Toponimoak

Akelarre

Akerraren larrea. Mitologia. Akelarren-lezea izeneko hartzuloaren sarreraren aurrean kokatutako Zugarramurdiko lautada bat da. Inguru hartan eta kobazulo hartan antzinatean sorginak biltzen zirela uste da. Kobazuloaren sarreran, zorutik altuera gutxira, leiho antzera egindako zulo bat zabalduta dago harresian, eta toki hartako biztanleek esaten duten bezala, deabruak, aker itxura hartuz, sorginak biltzen zituen aulkia omen zen. Historia aurreko etxeetako hondakinak zaintzen dituen atariko zoru leuan eta etartean, Akerren edo Aker itxurako jeinuaren deboziodunak biltzen ziren, berari zegokion gurtzea eskaintzeko: jaurespena, eskaintzak, kontuen berri ematea, aginduak jasotzea.

Haitzulo berberak ekialdetik Sorginen-leze izeneko beste sarrera zabalago bat du. Bertan ospatzen da urtero, herriko jaietako laugarren egunean (abuztuaren 15a), herriko zaharrek antolatutako ohiko ekitaldi bat. Aipatutako zaharretariko bik egun horretako goizean zehar aker bat edo bi erosten dituzte, haitzuloaren barruan hil egiten dituzte eta gero, bertan pizten duten sute baten gainean akerrok erre egiten dituzte. Eguerdian lezean biltzen dira herriko zaharrek eta erretako okela banandu ostean ogiz eta ardoz jaten dute. Zaharretariko bakoitzak berari dagokiona ordaintzen du, eskotean. Ondoren, zapi bitartez edota eskua elkarri emanez, denen arten ilara luze bat egiten dute eta lezetik irteteari ekiten diote. Horrela dihardute abade etxearen aurrera heldu arte, eta bertan dantzan egiten dute, gero herriko enparantzara joanez eta behin bertan direla "sokadantza" dantzatuz.

Zugarramurdiko Akelarreaz gain, sorginen batzarleku edota bilgune bezala beste toki batzuk ere adierazten dira. Horietako batzuk hauek dira: Petiberro (Aezkoa), Larrune, Jaizkibel, Irantzi (Oiartzun), Pullegi (Oiartzun), Ameztoiako Mairubaratza (crómlech) (Oiartzun), Mandabiita (Ataun), Mañariako Akelarrea, Illarregiko Akelarrea, Garaigorta (Orozko), Petralanca (Arratia), Eperlanda (Muxika), Akerlanda (Gautegiz Arteaga), Abadelaueta (Etxaguen), Urkiza (Urizaharra). etc.