Monarkia eta noblezia

Joana II.a Nafarroakoa

Joana I.aren agintaldiaz geroztik (1274tik 1305era), frantses monarkek gobernatzen zuten Nafarroa. Erresumako kontuak Frantziatik zuzentzen zituzten, eta administrazioa frantses funtzionarioen esku uzten zuten. Nafarroako pertsonai garrantzitsuak ez zeuden gobernatzeko modu horrekin ados, eta egoerari aurre egiteko, infantzoiak eta hiribildu nagusietako ordezkariak batu egin ziren, interes komunak defendatze aldera. Horrez gain, Felipe "Luzea" erregeak tronua legez hartu izana zalantzan jartzen zuten hainbatek, eta, beraz, haren anaia Karlosen erregealdiaren baliozkotasuna baita ere.

1328ko martxoaren 13an, infantzoiek eta hiribilduetako ordezkariek batzarra egin zuten Garesen, eta, bertan, erresumaren gaineko gai garrantzitsuak jorratu zituzten, aurretik ere beste batzar eta asanblada batzuetan maiz mahairatutakoak. Zehazki, honako hauek adostu zituzten: elkarri lagunduko ziotela erresuma defendatzeko, tronua hartzen zuen errege-erreginak foruak zin egin behar zituela eta erresumako foruak, usadioak, ohiturak, pribilegioak eta askatasunak errespetatzen zirela bermatuko zutela. Era berean, Rabastens-eko Pedro Remon Nafarroako gobernatzailea kargutik kendu zuten, eta gobernatzaile izendatu zituzten Leheteko Joanes Korbaran, erresumako alferiza, eta Medrango Joanes Martinez, Arroitzeko eta Sartagudako jauna. Bilera horretan, tronurako hautagaitzat aurkeztu zituzten Joana eta Felipe Evreuxkoa, eta adostu zuten horiek uko egitekotan, batzarkideek erregetzat aitortuko zutela Joana I.aren leinua jarraituz erresumak aukeratutako hautagaia.

Erresumako gobernatzaileek maiatzaren 1ean Gorteak deitu zituzten, eta, bertan, Joana erregina izendatu zuten. Izendapen horren bidez, nafarrek frantses monarkiatik aldentzen zuten erresuma. Frantzian, une hartan, Valois-eko Felipe VI.a errege aldarrikatu berri zuten. Gorteetako kideek mandatariak bidali zituzten Joana erreginarengana, erresumara bidaiatu zezan eskatzeko, eta errege-erreginak zin egitera joan ziren. Zin egiteko egintza 1329ko otsailaren 27an egin zen, Larrasoañako Gorteetan, eta Joana eta Henrike bertaratu ziren. Koroatzea Iruñeako katedralean egin zen, urte hartako martxoaren 5ean. Nafarren asmoa zen erresumaren titularra Joana izatea, baina Felipe Evreuxkoak lortu zuen onar zezatela berak gobernatzea emaztearen izenean. Oinordekotzarako klausulen arabera, erregina hiltzerakoan Felipek seme-alaba nagusienari eman behar zion erresuma, hark 21 urte betetzerakoan. Erregina seme-alabarik gabe hiltzen bazen, Felipek erresumari uko egin behar zion, eta hiru Estatuek hautatuko zuten tronurako ordezko legitimoa.