Biografiak

Garai, Juan (1528?-1583)

1573ko apirilean, ehunen bat soldaduren buru, gehienak mestizoak, Asunciónetik atera zen Paraná ibaiaren ertzean hiri bat sortzeko asmoz. Bere jendearekin batera lehorreratu zen  eta 1573ko azaroaren 15ean, Paraná eta Saladillo ibaien ertzetan, Santa Fe de la Veracruz hiria sortu zuen, Guadalupe urmaeletik ez oso urrun. Espedizio kideak eta hauen familiak kokatu zituen, Udalbatza izendatu zuen eta inguruko tribuetako indiar buruzagiei bisita egin zien. Hala ere, indiarrak, askoz gehiago zirenak, elkartu eta erasotzeko bildu ziren. Halako batean, Jerónimo Luis de Cabreraren, Tucumango gobernatzailearen, talde esploratzaile bat agertu zen eta egoera larritik ateratzea lortu zuten indiarrak borrokatu gabe joan baitziren. Azken honek bere agindupeko lurralde eremua zabaldu nahi zuen eta, kapitain enbaxaden bitartez, Garayri Santa Fe bere eskuetan utz ziezaiola eskatu zion. Baina, une honetan, ustekabe handi bat gertatu zen: Yamandú izeneko indiar lagun batek bere ahaidearen, Europatik heldu berriko Aurreratuaren, mezua ekarri zion, laguntza eskatuz. Laguntza eskaeraz, zenbait jarraibidez eta Santa Fez gain, Tucumango Cordoba ere hartzen zuen aginte agiria ere bidali zion. 1574ko iraila zen. Aurreratua, Espainiatik itzultzeko nabigazio zail baten ondoren, bere Armadarekin txarruen aurkako borrokan San Gabirel edo Sacramento uhartean zegoen ainguratuta. Bere itsas-armada, hiri berrietarako zeramatzaten gizon-emakumeak zeramatzaten bost itsasontzik osatzen zuten. Cabrerak, Garayren agirien aurrean, bera eskaerak bertan behera utzi zituen. Garay Aurreratua laguntzera azkar joan zen eta Asuncionerantz egin zuen berriz. Han, irailaren 20an, Errege Ogasunak behar zuenaz hornitu zuen eta, denbora galdu gabe, horniduraz beteriko brigantin batean joan zen. Txarruen aurkako borroka heroiko baten ostean, zauriturik, bere ahaidea askatu zuen, eta, berarekin batera, itsas-armada eta haietan zihoan jendea.  Ekintza honengatik, Justicia Mayor (“Epaile Nagusia”), Gobernadorearen Tenientea eta Río de la Platako probintzietako Kapitain Jenerala izendatu zuten. Gertaera hauek bere izen ona oraindik handiagotu zuten. Juan Ortiz de Zarate hiriburuan, Asuncionen, kokatu zen eta han, 1576an, hil zen. Behin-behineko gobernadore gisa bere iloba, Diego Ortiz de Zarate Mendieta, izendatu zuen, baina 1577ko maiatzaren 17an kargugabetu zuten, jarduera tiranikoak egitearen salaketapean eta Espainiara bidali zuten, baina Brasilgo kostaldean hil zen. Asuncionen, agintean, Luis Osorio de Quiñones, Alkate Nagusia, geratu zen.