Kontzeptua

Harresiak

Toki zehatz bat babesteko eraikitako horma itxiari harresi esaten zaio. Harresiaren helburu nagusia, orokorrean, etsaien erasoei aurre egitea izan da, baina, horretaz gain, bazeuden helburu sozial eta ekonomikoak, bereizketa nabarmentze aldera. Mendeetan zehar harresien kokaguneak, bolumenak, formak... aldatuz joan izan dira garaiko egoera geopolitiko ezberdinak zirela eta, edota erasorako baliabide teknologiko ezberdinei aurre egiteko asmoz.

Horrela, batik bat, hiru garai eta eskola nagusi bereizten dira Euskal Herriko gotorleku mota ezberdinei dagokioenean:

  1. Antzinako harresiak: Aurrehistoriako kulturek eta erromatarrek eraikitako herriska hesituak dira.
  2. Erdi Aroko harresiak: Erregeek zein herritarrek bultzaturiko hiribilduak ziren. Harresi mota hauek bolboraren garai arte iraun zuen, XV. mende erdialdera arte, hain zuzen ere, arma berri hauei aurre egiteko harresiak eraldatzea ezinbestekoa baitzen.
  3. Harresi modernoak: Defentsa militarra asko garatu zen garaia. Hau da, XV. mende erdialdetik XVIII. mende bitartekoa.