Pintoreak

Gonzalo Bilbao, Jose Luis

Gasteizen jaio zen, 1906ko apirilaren 13an. Arte eskolak eman zituen, eta erretratugile bikaina izan zen. Halaber, beste margo genero batzuk ere lantzeaz gain, argazkia eta eskultura jorratu zituen (modelatua eta zura tailatzea). Gasteizen bertan hil zen, 1976ko apirilaren 27an.

Ignacio Díaz Olano maisuaren eskutik egin zituen lehenengo marrazketa eta pintura lanak, Arka kaleko estudioan eta Arte eta Lanbide Eskolako ikasgeletan. Hortaz, beste margolari gasteiztar berrien antzeko ezagutzak eta esperientziak izan zituen. Gazte horiek marrazketa zehatzarekiko estimuan eta figurazio tradizionalean hezi zituzten, "ismoen" berezko berrikuntza plastikoetatik aldenduta.

Ez zuen inoiz jaioterria abandonatu, eta hainbat eta hainbat gasteiztarren eta arabarren arte maisu eta irakasle izan zen. Ikasleek artista bihurtzeko grina zuten, aisialdi uneak lan probetxugarri batekin bete nahi zituzten edo marrazteko trebetasuna lortu nahi zuten, etorkizunean marrazketa teknikoa edo delineazio ikasketak egiteko. Gonzalo Bilbao artistak, bada, irakaskuntzan eman zuen bizitza osoa eta, zalantzarik gabe, horri esker lortu zuen osperik handiena gizarte gasteiztarrean.

XXI. mendeko berrogeigarren hamarkadan inauguratu zuen bere lehenengo marrazki akademia. Hasiera batean, gurasoen etxean kokatu zen, Posta kaleko 32. zenbakian, Postetxearen aurrean (gaur egun eraikin hori jada desagertuta dago). Geroago, Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kaleko 18 zenbakira lekuz aldatu zuen, eta bertan aritu zen irakasle, hil arte. Irakasle ona izan zela eta gaitasun pedagogiko handiak zituela agerikoa da. Izan ere, beraren ikasle ohiengan ahaztu ezinezko oroitzapenak utzi zituen, eta ez zuen inoiz ere arte irakaskuntzaz bestelako lanik egin behar izan.

Irakaskuntzaren konpromisoetan buru-belarri murgilduta zegoenez, oso lan gutxi ditu artista gisa. Hala ere, erakusketa indibidual batzuk egin zituen, eta beste talde erakusketa batzuetan ere parte hartu zuen. Adibidez, badakigu bere gaitasunak erakutsi egin zituela Gasteizko Udaleko Aurrezki Kutxaren Hitzaldietarako eta Erakusketetarako aretoan, 1947ko azaroaren bigarren hamabostaldian, hainbat obra jarri baitzituen ikusgai: olio-pinturak, ikatzezko eta kolorezko erretratuak, akuarelak eta marrazki eta eskulturak. Garaiko prentsaren arabera, erakusketa hark abagunea eskaini zuen "obra bere osotasunean ikusteko" (Pensamiento Alavés, 22-11-1947. Itzulpen moldatua gazteleratik).

Ia bi urte beranduago, 1949ko abuztuaren 3tik 15era, berriz ere erakusketa indibiduala egin zuen, eta Olagibel kaleko Aretoan "Exposición de retratos" jarri zuen ikusgai, bere errepertorioko diziplina piktorikorik goraipatuena, alegia. Margolarientzat erretratuak egitea lan arriskutsuenetakoa eta zailenetakoa bada ere, Jose Luis Gonzalo Bilbao genero horretan nabarmendu zen. Koadroetako modeloak senitartetik hartzen ditu, arabar gizarte maila ezberdinetatik eta, sarritan, baita ikasleen artetik ere. Marrazketa sendoa da, leuna eta baita errealista ere, ez baitu subjektua jainkotzen, eta modeloaren psikologian barneratzen da.

Orokorrean, busto erretratuak dira. Obra guztien bildumatik eta Udal Kutxak margolariaren omenez Luis de Ajuria aretoan egin zuen hil osteko erakusketatik (1979ko uztailaren 21-30), zenbait koadro aipatuko ditugu:

  1. Mi padre (Pedro Gonzalo Busto jaunaren bustoa),
  2. Mi madre (Prudencia Bilbao),
  3. Busto de D. Fernando Gonzalo Bilbao,
  4. Retrato de D. Pedro Ignacio Gonzalo-Bilbao,
  5. Retrato de Mª Teresa Gonzalo-Bilbao,
  6. Retrato del Padre Ramiro de Pinedo, benedictino de Estíbaliz,
  7. Retrato de D. Gregorio de Altube,
  8. Retrato del pintor Eloy Erentxun,
  9. Retrato de la pintora Pilar López de Munain,
  10. Retrato del pelotari Ogueta,
  11. Retrato de José Luis Cobas Lete,
  12. Retrato de José Luis Sáenz de Ugarte,
  13. eta abar.

Oro har, erretratugintzan espezializatzen diren margolariek ez dituzte gustuko izaten haurren erretratuak, baina Gonzalo Bilbao artistak gizakume txiki horien ezaugarriak egokiro nabarmentzen zituela idatzi izan ohi da, "etengabe mugitzen diren arren". (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Erretratuez gain, paisaiak eta loreak interesezko zituen, eta haietara jotzen zuen batzuetan, irakasle lanetatik atseden hartzeko edo erlaxatzeko. Eskulturarekiko estimua ere erakutsi zuen, eta Madrilgo XVIII Salón de Otoño erakusketan parte hartu zuen 1948ko azaroan, eskultore gisa, hain zuzen ere. Pieza horietako batzuk, hiru dimentsioetan egin zituen, esaterako: Mi padre, Retrato de señora, Cabeza con mantilla edo Torso de atleta.

Beste agerraldi publikoei dagokienez, hil osteko katagoloan (1979ko uztaila) agertzen den biografia laburretik ondoko parte-hartze hauek aukeratu ditugu: "Madrilen, Arte Ederren Areto Nazionalean eta Salón de Otoño erakusketan (1948). Donostiako San Telmo Museoaren inaugurazioan. Gasteizko Udalaren Aurrezki Kutxaren Erakusketa Aretoaren inaugurazioan (1944). Donostiako Udaleko Aretoaren Inaugurazioan. Baionan, (Frantzian), (1949), Arrasaten (1950), eta Gasteizen (1944, 1949, 1950)". (Itzulpen moldatua gazteleratik).