Irakasleak

Goyri, María

Idazlea, ikerlaria eta pedagogoa. Madrilen jaio zen 1873ko abuztuaren 29an eta hiri berean hil zen 1954ko azaroaren 28an.

Euskal jatorrizkoa izanik, txikitan amarekin batera Algortara etorri zen eta bertan bizi izan zen 5 urtera arte. Orduan ama eta alaba Madrilera itzuli ziren.

Amalia Goyri-ren alaba naturala, Mariaren heziketa ez zen ohikoa izan. Amak lehendabizi etxean bertan hezi zuen, oso ikasketa egitaraua hertsiari helduz, frantsesa ere ikasi zuelarik, eta hortik kanpo marrazketa ikasi zuen eta gimnasio batera ere joan zen, garai hartan aurreiritzi ugariei aurre eginez, emakumezkoen gorputzarentzat "ez baitzen egokitzat" jotzen.

12 urte zituenean Emakumeen Hezkuntza sustatzeko Elkartean sartu zen eta bertan etxe-irakasle eta merkataritza irakasle titulua erdietsi zituen. Hori gutxi ez bazen ere, Eskola Arrunta Zentralean maisu titulua eskuratu zuen eta Cisneros Kardinala Institutuan Batxilerra.

1891-1892 epean Letra eta Filosofiako Fakultatean entzule gisa aritu zen eta 1892an Madrilen burutu zen Nazioarteko Pedagogia Kongresuan esku hartu zuen. Urte hori berez funtsezkoa gertatu zen Maria Goyriren bizitzan, unibertsitatean matrikula gauzatzeko baimena eskuratu baitzuen, baina oso baldintza bereziekin, esaterako, ezin zuen hitz egin, korridoreetan egon edo ondoko lagunekin eseri. Lizentziatura 1896an erdietsi zuen eta doktoretza 1909an El tema de la difunta pleiteada en la literatura española tesiaren bitartez.

Goi Mailako Ikasketen Eskolan Ramon Menendez-Pidal ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen 1900an. Ezaguna egiten zaigu erdi aroko erromantzeen inguruan burutu zuen ikerlana, senarrarekin batera. Dena den, kontutan izan behar dugu bere kasa garatu zituen filologia ikerlanak, hainbat artikulu eta saiakeratan islatuz.

Hezkuntzaren aurrean sumatzen zuen kezka zela eta, batez ere emakumeen kasuan, Maria Maeztuk sortutako Hezkuntzako Erakunde Libreko Eskola-Institutuan parte hartu zuen, berau Ikasketak Zabaltzeko Batzordearen menpe zegoelarik. Espainiako Literatura eta Hizkuntza ikasteko egitaraua eta metodologia finkatu zuen. Berez, gai hori irakatsi zuen eskolan bertan 1933tik 1936ra bitartean, zuzentzen zuen patronatuan bokala baitzen.

1936ko gerraren ondorioz, Maria Goyriren irakaskuntza ibilbidea eten egin zen. Irakaskuntza zabala, argia eta mistoaren aldeko lanak ez zuen lekurik diktadura garaian eta ikasgeletatik alderatua izan zen, ikerlanak eta bildumak burutuz jarraitu bazuen ere.