Kazetariak

Guilarte, Cecilia García de

Idazle eta kazetari euskalduna. Tolosan jaioa 1915ean. Herri berean zendu zen 1989an.

Oso gazte zela hasi zen egunkari eta aldizkaritan idazten. 1936-39 bitarteko gerra zibilaren ostean, Mexikora erbesteratu zen. Han Sonorako Unibertsitateko aldizkariko buru izan zen. Horrez gain, beste argitalpen batzuetan ere idatzi zuen, horietako zenbait euskal erbesteak bultzatutakoak, esaterako, Euzko-Deia. Eleberria eta kontakizuna landu zituen bere narrazio-liburu askotan: Mujeres (La Novela Ideal argitalpenak, Bartzelona, 1935), Rosa del rosal cortada (La Novela Vasca argitalpenak, Donostia, 1936), Camino del corazón (Mexiko, 1942), El milagro de la vida (Mexiko, 1942), Orgullo de casta (Mexiko, 1942), Nació en España (Mijares argitalpenak, Mexiko, 1944) eta Contra el dragón (Instituto Nacional de la Juventud Mexicana, 1954).

Mexikon finkatu zelarik, bertako hiriburuan La trampa. Comedia en tres actos y un cuadro (B. Costa-Amic, 1958) antzerki-lana argitaratu zuen. Jose Angel Ascuncek bere literatura dramatikoa ikertu du eta bere ustetan Guilarteren antzerkian "ukitu soziala duen dialektika argia" azpimarratzen da. Orobat, Ascuncek obraren agertoki zehatza azpimarratzen du, idazlearen bizitzaren araberakoa, zeina erbesteratua den:"Cecilia G. de Guilarteren idazkera dramatikoan ildo oso pertsonala antzematen da, gainerako euskal idazleengandik aldentzen dena. Kasu honetan, ideiak helaraztea xede duen antzerkiaren alde egiten du, kritika desmitifikatzailea (La trampa) edo aldarrikapen soziala (El camino y la cruz) nagusitzen direlarik. Bi kasuetan, sentimendu humanista eta kristau nabarmena antzematen da sakonean. Bestalde, idazle tolosarraren antzerkiak euskal erbesteak egindako literaturaren ezaugarri behinenetako bat betetzen du: bere idatzietan bere jatorrizko lurraldeko arazoak eta asilo-herrikoak agertzen dira. Cecilia G. de Guilarteren literatura-lanean jatorriak eta jomugak (Espainia eta Mexiko) bat egiten dute. La trampa izeneko obran Espainian (Mantxan) kokatutako egoera bat antzezten da; El camino y la cruz obran Michoacaneko indio taraskoen artean (Mexikon) gertatzen den egoera sozial baten dramatizazioa egiten da".

Amerikan ezagutarazi zuen bere lehen saiakera, Sor Juana Inés de la Cruz. Claro en la selva (Ekin euskal argitaletxea, Buenos Aires, 1958) izenekoa. Urte batzuk geroago saiakera historikoaren arloa sakondu zuen, Juana de Asbaje, la monja almirante (Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1970) argitaratuta. Aurreko saiakeran Juan Ines de la Cruzi buruz egindako ikerketa sakondu zuen horrela, pertsonaiaren biografia osatua eginez. Halaber, beste saiakera batzuk argitaratu zituen, esate baterako, El padre Hidalgo, libertador (Universidad de Sonora, Mexiko, 1958).

1964an Amerikatik itzuli eta Donostiako La Voz de España egunkarian kolaboratu zuen, literatura-kritikak eginez, 1979. urtean egunkaria desagertu zen arte. Bere literatura-ibilbideari esker Aguilas Sari entzutetsua eskuratu zuen (1969) Cualquiera que os dé muerte (Todas las vidas) lanarekin (Linosa argitalpenak, Bartzelona, 1969). Lan hori, berriro editatu zen Plaza & Janés argitaletxearen eskutik (Bartzelona, 1977). Era berean, beste eleberri bat argitaratu zuen, La soledad y sus ríos (El indio mi compadre) izenekoa (Novelas y Cuentos, Madril, 1975), eta hainbat eleberri utzi zituen argitaratzeke (Traslados sin novedad, Una pizca de esperanza, Los nudos del quipu eta El naufragio de un barquito de papel). Aipagarria da, era berean, arestian aipatutako El camino y la cruz drama, Ediciones Saturraran argitaletxeak (Donostia) argitaratua, Jose Angel Ascunceren ardurapean, zeinak, era berean, Una barca agradable eleberriaren edizioa bultzatu zuen. Espiritu independente eta zentzu kritiko handiko emakumea zen eta Donostiako bizitza kulturalean parte-hartze aktiboa izan zuen, batez ere, XX. mendeko 1960-1970 bitarteko hamarkadan.

  • ASCUNCE, José Ángel, SAN MIGUEL, María Luisa. La cultura del exilio vasco I. Pensamiento y creación literaria. Donostia, 1994.