bezala izendatua izan da.

1936ko udaberrian, Estatutuari zegokion legebiltzar-onarpenaren hurbiltasuna, abertzaletasuna errepublika-errejimenean integratzeko lagungarri izan zen eta beraz Bizkaiak eta Gipuzkoak 1931tik 1934ra izan zutena baino egoera askoz hobea bizi izatea, Espainiako beste eremu batzuetan izandako giza- eta politika-indarkeriaren aldera, ekarri zuen. Euskadik ez bezala, Nafarroak errepublikaren kontrako gune sendoa izaten jarraitu zuen, karlismoak Agrupación Escolar Tradicionalista-ko gazteekin zutabetutako bere erakunde paramilitarra, Erreketea, sustatuz kolpearen prestaketa bizkortu egin baitzuen. Horregatik, zegoen dinamika Errepublikaren aurkako konspirazioa zen, bere zuzendari eta Iruñeko Komandantzia militarreko buru izateaz gain bertan eroso konspiratu zuen Emilio Mola jeneralaren laguntza izanez. Zailtasunez baina, monarkiko tradizionalista ez izatearren, Mola, uztailaren 18ko jazarraldi militarrera erabat atxikita ziren Rodeznoko kondearen nafar karlismoarekin adostasun batera iritsi zen. Antzerako egoera baten zen Araba, karlismoa lehen indar politikoa izanik, baina ez zuen Nafarroan zeukan erabateko nagusitasunik. Jose Luis Orioll, bilbotar sendia kapitalista jatorridun buruzagiak matxinada armaz eta diruz lagundu zuen, Gasteizen bere burua Camilo Alonso Vega teniente koronela izanez.

Horrela bada, lau lurraldeetan 1936ko hauteskundeez geroztik aurkajarritako dinamika politiko bi elkarbizi ziren: Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJ-ren eta Frente Popularraren elkar ulertzearen emaitza bezala autonomiaren eta Errepublikaren aldeko nagusitasun argia zegoen; aldiz, Araban eta, batez ere, Nafarroan gehiengoa errepublikar errejimenaren etsai zen eta matxinada karlista eta kolpe militarra batera prestatzen zituzten. Labur esanda, Estatutua versus konspirazioa zen Baskoniako gako bikoitza 1936ko egoera garrantzitsuan. Guda zibilaren eztandak egoera hori eta aurka jarritako bi eremuren lurralde-zatiketa berretsi zituen: batetik, Gipuzkoa eta Bizkaia, errepublika-Gobernuarekin; bestetik, Araba eta Nafarroa, matxinatutako gudarostearekin. Era berean, indar politikoek bi frontetan polarizatu egin ziren: euskal abertzaletasuna eta ezkertiarrek Errepublikaren alde zioten; eskuindarrek bere aurka armaz matxinatutakoen alde zioten.

Uztailaren 19tik aurrera militar matxino eta milaka bolondres karlistek Nafarroaz eta ea Araba guztiaz ere (kantauriko bailarak ezik, Bilbotik hurbilekoak) jabetu ziren, kontrairaultza ezarriz, eta Nafarroari Covadonga berriaren kutsua emanez, Gipuzkoako errekonkistari ekin zioten. Berehala, ezkertarrei eta baita EAJ-ri ere jazarri zieten, beraien prentsa eta egoitzak itxiz. Nahiz eta eskuindarren tokirik handiena izan zen eta foru-lurraldean gudarik izan ez zen, Nafarroan errepresioa hain izan zen erabat gogorra ze bi mila fusilatu baino gehiago izanik Marcelino Olaechea Iruñeko gotzaina matxinatuen oso aldekoa izanda ere, 1936aren bukaeran "odol gehiagorik ez" erregutu beharrean izan zitzaien.

Aldiz, Estatu-kolpeak Bizkaian eta Gipuzkoan erabat porrot egin zuen. Bilbon tropek ez zuten Garellanoko kuarteletatik irten eta bertan inplikatutako buruzagiek atxilotuak izan ziren. Beste lurralde batzuetan ez bezala, Jose Etcheverria Novoa gobernadore zibil errepublikarrak bere karguan jarraitu zuen eta Frente Popularrak, CNT-k eta EAJ-k osatutako erakunde iraultzailea izateaz gain 1936ko udaran zehar Bizkaiko lurraldea gobernatu zuen Bizkaiko Defentsa-Batzordeko lehendakaria izan zen. Oro har, Batzorde horrek, Bilbo eta bere eskualde inguruan matxinoen hegazkintzen bonbardaketengatik errepresalia bezala Bilboko ibaian (Gregorio Balparda diputatu ohi liberalaren kasua bezala) fondeatutako ontzi-espetxe bitako ehunetik gorako atxilotuen erailketa larria salbuetsiz, egoera kontrolatu eta orden publikoari eustea lortu zuen.

Donostian matxinada militarra izan zen, berantiarra eta txarto antolatutakoa baina, eta langile-indarrek Loiolako kuartelez jabetuz aste bete behar izan zuten suntsitzeko. Botere errepublikarra, Jesus Artola gobernadore zibila joatean, desagertu egin zen eta anarkistek, komunistek eta sozialistek menderatu eta Miguel Amilibia PSOEko diputatuak burututako Defentsa Batzordeagatik ordezkatua izan zen. Gipuzkoan, berezitasunez Donostiatik Irunerako esparruan iraultza labur bat izan zen Molaren gudarosteak Gipuzkoako lurraldea abuztuan eta irailean menderatu baitzuen. Bertan, muturrekoenengandik neurrigabekeria larriak izan ziren, Donostiako, Tolosako eta Hondarribiko espetxeak oldartuz eta eskuindar espetxeratutakoek ehunka ugari hilez, (tartean, Jose Maria de Urquijo katolikoa eta Victor Pradera eta Joaquin Beunza diputatu tradizionalista ohiak), Orden Publikorako Komisariatik hilketa horiek eragozteko EAJ-k ahaleginak egin zituen arren. Gipuzkoan, Azpeitiko Batzordean (Manuel Irujo diputatuak burututakoa), bere miliziak antolatu zituelako, izan ezik EAJ-k egoera ez zuen menderatzen ezkertiarren nagusitasuna zuten Eibar, Irun eta Donostiako Defentsarako Batzordeetan bere ordezkotza erabat gutxitua baitzen. EAJ-k jarduera urria izan zuen irailaren lehenbiziko egunetan matxinatuen esku erori zen Frantziarekin mugarengatiko Bidasoako borroka garrantzitsuan, Errepublikarentzako galtze esanguratsua izanik.

Euskadin, gudaren lehen aldiko unean, Estatutua onartu aurretik, euskal abertzaletasunaren gehiengoaren pasibitate hori zio ugariren ondorio izan zen. EAJ alderdi katoliko eta moderatua zen, Errepublika garaian joera demokratiko-liberalerako garapena izandakoa baina Frente Popularreko kide ez zena eta Guda Zibila bitartean izan ez balitz berarekin aliatu ere egingo ez zena. Egoera ezohiko horrek parte hartzera bultzatu zuen bere neutralitatea ezinezkoa baitzen. Gogo-bizirik gabe, geroztik Juan Ajuriaguerra BBB-eko lehendakariak aitortu zuen bezala, eta Nafarroako eta Arabako, batez ere, alde-egite batzuk izanda, EAJ-k Errepublikaren alde jardun zuen, bere bitartez Estatutua eskura zeukalako, eta aldiz matxinatu, unitarista eta espainiar eskuindarrekin lortzea ezinezko helburua zelako. Erabaki erabat garrantzitsu hau, bere garapen demokratikoaren benetako suzko froga zena, Euzkadi bere aldizkari ofizialean berehala iragartzeari ekin zioten (Bilbo, 1936ko uztailaren 19a). Baina udaran euskal autonomia ez zen oraindik errealitate politiko bat, Gorteetan zegoen lege egitasmo bat besterik baino. Gainera, Gasteizko Mateo Múgika gotzainak eta Iruñeko Marcelino Olaetxeak euren abuztuaren 6ko pastoralean euskal abertzale katolikoek errepublikarrekin eta sozialistekin karlisten eta gainontzeko espainiar katolikoen aurka eratutako batasuna legez kontrakotzat jo zuten. Horren aurrean, buruzagi abertzaleek euskal apaiz batzuei galdegin ondoren apaizek erantzuna ematean jokabidearen aldeko agertu ziren, eta Espainiako Gudan buruzagien jarduera zurituz Alberto Onaindia kanonigoa Erromara, Vatikanoari Txosten bat ematera, igorri zuten.

Irail erdira, Donostiaren galtzearekin eta fronte gipuzkoarraren erortzearekin bat etorriz, Agirrek eta Ajuriagerrak burututako EAJ-ko batzorde batek Madrilen Largo Caballero lehendakariarekin eta Prieto ministroarekin Estatutua indarrean berehala sartzearen ordez errepublika-Gobernuan beraien parte hartzea negoziatu zuen. Irailaren azkenengo astean eta urriaren lehenengokoan zuzenbide indar osoz EAJ-aren eta Frente Popularraren itun politiko eta militarra gauzatu zen hiru gertakari historiko izanik: Manuel de Irujo Largo Caballeroren Gobernuko sailik gabeko ministro izendatzea, Madrilen bildutako errepublika-Gorteek Estatutua onartu izatea eta Euzkadiko behin behineko EAJ/Frente Popularra koalizioaren Gobernua eratzea.

Euskal Estatutuak, bere eredua 1932ko katalana izan zen, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeekin autonomia lurralde bat sortzen zuen, egitez azken honetan eta beste bietako Kantauriko bailara eta Eibar eta Elgetako toki txikietan baino besterik ezarri izan ez zen arren. Bere edukia 1933an plebiszitatutako egitasmoa baino askoz mugatuagoa izan zen, gerora Nafarroaren integraziori eta baita foru-berrezarpenarekiko aukerei buruzko aipamenak desagertuz, EAJ-rentzako garestiak, foruzaleak ez ziren ezkertiarrek iradokia baitzen, baina Ogasun autonomoaren oinarri bezala 1925eko Ekonomia Itunaren indarreangotasuna mantenduz.

Bere testua autonomia eskumenen zerrendatzera mugatzen zen eta botere betearazlea eta legegilea ea arautzen ez zituen hamalau artikulu besterik ez zeuzkan bost idazpurutan (xedapen nagusiak, autonomiaren hedapena, Euskal Herriaren antolaketa, Ogasuna eta Estatutuaren aldaketa) banatzen zen. Aldibaterako xedapen batek, gudaren ondorio zena, eta eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatzeko ezintasun materiala zela eta, Lehendakaria eta bere Jaurlaritza izendatzeko ezohizko eta premiazko prozedura ezartzen zuen. Ezarritako hori betez, EAJ-ko karismadun Jose Antonio Agirre buruzagia bozka ematerik izan zuten euskal zinegotzien aho-batasunez 1936ko urriaren 7an Gernikako Batzar Nagusietan Lehendakaria izendatua izan zen.

Estatutuaren indarreangotasunetik eta Agirreren Jaurlaritzaren eraketa unetik aurrera, Euskadin Guda Zibilaren nondik norakoa errotik aldatu zen, bai orden eta moderaziorantzko aldaketa emateagatik eta baita bote politikoa eskuz aldatu izanagatik ere: nagusitasuna Defentsa Batzordeetatik, desagertu egin baitziren, Euzko Jaurlaritzaren esku jarri ziren, Frente Popularretik EAJ-ra. Egiatan, alderdi honek Lehendakaritza eta benetako Ministerioak ziren Sailik garrantzitsuenak eskuratu zituen: Defentsa (Agirrek ere), Justizia eta Kultura (Jesus Maria Leizaola), Gobernazioa (Telesforo Monzón) eta Ogasuna (Heliodoro de la Torre). Frente Popularreko bost alderdiek sail gehiago izan zituzten, baina askoz ere garrantzi gutxiagokoak: Industria (Santiago Aznar), Lana, Aurreikuspena eta Komunikazioak (Juan de los Toyos) eta Gizarte Sorospena (Juan Gracia), PSOE-koa; Merkataritza eta Hornikuntzak (Ramon Maria Aldasoro), Izquierda Republicana-koa; Osasuna (Alfredo Espinosa), Union Republicana-koa; Herri Lanak (Juan Astigarribia), Euskadiko Alderdi Komunistakoa, eta Nekazaritza (Gonzalo Nárdiz), Acción Nacionalista Vasca-koa. Eusko Jaurlaritzatik, EAJ-ren ezezkoa izatearren errepublikar eta katalaluniar Jaurlaritzetan parte hartutako CNT sindikatu anarkista kanpo gelditu zen. Kabinete presidenzialista bat izan zen Agirrek bere lehendakari eta Defentsarako Sailburuorde izaera bikoitz horretan botere eta zeregin asko bereganatu zituelako eta industria, justizia, osasuna etab. militarizatzean... Euskadin ez zuen inolako krisialdirik jasan eta bere baja bakarra Espinosa sailburua besterik ez zen izan, preso egina izan ondoren 1937ko ekainean frankistek fusilatu egin baitzuten.

Aldaketa esanguratsu hori Gernikan urriaren 7an bertan bere Jaurlaritza eratzean Agirrek jendeaurreratutako egitarauan, moderatu eta inola ere iraultzailea ez zena, nabarmen gelditu zen. Bere edukiak abertzaletasunaren nagusitasuna adierazten zuen hurrengo bi arloetan bereziki jardunaz: erlijio askatasunarekiko itzala eta elizaren segurtasuna, orden publikoaren mantenua eta Ertzaintzaren sorkuntza, preso politiko eta militarrek justizia tribunalen menpean izatea, merkatari eta industrialari xumeen babesa, langileek enpresako onurak eta nekazariek landutako lurretarako eta baserriaren jabegoa eskuratu ahal izatea, irakaskuntza eta euskararen ofizialtasuna, "euskal herriaren nazio-adierazgarriak" zaindu eta sustatzea, etab.

Eusko Jaurlaritzak egindako politika neurri handi baten EAJk bere eremupean zeuden arlorik garrantzitsuenetan goretsitakoa izan zen: defentsa eta gudarostea, ekonomia eta ogasuna, justizia eta herri ordena, hezkuntza eta kultura, erlijioren arloa eta nazioarteko harremanak, guztiak Agirrek garatutakoak. Euskadiko Frente Popularra ez zen desagertu, baina "bizibide ergela" izan zuen bere Batzorde Nagusiak onartu zuen bezala, Eusko Jaurlaritza eratu zenetik aurrera. Bere egitaraua, El Liberal (Bilbao, 1937ko martxoaren 11) egunkarian argitaratua izan zena, ez zetorren ekonomia politikaren (nazionalizatzeak) eta politika militarra (alderdi eta sindikatuen milizien bat egitea) bezalako oinarrizko gaietan gobernuarenarekin bat eta arlootan EAJ-ren postulatuak ezarri ziren, ez baitzuen bere batailoien (Eusko Gudarostea) kontrolik galdu nahi, ez banka ez guda garaiko hileetan zehar ekoizpena gainbehera etorritako Bizkaiko Labe Garaiak bezalako fabrika handiak nazionalizatzerik.

Urriaren lehen astean, fronte militarra Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugan estabilizatuta gelditu zen eta baita azken lurralde honen eta Arabaren artean ere, egoera horretan 1937ko martxoaren 31ra arte inolako aldaketarik gabe iraunaz, zeren 1936ko abenduan lehendabiziko egunetan eusko gudarosteak Legutianoren gaineko egindako eraso bakarrak porrot egin zuen. Nolabaiteko lasaitasunezko urte erdi horretan zehar, Eusko Jaurlaritzak bere mendean zegoen lurralde murriztuaren baitan autonomia-administrazioa eraiki zuen, eta hainbeste hedatu zuen ze gainontzeko administrazioen (udalerri, lurralde eta estatu mailakoak) ea eskumen guztiak irentsi egin zituen, Estatutuak ezarritakoaren goitik joz. Horretan, eragin handia izan zuen guda-egoerak eta beste gainontzeko errepublikar eremuetatik Ipar frontearen isolamenduak, baina baita EAJ-ren euskal Estatua sortzearekiko gogoak ere, bere helburu politikoa, batez ere autonomia "askatasun urratsa" besterik ez baitzen, bere bozeramaileak Estatutua onartu ondorengo egunean (Euzkadi, 2 de octubre de 1936) esan zuen bezala.

1936ko urritik 1937ko ekainera, Agirreren Jaurlaritzak gutxieneko Estatutua zena gehienezko autonomia baten eraldatuko du eta Bilbo hiriburutzat hartuta atributu guztiak zeuzkan Estatu txiki baten bihurtu zuen Euskadi, entitate juridiko-politiko bezala lehen aldiz historian orduan sortuz. Atributuen artean atzerrian bere ordezkaritzen bitartez kanpo harremanak mantendu zituen, batez ere Frantzian eta Britainia Handian; alderdi eta sindikatutako (EAJkoak hogeita zortzi, PSOEtik hamahiru, Juventudes Socialistas Unificadas-etik bederatzi, Euskadiko PCtik zortzi, zortzi errepublikar, zazpi CNTkoak, ANVko lau, ELA-STVko hiru, Euzko Mendigoizale Batzako bat eta zortzi ofizial) bataz beste berrogei mila soldaduz osatutako Eusko Gudarostea eratu zuen, Defentsarako sailburu lez 1937ko maiatzean politikoki eta baita militarki ere Agirreren agindupeko gudarostea izanez;"Canarias" (Matxitxakoko borrokaldia, 1937ko martxoaren 5a) gurutzaontzi frankistaren aurka borrokaldi desberdintsua izan zuten bakailao-ontzi (bouak) gutxi batzuekin gudarako itsas armada osagarria eratu zuen; dirua sortu eta pasaporteak egin zituen; indultuak eman eta justizia berrantolatu, Lurralde Entzutegia eta Herri-, Militar-Epaitegiak, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko Administratibo Gorena; Bilboko Ospitale Zibilean Medizina Fakultatea ezarriz Euskal Unibertsitatea, eta beste hainbat eratako erakunde ere sortu zituen: Akademia Militarra, Gurutze Gorria, Herri Lan-, Kultura- eta Lan- Kontseiluak, Notarioen Elkargoa eta Euskara Irakasleak, etab., Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria mardulean (Bilbao, 1936-1937) agiri den bezala.

Lehenbiziko Euzko Jaurlaritzak hainbesteko botere kontzentrazio handia izatea Espainiar errepublikaren barnean Euskadiko autonomia oasi bezala azaltzea zekarren, Bizkaian Guda Zibilak izandako izaera bereziaren eta baita EAJ-k lortutako nagusitasunaren ondorio izanik. "Euskal oasia izeneko izaera politiko eta erlijiosodun hau, Errepublikarekiko egitate diferentzial esanguratsu batzuetan nabarmendu zen.

  • Elizari itzala

Bere xehetasun nabarmenetariko bat hauxe izan zen: Euskal Herria izan zela Comunión Tradicionalista eta EAJ, alderdi konfesional handi bi aurka jartzen zituen katolikoen arteko benetako guda zibil bat eman zen espainiar komunitate bakarra. Bizkaian E.A.J.k zuen nagusitasunari esker errepublikar eremuan izandako erlijio-jazarpen odoltsurik ez izatea ekarri zuen eta Eliza errespetatua izan zen eta gurtzeak iraun egin zuen. Are gehiago, euskal elizaren zati bat, abertzaletasunaren aldekoa, Eusko Jaurlaritzarekin, bai kultura arloan eta baita irakaskuntzan bezala gudarostean ere (gudarien kapilauak edo gudari abertzaleek) lankide izan zen.

Paradoxikoki, erlijio-autonomia, 1931n Lizarrako Estatutuarekin ezinezkoa izan zena, 1936ko Estatutuarekin izatez egon zegoen, bere testuan ez zegoen arren. Gai hau erlijio gaiei buruzko laburmetraia bi egin zituen Eusko Jaurlaritzaren propagandak asko erabili zuen: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias y Semana Santa en Bilbao (1937). Eta eragin politiko ikaragarria izan zuen, espainiar gotzainek, eta berezitasunez Jose Antonio Agirrerekin gudaren esanahiaz eztabaida publiko bat izan zuen Toledoko kardenal primatua zen Isidro Gomák eta matxinatutako jeneralek Guda Zibila gurutzada bat lez azaldutako zuribidea gezurtatzera zetorrelako: lehendakariarentzako zioa ez zen erlijiosoa gizarte- eta ekonomiazkoa baizik. Esparru honetan, Euskal Herrian eman zen egoera, gainontzeko Espainiakoaren alderantzizkoa zen: militar matxinoek Gasteizko Mateo Mugika gotzaina Erromara atzerriratu zuten, alde izan zuten arren, abertzaletzat jotzearren hamasei abade fusilatu egin zituzten (euren artean, EAJko ideologoa zen Jose Ariztimuño, "Aitzol") eta beste euskal abade nahiko atxilotu egin zituzten, beste batzuk Frantzia eta Ameriketara atzerriratuz.

  • Gizarte-iraultzarik eza

Espainia errepublikanoan ez bezala, autonomiadun Euskadin ez zen, sindikatuen aldetik industria- edo nekazale-kolektibizaziorik izan ez zelako, gizaekonomiazko iraultzarik eman. Eusko Jaurlaritza enpresa handiak eta banketxeak Euskal Bankako Batzordearen bitartez kontrolpean izaten ahalegindu zen, baina nazionalizatu gabe, eta guda-ekimenerako beharrezkoak izan ziren jabegoen eta matxinatuen aldeko eskuindar nabarien, (José María de Urquijo katolikoaren bilbotar La Gaceta del Norte, egunkaria eta Ybarra sendia erregezalearen El Pueblo Vasco egunkaria) jabegoei zegozkien konfiskazioak izan ezik, jabego pribatuari begirunea erakutsiz zion. Agirreren Jaurlaritzak garatutako gizarte-politika EAJk eta ELA-STV sindikatuak bere egindako gizartekristau doktrinan iradoki zen, enpresa batzuetan bere sendi-sariarekiko bururakizuna abiarazteko ahalegina egitean Frente Popularraren El Liberal eta Euzkadi Roja bezalako egunkariengatik kritikatua izanik. Armada frankistak Bilboko itsasbidea blokeatu izanak eta Gipuzkoatik milaka hamarreko errefuxiatuen etorrerak larriagotutako bizkaitarrek jasan zuten ekonomia-eskasia eta baita gosea ere izan arren, ez zen lan- ez gizarte-istilurik izan. Giza-bakeari eusterakoan Gizarte Sorospen eta Lanerako sozialisten Sailek lan ona egin izana lagungarri izan zen. Gizarte Sorospenerako Sailak behartsuentzako eta errefuxiatuentzako jantokiak eta egonleku kolektiboak antolatu zituen, gastuak Bilboko antzerki eta zinemen konfiskazioari esker lortutako etekinekin ordainduz. Zinema, bereziki amerikar eta espainiar komediak ikuskizunik herrikoienak izan ziren eta guda-egoera tragikotik ihes egiteko biztanleriaren dibertimendurako biderik garrantzitsuena izan zen.

  • Gainontzeko Espainian baino aniztasun handiagoa

Bizkaian gudak urte bete ozta-ozta iraun zuen artean, aniztasuna ez zen, eskuindarren aurkako errepresioarengatik murriztu bazen ere, erabat desagertu. Baina euskal esparru politiko eta sindikala eremu errepublikano eta frankistakoa baino askoz zabalagoa zen, EAJ eta ELA-STV katolikoetatik hasi eta CNTko anarkisten arte Euskadiko Frente Popularra osatzen zuten bost alderdiez gain Errepublikako Jagi Jagiren jarraitzaile izan zen Patria Libre bilbotar astekaria bozeramaile izan zuen muturreko Euzko Mendigoizale Batza talde independentista barne hartzen baitzituen. Horren adierazgarri ona Euskadin gudaren izaerari edota nazio-arazoaren eta gizarte-gaiei buruzko abertzaleen, sozialisten eta komunisten artean izandako eztabaida politikoak argitaratu ziren Bilboko prentsa ugaria (hogeita hamar bat egunkari, astekari eta aldizkariz) izan zen. Prentsa anarkista (Horizontes aldizkaria eta CNT del Norte egunkaria) izan zen Eusko Jaurlaritzaren ekimen moderatuarekin kritikoena izan zena eta, horregatik gobernuaren zentsura gehien pairatu zuena ere, egunkari sozialista (El Liberal, de Prieto), komunista (Euzkadi Roja) eta abertzale ezkertiarrari (Tierra Vasca) ere eragin ziolarik.

  • Salbuespenezko justizia, baina bere jardunean moderatua

Legearekiko begirunea eta gudaren humanizazioa izan ziren Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bereizi zutenek, berehala emakume atxilotu guztiak aske jarriz eta eskuindar bi mila eta bostehun atxilotu inguru espetxe frankistetan zeuden euskal presoengatik trukatzen ahaleginduz, baina Nazioarteko Gurutze Gorriaren bitartez negoziazioak ez zuen arrakastarik izan. Alderdiek eta sindikatuek izendatutako epaimahaikoz eta magistratuz osatutako Euskadiko Herri Epaitegiak gudarekin zerikusirik zuten delituek bakarrik epaitu zituen eta neurritasunez eta zuhurtasunez jardun zuen. Eremu frankista eta errepublikarrean gertatu zenarekin erkatuz, Bizkaian gauzatutako heriotza zigorrak (hemeretzi) ez ziren oso jasoak izan eta matxinada militarra, espioitza eta traizioari buruzkoak izan ziren, bederatzi militar, falangista bi, karlista bi, aleman bi eta Paraguay-ko eta Austriako (Guillermo Wakonigg) Kontsulak fusilatuak izanez. Autonomiadun Euskadin ez zegoen giza-eskubideak aintzat hartzen ez zituen erakunderik eta ondorioz atxilotuen bizitzari begirunea izan zitzaion; baina salbuespen larri bat izan zen: 1937ko urtarrilaren 4a, aire-bonbaketa baten ondoren, jendetzak sututako egoeran zegoela Bilboko espetxeak indarrez hartu zituen eta 244 atxilotu hil zituen, tartean Juan Olazábal tradizionalista eta Pedro Eguillor eta Adolfo Careaga monarkikoek izanik. Hauxe izan zen Eusko Jaurlaritzari gehien eragin zion laidoa, berari gertaera horretan zegokion erantzukizuna hartuz gain, erantzule nagusienak zirenek (CNTko "Matalesta" batailoi bitako miliziarrek eta UGT "Asturias") prozesatuko zituen EAJko Julio Jauregui epaile berezi lez izendatu zuen. Ordutik aurrera, Agirreren Jaurlaritzak espetxeetako zaintza sendotu eta eskuindar presoen segurtasuna bermatu egin zituen, horiek guztiak 1937ko ekainean Bilbon frankisten tropen sarrera-bezperan aske utziz.

Alde horiek erakusten dute espainiar Guda Zibilak Euskadin izan zuen berezitasuna. Gainera, orduan izan zen euskal arazoak nazioarteko oihartzun handia lortu zuen garaia, batez ere Gernikaren suntsiketagatik, ehunka hildakoz, 1937ko apirilaren 26an, Agirreren Jaurlaritzak munduaren aurrean salatu izandako alemaniarren Condor Legioaren eta italiarren hegazkintzaren bonbaketa masiboak eraginda, Franco Jeneralaren Kuartelak eta Hitler-en Alemaniak, hondamendia errepublikarrek eta abertzaleek eragindako sute baten ondorioa zena gezurrez ukatua izanez. Gernikan gertatutakoak Durangoko bonbaketan izan zuen aurrekaria, Bizkaiaren gainean tropa frankisten erasoaren hasiera-eguna izan zen martxoaren 31an hirurehun inguru hildako sortaraziz. Airezko bonbaketa biak "euskal oasia" izenekoa bere azkenetan zegoenaren zalantzarik gabeko iragarpena izan ziren, Mola jenerala, Eusko Jaurlaritzak amorerik eman ezean, bere mehatxua betez Bizkaia birrintzeko gertu baitzegoen. Honek hogei milatik gora umeren ebakuazioa ekarri zuen, 1937ko maiatz-ekainean gehienek Frantziara joanez.

Artillerian gehiengo nabarmena izan arren eta hegazkintzan ikaragarria ere, Gamir Ulibarri eta Llano de la Encomienda Jeneralen agindupeko Errepublikaren Iparreko gudarostea osatzen zuten asturiar eta santandertarren batailoiengatik laguntza jaso zuen eusko gudarostearen erresistentzia gogorraren aurrean Francoren gudarosteak Bizkaia bezalako lurralde txiki bat menderatzeko hiru hilabete behar izan zituen.

1936ko udaran Gipuzkoan izandako pasibotasuna ez bezala 1937ko udaberrian EAJ Bizkaiaren aldezpenean bete-betean sartu zen, Euskadiko autonomiagatik eta sortzen zihoan euskal Estatuagatik ere borrokatzen baitzuen. Biak hil ziren Bilbo erortzean, ekainaren 19an errekete karlisten tertzioek burdin gerrikoari egin zioten oldarraren ondoren. Lau egun beranduago, Francisco Francoren lege-dekretu batek guda-zigor lez Gipuzkoako eta Bizkaiko Ekonomia Itunak indargabetu zituen, Araban Nafarroan lez, bere aldeko gehiengo gizarte-sorospena emateagatik, mantenduz. Eta ekain-amaieran bere gudarosteak Bizkaiko azken tokiak menderatu zituen, horrela Euskal Herri guztia Estatu frankistaren agintepera etorriz. Jose Maria de Areilza Bilboko Alkate berri monarkiko falangistak Euskadiren suntsipena epaitu zuen, beretzako: "era una resultante del socialismo prietista, de un lado, y de la imbecilidad vizcaitarra, por otro" (El Pueblo Vasco, Bilbao, 1937ko ekainaren 9a) zela esanez.

Bilbon eta Barakaldon EAJren batailoi batzuk eta Euzko Mendigoizale Batzako biak armak utzi eta amore ematea erabaki zuten Euskaditik at gudan jarraitzeak inolako zentzurik ez zuela uste izatearren, horrela Manuel Azaña presidenteak bere Egunkarian euskal abertzaleek espainiar errepublikagatik barik "por su autonomia y semiindependencia" (1937ko maiatzaren 31a) borrokatzen zutela idaztean aurreikusitakoa betez. Eusko Jaurlaritza, Leizaola Sailburua buru zen Defentsa Batzorde baten bitartez, Prieto Defentsa ministroak labe garaiak suntsitzeko agindua betetzeari, lur kiskaliaren politikaren aurkakoa zelako, uko egin zion. Hortik, bizkaitar siderurgia-industria garrantzitsua ukigabe agintari frankista berriengana iristea, guda ekonomiaren zerbitzutarako behin militarizatuz denbora gutxitan bere ekoizpena nabarmen handitu zutela. Bilbo galtzeak Errepublikarentzako funtsezko kaltea ekarri zuen, guda frankisten aldera desorekatuz.

Bere lurraldea galduz, Agirreren Gobernua, bere gudarostearen zatirik handiena eta milaka hamarreko euskaldun Frente Popularrak kontrolatutako Santanderreko lurraldera joan ziren, euskal abertzaleen artean egonezina eta gogorik eza ezarriz. Orduan EAJren agintaritzak, Juan Ajuriagerra bere gizonik sendoena izanez, borroka bertan behera utziz "italiar irtenbidea" bideratzea erabaki zuen: Donostiako Kontsula zen Cavalletti markesarekin maiatzean italiar agintariekin hasitako negoziazioak, Mussoliniren Kanpo Harremanetarako ministroa zen Ciano kondearekin elkarrizketatzeko Erromara Onaindia kanonigoak uztailean egindako bidaiarekin jarraitu izanak, eta Francoren gudarostearekin borrokatzen zuten eta Corpo di Truppe Volontarie zenaren agintean ziren militarrekin abuztuan amaitutakoak.

Francoren Santanderren gaineko erasoa abuztuaren erdian izatean, EAJk bere batailoiak frontetik atera egin zituen eta Laredo eta Santoñan elkartu zituen. Bertan italiarren tropen aurrean euren agintariekin hitzartutako baldintzen ordez porrot militarra itxuratzen ahalegindu zen: agintari politikoen atzerriratzea, euskal biztanleriarekiko jazarpenik eza, euskal gudarien bizitzari begirunea, guda jarraitzeko edonolako betebeharretik aske egotea... Baldintza horiek ez ziren burutu irteera horretarako beharrezkoak ziren itsasontzien berandutzeagatik eta agintari frankisten aurkakotasunagatik ere.

Abuztuaren 25 eta 26an, Santoñako Hitzarmen eztabaidagarria euskal gudarostearen zati handi baten kapitulazioan bihurtu zen eta EAJrentzako ikaragarrizko porrota izan zen, zeren bere agintari politiko eta militarrek, Ajuriagerra bera barne, El Dueso penalean atxilotuta gelditu ziren, agintari frankisten eskuetan berehala eroriz. Agintari frankistek urriaren 15ean, hamalau abertzale eta Frente Popularreko buruzagi fusilatu egin zituzten. Heriotza zigorrera kondenatuta Ajuriagerrak Francoren Batzordearengan Mussolini faxistaren Gobernuak eragindako presioei esker bizirik irautea lortu zuen.

Aldiz, ezkertiar euskal milizianoek, behin Santander galduta, Asturiasen borrokan ekin zioten Nafarroako Bridagek Iparreko frontearen amaia ekarri zuen 1937ko urriaren 21ean, Gijon mendean hartu zutenera arte. Halaber, beste euskaldun batzuk itsasontziz Frantziara iristea lortu zuten eta geroztik Cataluñara joan ziren, Errepublikaren alde gudan ekiten jarraituz. Hori izan zen Jose Antonio Agirreren eta bere Gobernuaren zati baten kasua, 1937ko urritik 1939ko urtarrilera arte Barcelonan kokatu baitziren. Konde-hirian bazen jada euskal ordezkaritza bat eta lehenbizi Negrin-en Gobernuko Justizia ministroa eta geroago sailik gabekoa izan zen Manuel de Irujo bertan aurkitzen zen, bere lana gudaren humanizazioan jardutea izanez, bizi asko salbatuz, eta Cataluñan gurtze katolikoa berrezartzeko ahalegina ere eginaz Barcelonako P. Josep M. Torrent bikario nagusia aurka azaltzeagatik arrakastarik izan ez zuen arren.

1938ko abuztuan, Irujok Juan Negrin presidentearekin zituen ezadostasun politikoengatik kargua bertan behera utzi zuen, sailik gabeko ministro bezala Acción Nacionalista Vasca-ko buruzagia zen Tomás Bilbao-k ordezkatua izanez. Barcelonan Agirreren Gobernua euskal errefuxiatuez arduratu zen (Euzkadi Ospitalea eta Gernika Ospitalea) eta Companys-en Generalitatearekin lankidetza estuan jardun zuen 1939ko otsailean Francoren gudarosteak Cataluña menpean hartu zuen arte, hilaren 5ean, Manuel Azaña Errepublikako Presidentea eta Diego Martínez Barrio Gorteetako presidentea ere Frantzian errefuxiatzen ziren egun berean, Lehendakaria, Manuel de Irujo, Lluis Companys eta Josep Tarradellas sailburuarekin batera Frantziara igaroz.

Bertan, 1937ko udaratik Eusko Jaurlaritzaren sailburu batzuk zeudenez gero, aterpetxeak, gazte-koloniak eta ospitaleak sortuz milaka hamarreko exilatuei gizarte-sorospena eta harrera egokia antolatu zieten. (Biarritzen "La Roseraie"). Horretarako, politika (Herriot lehendakari ohia eta Pezet diputatua), kultura (Maritain filosofoa eta Mauriac idazlea) eta erlijio (Verdier kardenala eta Mathieu gotzaina) esparruetako frantziar jende ospetsu ezagunen laguntasuna izan zuten, guztien artean 1938ko abenduan Parisen Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Elkartea sortuz eta Errepublikaren lagun ziren "euskal katolikoen kasu" eztabaidatuarekin bat egin zuten.

Vatikanoak, Franco-ren enbaxadorearen, Magaz almirantea, presioak jasan arren ez zituen inoiz kondenatu, baina Espainiako Gudan E.A.J. bandoz erratu zena uste izan zuen beti. Euskal xedea aldeztu eta zabaltzeko, Agirreren Gobernuak Euzko Deya egunkaria argitaratu zuen Paris-en eta Londres-en, Nemesio Sobrevila-ren Gernika film abertzalea erosi eta zabaldu zuen (1937), Europan ekitaldiak izan zituzten Eresoinka eta Elai Alai talde artistikoei laguntza eman zien, eta Euzkadi futbol taldea sustatu zuen, 1937an, sortu zenetik eta 1939an desegin zenera arte europar eta amerikar herri askotan jokatuz. Ikus Eusko Jaurlaritza.

JGS