Kontzeptua

Ahari Talka

Euskaldunek antzinatik izan dute borrokarako eta lehiarako zaletasuna. Horren ondorioz, aharien talka baliatu izan dute apustuak antolatzeko.

Bi lekukotza ditugu antzinako ohitura hori berresten dutenak.

Lehenengoa Ignacio de Iztuetarena da. Hark, "Guipuzkoako Condaira" lanean honakoa aipatzen zuen duela 150 urte:

"Gipuzkoarrak aharien apustuen zale itsuak ere badira. Plaza irekitan ospatzen dira, aurrekoak bezalaxe, alkate jauna bertan dela. Ikusi izan dut elkarren aurkako kolpe bortitz eta ugarien eraginez adarretatik kea darien aharirik. Halaber, ikusi izan dut lehen kolpean bestea baino ahulagoa denaz jabetu eta ez hurreratu nahi izana. Duela hamabi urte bazen Bidanian txikia bezain artetsua zen ahari bat. Bi urtez, gutxienez hamar aldiz lehiatu zen bere tamaina biderkatzen zuten ahariekin, eta guztiak irabazi zituen bere trebetasuna baliatuz. Kolpea ematerako unean burua eta aurreko bi hankak altxatu ohi zituen. Etsaiak indar guztiak xahutzen zituen erasoan eta bat-batean beste ahariaren azpira erortzen zen eta orduan hark goitik behera eragiten zion". (itzulpen moldatua).

E. S. Labayru y Goicoecheak ere 1895ean honakoa aipatzen zuen "Historia General del Señorío de Vizcaya" delakoan.

"euskal laborari eta abeltzainen dibertsio eta apustuetako bat aharien talkarena zen eta zenbaitetan jendez betetako plazetan ospatzen ziren". (itzulpen moldatua).

Gaur egun oraindik bada zaletasun hori eta Itziarko Gregorio Aguirreren arabera, baserritar askok ahariak hazten dituzte soilik ukuiluan edo borrokan ikusteko; izan ere, ahariak jabeari ez dio etekin materialik ematen eta bai, aitzitik, gastu ugari. Gainerako herri-kiroletan datuen gabezia erabatekoa bada ere, ahariei dagokienez bada Cesareo Saez Egañaren artikulu bat, "Ganaderia" aldizkarian, 1955eko urrian argitaratu zena. Bertan ahariak ikuspuntu zootekniko batetik aztertzen dira, oso zehaztapen interesgarriekin.

Lehenik eta behin izendapenari dagokion kontu bat argitu behar da. Euskaraz ikuskizuna ari-joku izendatzen da, hots, aharien arteko joko edo borroka. Baina izendapen hori ez da zuzena, ahariak ez baitu borrokatzen. Aharia ahariko zikiratua da. Espasa hiztegiari erreparatzen badiogu: "la denominación de carnero se aplica solamente al macho adulto de la especie y en particular al que, casi siempre castrado, se destina a la matanza, pero el macho destinado a la reproducción y a la lucha, es el morueco" (ahari izendapena espezie horretako har helduari dagokio eta, bereziki, ia beti zikiratu ondoren hiltzeko hazten denari, baina ugalketa eta borrokarako hazten den harra marroa da). Izendapen egokia, beraz, marro arteko borroka, jokoa edo apustua litzateke.

Borrokarako marro bat hautatzeko zaleak badaki marro-talde egokia aukeratzen. Ikuskizuna jendetsua ez denez (ikuskizun gisa ere ez da onartzen), ez da ganadutegi hautaturik eratu. Zezenen kasuan gertatzen denaren kontra, ez dago borrokarako hazten den marrorik. Eta artzainek ez dute marro horien oldarkortasuna bultzatzeko metodo zooteknikorik jarraitu. Marroa sekula ez da hautatu edo probatu. Hala eta guztiz ere, zaleak badaki, enpirikoki, zein marrok emango duen plazan emaitza ona. Jose Mari Mendiolak dioenez marrorik onenak Andiako mendilerroan, Gorbean eta, batez ere Urbasan bazkatzen dira. Urbia eta Aralarrekoak aldiz, gorputz eta buru sendokoak izan arren, bigunegiak dira borrokarako eta oldarkortasunik gabeak. Borrokarako zezenarekin gertatzen den bezala haranetan bazkatzen diren esne-ardien artaldetan dauden harrek balio gutxi izan ohi dute; oldarkor eta gogorra dena lur malkartsu eta harritsuan hazten da eta lurraren eite horren ondorioz etengabeko jardunean ibili ohi da. Behin taldea aukeratu ostean marroari begiratzen zaio. Bular zabala eta hanka indartsuak izatea komeni da, gihartsua, kolpea ematerako unean bultzada indartsua eman dezan. Adarrak barnerantz sartuak parez pareko kolpeari sendotasun gehiago emateko. Adinari dagokionez, bi urte izan behar ditu. Ordurako gorputza garatu zaio eta ardiak estaltzeko prozesua igaro du; baina ez da zaharragoa izatea komeni, talka ugarien edo har helduekin borrokatu eta porrot egitearen ondorioz otzandu ez dadin. Borrokarako zezenekin ez bezala, marroak ez dira oinordezkotzarako prestatzen eta oldarkortasuna ere ez da lantzen. Baina, neurri batean, bi faktore horiek kontuan hartzen ditu zaleak marroa hautatzerakoan. Animaliaren ezaugarri morfologikoari so, eman ditugun irizpideen arabera, marro egokiena hautatuko du zaleak. Gerora, marroak belardian duen portaerak zenbateraino den oldarkor erakutsiko du. Borrokarako gaitutako marroa ardiekiko jarrera xeratsua duen hura da, araldian espeziaren sena argiro erakusten duen hura. Marro zahar edo indartsuagoekin borrokatzeari muzin egiten ez dion hura da egokia.

Arruazuko Jose Maria Gamboak (Aralar mendilerroan aritzen den artzaina) aipatzen duenez, duela bi belaunaldi ohikoa zen mendian marroen arteko borrokak ikustea. Artzainak deman ibiltzen ziren eta kopuru handiak jokatzen zituzten bakoitzaren animaliaren alde. Gaur egun, ordea, artzainek harren arraza hobetu nahi dute bereziki eta, horren ondorioz, borrokak saihestu egiten dituzte arraza arriskuan ez jartzeko. Dena den, haiek erosteko asmoz zaleren bat hurreratzen bada saldu egiten dituzte berehala, eta oso prezio onean gainera. Behin animalia erosi ostean giharrak garatzeko eta erresistentzia hartzeko lanari ekiten zaio, borroka luze bati aurre egin diezaion. Oiartzungo Jose Maria Mendiolaren arabera (marro-hazle ospetsuenetako bat) "ezinbestekoa da marroa ukuiluan ez egotea. Hezetasunak kalte egiten dio. Egoki aireztatutako leku batean utzi behar da, egurrezko zoruaren gainean. Animaliak ez du lurra edo lauza zapaldu behar. Hori garrantzitsua da. Marroa lotuta izatea komeni da hormen aurka kolpatu ez dadin. Lepokoa jarrita lot daiteke edo adar batetik bestela. Gazteen kasuan hori kaltegarria izan daiteke, izan ere, uztaia eta katez lotutako adarra ez da behar bezala garatzen. Etengabeko tiraldien eraginez adarra okertu egiten zaio gazteari. Marroa jatuna da oso. Egunero 900 gramo baba beltz, litro erdi ardo eta bi besaldi belar hartu behar ditu. Zenbait hazlek azukrea eta ura ere ematen dizkio. Belar berdean bada nahikoa ur. Beharrezkoa balitz nahikoa da, noizean behin, litro erdi barazki- eta haragi-zopa ematearekin. Jardueran ibiltzea oso garrantzitsua da. Egunero 5 kilometro egin behar ditu mendian zehar eta, ahal dela, harrien gainean, hankak sendotu daitezen. Borroka oso gogorra zaio animaliari eta horretarako prest izan behar du". Elikadurari dagokionez hazle batzuek dieta aldatzen dute tarteka. Urrestillako Antonio Aranaga Jose Aranagaren semea da. Biak ere oso ezagunak dira aharien jabeen artean. Semearen arabera, borrokarako marro batek aizkolari batek adina prestaketa behar du. Baba beltza, ardoa, arrautzak eta azukrea ematen dizkio egunean hiru aldiz. Marroak berehala hartzen du pisua. Gregorio Aguirrek dioenez bere ahari bat 68 kilorekin borrokatu zen eta hurrengo astean 82 kiloko pisua zuen eta ohikoa da 10 egunetan 10 kilo hartzea. Horregatik da oso garrantzitsua elikadura zaintzea.

Aipatu duen moduan entrenamendua oso garrantzitsua da. Korrikaldi luzeak lur harritsuan barna jabearen atzetik. Modu horretan, gorputz-adarrak sendotu egiten dira. Miura ganadutegiko zezenak, oso gogorrak izateagatik ezagun direnak, halaxe prestatzen ziren. Mendiolaren esanetan "Perico" aharia oso oldarkorra zen eta entrenamenduetan egiten zituzten ibilaldietan makila batetik tiraka eraman behar zuen, bere burua kolpez kolpe kalte ez zezan. Entrenamenduan beste marro batzuen aurkako lehian ere trebatu behar zen, borrokarako ohitura hartu eta plazan arreta gal ez zezan. Dena den, animalia gogorren arteko lehiak saihestu egin behar dira. Lehiakideak animalia ahula behar du izan, lehen kolpeak jaso bezain pronto ihes egiten duena. Hala, borrokarako marroak konfiantza irabazten du eta porrot egiteko beldurra saihesten da. Hazle batzuek, marroa ohitzeko xedez, buruan kolpatzen dute egurrezko mailu batekin.

Animalia prest denean apustua egiten da. Baldintzen artean garrantzitsuena pisuari dagokiona da. Bi marroak parekatzeko ahalegina egiten da, izan ere, kilo gutxik abantaila asko ematen dute. 40 eta 70 kilo bitarteko marroak aurkezten dira. "Olatxikik" 120 kiloko marro bat aurkeztu zuen Arroan. Baina halakoak salbuespenak dira. Lau eta bost urte bitarteko adina da borrokarako egokiena, orduan egoten baita marroa sasoi betean. Idi-probetan gertatzen den bezala, lehia hasi aurretik animaliak pisatu egin behar dira derrigorrez. Ordurako argi eta garbi adierazten dira apustuko baldintzak. Eta bi aldeen artean hautatutako zale neutral bat arduratzen da baldintza horiek betearazteaz. Normalean apustu hauetan ez da kolpe kopuru mugarik eta beste marroa ihes egitera behartzen duen animalia izaten da garailea. Ikusleek irabazlearen aldeko apustuak egiten dituzte, baina irabazteko behar den kolpe kopurua ere jokatzen da, hots, zenbat kolpe beharko dituen marroak irabazteko. Borrokaren hasieran jabe bakoitzak bere animalia paratzen du, elkarrengandik 8 metroko distantziara. Elkarren aurka talka egiteko berezko senak bultzatuta indar handiko kolpe bortitzak ematen dizkiote elkarri hasierako abiadura eta atzeko hanken lehen bultzada aprobetxatuz. Kolpe kopurua ezberdina izaten da borrokaren arabera. Normalean 20-80 kolpe behar izaten dira borroka amaitzeko. Mendiolak aipatzen duenez bere "Chato" marroak 156 kolpe eman zituen behin eta Aiako Amunateguiren ahari batek 225 kolpe eman ostean gailendu zuen Armendiyaren ahari bat. Jose Aranagaren marro batek 288 kolpe pairatu zituen. Zale zahar batzuen arabera, bada irabazteko 300 kolpe behar izan duenik ere. Hauek, ordea, ziur aski sagardotegiko edo tabernako eztabaida beroan sortutako kopuruak izango dira. Aharien arteko borroketan "errekor" edo marka horiek homologatzea zaila denez, jabeek animalien balentriak puztu egiten dituzte beti. Baina borroka beti aipatutako moduan gertatzen da. Zenbaitetan ihes egin beharrik gabe borroka ekidin asmoz, marroak buruz buru jarri ohi dira eta aldez alde kolpatzen diote elkarri ia indarrik gabe. Hori gertatzen denean jabeek banandu egiten dituzte eta parez pareko erasoak emateko egokia den distantziara kokatzen dituzte berriz ere. Marroetako batek borroka egiteari muzin egin eta aurkariari ihes egiten badio lehen "kintzea" galtzen du; jabeek bigarren "kintzerako" prestatzen dituzte berehala, baina ihes egin duen marroak ez du beti onartzen bigarren lehia hori. Porrot egin duen ahariak nekez borrokatuko du berriz ere, ondo gogoratzen baititu jasotako kolpeak. Hori gertatzen denean hiltegira bidaltzen da. Animalia oldarkorrak alferrik ez galtzeko, oso borroka parekatuetan eta kolpe askoren ostean, bi jabeek hala adostu ondoren, sarritan borroka nulutzat jotzen dute, eta apustuak ere baliogabetu egiten dira. Antzina ohikoa zen ahari bat beste biren kontrako deman ikustea. Bigarren animalia lehenengoak porrot egin ostean sartzen zen borrokan.

"El Pueblo Vasco" aldizkarian 1906ko ekainaren 22ko alean Ikaztegietako Zuloagaren ahari ospetsuaren eta Oiartzungo eta Irungo beste bi ahariren arteko apustua aipatzen da. 250 pezeta jokatu ziren. Herri askotan izan zen marroen arteko borrokarako zaletasuna: Eibar, Azpeitia, Azkoitia eta Arroa, Gipuzkoan; Elorrio, Durango eta Markina, Bizkaian; eta Leitza, Betelu, Intza eta Azkarate, Nafarroan. Mende hasieran, Donostiako zezen-plaza inauguratu eta berehala dema garrantzitsu eta ugari izan ziren bertan. Hazleak ere asko dira. Urrestillako Aranagatarrak; Itziarko Domingo Aguirre; Mendiola, Donostiako Jose Mari tabernako jabe ezaguna, nahiz eta jaiotzez azpeitiarra izan; Aiako Amunategui eta Armendiya; Zarautzeko Sarola, etab. Bizkaiari dagokionez Getxoko Julian Bilbao aipatuko dugu, "Trompi" ahari ezagunaren jabea. Edale ona izateagatik izen hori hartu zuen aharik hark 1960 aldera lehia entzutetsuak izan zituen Butroeko "Pacho Gitano" ahariaren aurka. Duela urte asko Bilboko hazleak ere ezagunak ziren, esate baterako, Juan Bautista Amiel; gaur egun Donostiako udal-arkitektoa den Luis Jesus Arizmendiren aitona. Mendiolak 1881ean Amiel eta Pradela marro-hazleen artean Bilboko jatetxe batean izandako liskarra aipatzen digu. Dirudienez, pisura zeramaten animaliak ispilu baten aurka jauzi egin eta suntsitu egin zuen.

Harrigarria da 1900 aldera marroen jabeek apustuetan jokatzen zituzten kopuruak. Asko 500 pezetakoak ziren eta baita handiagoak ere. 1909ko urriaren 11n Tolosako zezen-plazan Bizkaiko ahari baten eta Santiago Igarabideren (Juanagorri) ahari baten arteko apustua jokatu zen. Orduko 1.500 pezeta jokatu zituzten; gaur egungo 100.000 pezeta gutxi gorabehera. Mende hasiera hartan "Pepete" ahari ezagunak sona handia izan zuen, 50 borroka baino gehiago irabazi baitzituen. Eibarko Domingo Oteizaren aharia zen eta Donostiako zezen-plazan jasan zuen lehen porrota 1911ko azaroaren 26an. Donostiako Damaso Arruti hazlearen ahari batek garaitu zuen. 1910 eta 1920 bitartean ere izan zen ahari ospetsurik, besteak beste, Tolosako Jose Ramon Otaeguiren "Raku"; Nuarbeko (Azpeitia) Jose Antonio Echezarretaren (Aguerdicho) "Potxolo"; Ermuako "Chino"; Azpeitiko "Kortadi"; eta Leitzako Juan Cestaoren "Ezcurra". 1912ko otsailaren 20an 3.000 pertsona baino gehiago hurreratu ziren Tolosako zezen-plazara Astigarretako ahari baten eta Altzoko beste ahari baten arteko borroka ikustera. Horrek argi erakusten du duela 50 urte nolako ikusmina sortzen zuten halako borrokek.

Ahoz aho historia txikian sartu dira oldarkor eta gogorrak izateagatik ezagun egin ziren marroen izenak. Mendiolaren "Chato" aipatuko dugu. 60 kiloko pisua zuen eta 19 borroka irabazi zituen. Hogeigarrena tetanosa zuelako galdu zuen. Gaixotasuna hiltegian topatu zuten, behin sakrifikatu zutenean. Halaber, Mendiolarena zen "Perico" ezaguna. Jokatu zituen 12 borrokak irabazi zituen.

1935eko maiatzaren 3ko Jendaurreko Ikuskizunetarako Poliziaren Araudiko 8. artikuluaren arabera marroen arteko borrokak debekatuta zeuden: "Debekaturik daude ordena asalda dezaketen edo moralaren edo portaera zintzoen aurkakoak diren jendaurreko ikuskizun edo dibertsioak; halaber, debekaturik daude animalien arteko borrokak eta jomugara tiro egitean edo antzekoetan bizirik dauden animalien erabilpena, loturik daudela;eta orokorrean, animalien aurka tratu txarra edo zitalkeria erabiltzea eragiten duten jarduerak". Segurtasunaren Zuzendaritza Nagusiaren zirkular ugarik artikulu hori erabiltzeari buruz ohartarazi dute. Eta azkenik, gobernu-agintaritzak, euskal lurralde guztietan, aharien arteko borrokak ospatzeari dagokionez, erabateko debekua edo nolabaiteko tolerantzia arautu du, irizpide pertsonalak edo unez uneko egoera aintzat hartuta. Dena den, aharien arteko borrokak gobernuaren baimenik jaso gabe ere ospatzen dira, jabeen artean egiten dituzten lehia pribatuetan.

Beste herrialde batzutan marroaren talka egiteko berezko sena espezie bereko beste baten aurka lehian ipintzeko aprobetxatu izan da. Halaxe gertatzen da Austriako Tirolen. Bizi dugun aroaren aurretik, Alejandro Magnok, ejertzitoekin batera, Egeoko ardi eta ahariak eraman zituen Ekialde Ertainera. Gaur egun, arraza greziar haren ondorengo diren marroen arteko borroka Afganistaneko ikuskizun nazional bilakatu da. Han, gurean erabiltzen ditugun antzeko ohiturek eta arauek zuzentzen dute borroka. Erreferentzia. Aguirre Franco: Juegos y Deportes Vascos, "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco", 1971, 248-257. or.