Monarkia eta noblezia

Gartzia V.a Ramirez "Berrezarlea"

Iruñeko erregea (1134-1150).

Kristina Rodrigezen semea zen, Rodrigo Diaz de Vivar "Cid Campeadorren" alabarena. Aitaren aldetik, leinu iruindarrekoa zen; Ramiro Antso infantearen semea zen, eta berau Konstantziaren eta Antso infantearen semea zen. Antso infantea, bestalde, Gartzia Antso III.a "Naiarakoaren" sasiko semea zen, eta Antso IV. Gartzes "Peñalengoaren" anaia naturala.

Gartzia Ramirez erregea Margarita l'Aigle Rotroukoarekin ezkondu zen lehenbizi. Rotrou Perchekoa kondearen iloba zen Margarita, eta Tuterako jaurerria jaso zuen harengandik. Margaritaren ama, berriz, Juliana Perchekoa, Alfonso "Batailatzailearen" lehengusu propioa zen. Senar-emazte horien seme-alabak izan ziren Margarita, Gilen I.a Siziliakoa erregearen emazte izan zena, Blanka, gerora Antso III.a Gaztelakoa izango zenaren emaztea (ez zen erregina izatera iritsi, gerora Alfontso VIII.a Gaztelakoa erregea izango zena erditzean hil baitzen), eta Antso VI. "Jakituna", Nafarroako erregea (1150-1194).

1144ko ekainaren 19an, Gartzia Ramirez bigarren aldiz ezkondu zen Urrakarekin, Alfontso VII.a Gaztelakoaren ezkontzaz kanpoko alabarekin. Ezkontza horrekin, Gaztelara hurbildu zen. Bigarren ezkontza horretatik jaio zen Antsa, Gaston V.a Biarnokoa bizkondearen emaztea.

Gartzia erregeak tronua hartu zuen garaian, ezaugarri anitzeko lurraldeek osatzen zuten Iruñeko erresuma. Iruñeak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen zuten erresumako nukleo zentrala. Era berean, dokumentuen arabera, beste lurralde batzuetako errege ere bazen, adibidez, Valdosella (1141), Sause (1143), Lizarra (1143) eta beste hainbat lurralde. Haren erregealdian ez zuen Errioxa gobernatu, lehen errege iruindarren agindupean egondako lurralde horiek Haro familiaren esku baitzeuden. Gaztelaren espantsionismoaren zubi-buru zen familia hori.

Iruñeko errege izateaz gainera, Gartzia Ramirezek bazituen jaun-jabetza garrantzitsu batzuk ere; lehenengo emaztearen ezkonsarian eskuratutako Tuterako jaurerriaz gainera, Logroñoko jaurerriaren jabe zen, eta "Monzongo jaun" titulua ere izan zuen.