Arkitektoak

Fullaondo Errazu, Juan Daniel

Arkitektoa, irakaslea, idazlea eta arkitektura historialaria. Bilbo, 1936ko martxoak 4; Madril, 1994ko ekainak 26.

Madrileko Arkitektura Eskolan ikasle zelarik Manuel Galindez eta Jesus Maria Chapa arkitekto bilbotarren estudioan bere lehen lana egin zuen, eta 1958an graduatu ostean Madrilen finkatutako Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarraren bulegoan kolaboratzen hasi zen. 1962an, 26 urterekin, Arkitektura Sari Nazionala lortu zuen eraiki ez zen kanporako teatro batekin. 1963tik aurrera bere estudio propioa ireki eta ikasi zuen eskolan irakaskuntza lana hasi zuen. 1964ean Madrileko Eskolan doktoratu zen "Musika eta Arkitekturaren arteko erlazioak Arnold Schoemberg-ren bitartez" izeneko tesiarekin. 1966an Arquitectura aldizkariko erredakzio kontseiluko kide izendatu, eta Paloma Buigas de Dalmaurekin ezkondu zen, bi seme-alaba izan zituztelarik: Diego eta Maria, biak ere arkitektoak. 1967 eta 1972 bitartean Nueva Forma aldizkariaren zuzendaria izan zen. 1976an Architecture aldizkariko nazioarteko batzordeko kide izendatu zuten, 1979an Pariseko Éditions de Montier-eko orientazio komitearena, eta 1985ean UNESCO-ren ICOMOS-ek (Monumentu eta Lekuetako Nazioarteko Kontseiluak) arkitektura garaikidean aditutako komitean parte hartzera gonbidatu zuen. 1986an Proiektu Arkitektonikoak III.ko Katedra lortu zuen Madrileko Arkitektura Eskolan.

Fullaondoren lana penintsula guztian, baina eskuarki Bizkaian, banatuta dauden ehun arkitektura tipologia eta hirigintza proiektu baino gehiagoz osatuta dago, eskulturak eta pinturak lagun. Lan asko beste profesionalekin batera egin zituen, laurogeita hamar bat lankiderekin kolaboratu zuelarik. Izan ere, Fullaondo bere garaiko arkitektura protagonista nagusiak ezagutu eta beraiekin erlazionatu baitzen: arkitektoak, editoreak eta historialariak, baina baita eskultore eta pintoreekin ere. Fullaondok Mugimendu Modernoaren arkitektura gustuko zuen bereziki, batez ere Frank Lloyd Wright, Ludwing Mies van der Rohe eta De Stijl taldea, bere lanean presente dagoena, maiz esfera erabiltzen duen maila ezberdinetako geometria erritmikoetan.

Arkitekto bilbotarra Oizaren estudioan zegoela hainbat proiektuetan kolaboratu zuen, besteak beste, Batan herriko eskola zirkularretan, Mallorkako apartamentu-terrazetan eta Madrileko Dorre Zurietan. Estudioan Fullaondok Juan Huarte eraikitzaile nafarra ezagutu eta bien arteko erlazioa hasi zen Madrilen hainbat proiektu eraikiz: HISA bulegoak eta bere altzariak (1965) edo desagertutako "H Muebles" denda (1965- 1966). Arkitektoarentzat denda bere azken lan organikoa da, hala kalifikatzen baititu bere ibilbide profesionalaren aurreneko urteak. Garai honetakoak dira ere, bere familiak egin zion enkargu bakarretakoa, Errazu panteoia Derion (1964), eta Madrileko Opera eta Jauregi eta Erakusketa eta Kongresu Jauregi (1964) eta Donostiako Kursaal (1965) lehiaketetara aurkeztutako proiektuak.

1966tik aurrera Fullaondok aldaketa bat baieztatzen du bere obran, lasaiagoa, abangoardia arrazionalistaren forman gogoratzen dituen hizkuntza gogorrago baten araberakoa, bere ustez Oizan hasitako jarrera neo arrazionalista izango litzatekeena. Hogeigarren eta hogeita hamargarren hamarkadetako arkitektura, Jorge Oteiza eskultoarearen, arte Minimal, Kontzeptuala, Land Art eta Giorgio de Chiricoren lana ikasi eta interesa zuen garaia da. Arkitektura Eskolan egon ez zen urte hauetan, gehiago eraiki, eta pragmatismo handiagoa lagun, bere lana heldu eta profesionalizatu zen.

Etapa honetakoak dira, nagusiki, egoitza proiektuak, horien artean Alvaro Libano eta Fernando Olabarriarekin Bizkaiko hainbat udalerrietan eraiki zituen auzo etxeak: Bilbo, Getxo, eta batez ere Durangon, Olabarria udal arkitektoa zen herrian. Halaber, Mediterraneo aldean udarako zenbait apartamentu proiektu burutu zituen ere. Urte hauetako egoitza proiektuen artean aipatzekoa da 1965ean Bilboko Mazarredo Zumarkalean, Olabarriarekin batera, Fullaondok bide berri bat bezala ulertu zuen auzo etxea. Bestalde, familia bakarreko etxeak (Madrilen dagoen Rafael Canogar pintorearen etxea kasu 1970-1973) bere produkzioan eskasak dira, arkitektoa ez baitzen eroso sentitzen halako proiektuak sortarazten zituzten arazoekin. 1971n Canogar eta Antonio Fernández Albarekin batera larrialdirako auzo unitate proiektuan parte hartu zuen, eta gizarte etxebizitzako beste proiektu batzuk egin zituen ere.

1969 eta 1972 bitartean Fullaondo, Olabarria eta Libanorekin batera, Bizkaiko zenbait udalerrietan zortzi eskola talde eraiki zituen: Bilbo, Durango, Markina, Santurtzi eta Zaratamon. Hauetan jarrera neo arrazionalista bat, eta aktibitate gutxi osteko berreskurapena egiaztatu zuen. Fullaondorentzat kultura nagusi zen eskoletan, hauetan arkitekturaren faktore kulturala sartu beharra zegoen. Kasu honetan, berarentzat arkitekturan erabakigarria izan zen, eta eskolen eraikuntzan garrantzi handia izan zuen Espainiako hogeita hamargarren hamarkadako tradizio moderno ez bukatu baino oraindik indarrean zegoenaren gaineko hausnarketa, hurbilketa eta berregitea proposatu zuen. Gainera Euskal Herrian garapen nabarmena izan zuen arkitektura tradizio modernoa izan zen, eta eskola eraikinek behar zuten ekonomia eta funtzionalitatea arrazionalismoarekin bat egiten zuena.

Fullaondoren hirigintza proiektuen artean aipatzekoa da 1970 eta 1972 artean Olabarriarekin Durangon egindako Ezkurdi Plaza. Arkitektoaren hitzetan garai honetako obrarik esanguratsuena da, eta bere burua gehien identifikatzen duena. Fullaondok Frai Juan de Zumarragaren zirkulu erdiko forma zuen monumentu zaharraren inguruan, ardatz-antolaketarik jarraitzen ez zuten maila ezberdinetan egituratutako baso-enparantza bat eraiki nahi zuen. Proiektua beste eskulturekin osatu zen: Mikeldiaren kopia bat, Ángel Ferranten lan berrerabilia, arkitektoak egindako beste bi, eta kontuan hartu ez zen Eduardo Chillidaren lan handi bat.

Chillidak eta Fullaondok elkarrekin lan egin zuten behin baino gehiagotan, 1970an Bilboko portuko itsasargia egiteko burutu ez zen proiektuan bezala, arkitektoarentzat bere bizitza profesional guztiko porrotik handiena suposatu zuena. Ez zen aurrera atera ezta Oteiza eta Oizarekin Bilboko Alondegirako egin zuen proposamena (1988).

Hogeita hamargarren hamarkada erditik aurrerako urteak zailak izan ziren, eraikuntzan eragina izan zuen krisialdi ekonomikoak eta trantsizio politikoa zirela eta. Arkitektura Eskolara bueltatu zen Fullaondorentzat bakartasun eta hausnarketa garaia izan zen, garatzen ari ziren joeretatik aldenduta bere arkitekturak errealista edo neorealista bezala kalifikatu zuen bidea hasi zuenekoa, beste lankide batzuekin kolaboratuz.

Urte honetakoak dira hezkuntza, kultura eta kirol zentroak eta bulego eraikinak: Felix Iñiguez de Onzoño eta Jose Luis Iñiguez de Onzoñorekin 1974 eta 1976 bitartean eraikitako Bilboko Negozioetarako Banku Europearra, edo 1976an Olabarriarekin batera GES enpresarentzako etxebizitza eta bulego eraikina Las Palmas Kanaria Handikoan. Garai honetakoak dira halaber Juan Luis Candela eta Fernando Pérez Segurarekin batera Alacanten egindako zenbait proiektu: elkarlana hasi zuten Alcoyko zaharren egoitza (1972- 1979), Aspeko anbulatorioa (1981) eta hainbat apartamentu eraikin laurogeigarren hamarkadan.

Luis Arana eta Germán Castrorekin beste proiektu batzuetan kolaboratu zuen: Madrileko Gizarte Ongizate Zentro Nazionala (1982), Ciudad Realeko Gizarte Informazio Zentroa (1983), Parlako Elbarrientzako Laguntza Teknikoetako Zentroa (1985), eta Getafeko zaharren egoitza (1987).

Urte hauetako proiekturik esanguratsuena, Jose Ibáñez Berble, María Jesús Muñoz eta Over Aupr & Partners-ekin batera egindako Granadako Erakusketa eta Kongresu Jauregia da (1984-1992). Eraikinarekin organismo bizi independente bat eraiki nahi zen, marmolezko kanpo estaldurari esker mendi berde itxura zuena. Barrualdea, berriz, Karlos V.ren jauregian inspiratuta zegoena, espazio ugari ditu, horien artean, kristalez osatutako sarrera nabarmentzen delarik.

Fullaondoren azken lanen artean aipatzekoa da 1990 eta 1996 artean Madrileko Almansa kalean eraiki zituen bulegoak, Kevin Roche eta José Luis González Cruzekin lagun, Darío Gazapo eta María Teresa Muñozen lankidetzarekin batera. Barne enparantza baten arabera antolatzen diren lauki-sare formadun fatxada duten lau blokez osatutako proiektua da.

Arkitektoaren lanean beti egon ziren presente arkitektura eta arteen inguruko hausnarketak, irakaskuntzak ere bultzatu zituenak. Horren emaitza hogeita hemeretzi liburu eta garaiko aldizkari ezberdinetan argitaratutako hainbat artikulu dira, bere ibilbide profesional guztian bere lana ere bildu zutenak. Bere ekarpenik aipagarriena Madrilen Juan Huarte eraikitzaileari esker argitaratutako Nueva Forma aldizkaria da (1967-1975). Buletinaren 111 zenbakiak garaiko panorama arkitektoniko eta plastikoaren erreferentzia bihurtu ziren. Hauetan berebiziko garrantzia eman zitzaien abangoardia historikoei, batez ere Espainiakoei, eta bere protagonista nagusiei. Madril eta Bilbori buruz hainbat ikerketa egin zituen ere. Modu honetan, batez ere Bizkaiko hiriburuari dedikatu zitzaizkion ondorengo lanetan garatu zuen aitzindaria den lan historiografikoa hasi zuen. Bere lanak Espainiako arkitektura garaikidea, Bilboko hiria eta arkitektura, eta Oteiza eta Chillidaren eskultura ikasteko erreferentzia puntuan bihurtu direlarik.