Monarkia eta noblezia

Joana II.a Nafarroakoa

Aita hiltzerakoan, Joana Frantziako eta Nafarroako tronuetatik baztertu zuten. Izan ere, ume txikia baino ez zen, eta sasikumea izatearen susmoak zeuden. Bestalde, Luisen bigarren emaztea, Klementzia Hungariakoa, haurdun zegoen, eta haur hura jaio bitartean, Luisen anaia txikiak, Poitiers-eko Felipek, hartu zuen erregeordetza. Erregeorde zela, lege salikoa ezarri zuen, emakumeei erreinatzen galarazten ziena. Gizonezko oinordeko bakarra jaio eta egun gutxira hil zenez, erregeordea errege bihurtu zen, Frantziako Felipe V.a izenarekin. Era berean, Nafarroako errege ere aldarrikatu zuen bere burua, nahiz eta lege salikoak nafar erresumari eragiten ez zion. Felipe V.a Frantziakoa eta II.a Nafarroakoa, "Luzea" ezizenez ezaguna, 1322an hil zen arte gobernatu zuen. Lege salikoaren ondorioz, haren bi alabak tronutik baztertu zituzten, eta Karlos IV.a Frantziakoak eta I.a Nafarroakoak hartu zuen oinordekotza.

Karlos erregeak, "Burusoila" ezizenez ezaguna Nafarroan eta "Karlos Ederra" ezizenaz Frantzian, ez zuen nafarren aurrean zin egiteko aukerarik izan. 1328. urtearen otsailean hil egin zen, eta beraren anaia Feliperen moduan, ez zuen semerik eduki. Bigarren emaztearekin alaba izan zuen, eta hirugarren emaztea haurdun zegoen. Hala ere, bigarren alaba jaio zenerako (apirilaren 1ean), zenbait jaun handi, zaldun eta erresumako hiribilduetako ordezkari Gorteetan bilduak ziren, eta tronurako oinordekoa izendatuta zuten jada.

Bestalde, Karlos erregea hil eta erregina berria izendatu artean, Lizarran eta Nafarroako beste aljama batzuetan juduen kontrako sarraskiak gertatu ziren. Zehazki, Lizarrako judutegia martxoaren 5etik 6ra eraso zuten, eta Funeseko eta San Andriango judu gehienak erail zituzten.