Dantza

Kaxarranka

Denborak aurrera egin ahala, lehenago aipatu dugunez, hainbat aldaketa izan dira, txikiak batzuk eta handiak beste batzuk, jai orori eusteko prozesuetan gertatu ohi den bezala.

Hori guztia argi ikusten da San Pedro egunean (ekainak 29) Bizkaiko arrantzale herri horretan. Jarraian, deskribapen laburra egingo dugu. Izan ere, ospakizunaren elementu bereizgarri gehienak aspaldikoak diren arren, orain dela gutxi finkatutako ekitaldi batekin ematen zaio hasiera.

Lehen eguzki izpiak atera bezain laster, deia egiten hasten dira. Antzina deittekoek edo deitzaileek egiten zuten hori. Arrantzaleak esnatzea zen helburua, portura joan, ontzian sartu eta itsasora zitezen.



Zenbait ordu geroago, 10:30eko meza amaitu ondoren, gurutze eta zutargiez gain, eliza-atarian taldetxo bat elkartzen da: abadeak, musika-banda eta herritarrak. San Pedroren irudia hartu eta bizkarrean eramaten dute. Portuko leku jakin batera iritsitakoan, horma-hobi batean dagoen San Pedroren irudiaren aurrean Kilin-kala izeneko ekintza egiten dute, hau da, irudia uretara botatzeko keinua. Arrantza-sasoia ona izan dadila eskatzen omen dute horrela. Ondoren, Salbea abestu eta parrokiaren tenplura itzultzen dira prozesioan.

Bitartean, Kofradiaren egoitzaren inguruan jende andana biltzen da, eta eguerdiko 12:00ak inguruan, segizio txiki bat ateratzen da handik: txistulariak, antzina kontu-liburuak gordetzeko erabiltzen zen kutxari eusten dioten gizonezkoak, eta arraunak eramaten dituztenak. Kutxaren gainean dantzaria joaten da, azken urteetako ohiko jantziak soinean daramatzala: alkandora, galtzak eta galtzerdi zuriak, gerriko gorria, koloretako lepoko zapia eta frakak. Ezkerreko eskuan xistera eta eskuinekoan San Pedroren sinboloak dituen banderatxoa (giltzak eta mitra) eramaten ditu.

Zurezko kutxaren gainean, hiru dantza egiten ditu. dantzariak, zikloa osatuz. Lehenengoa Kaixa ganeko Zortzikoa (3/4 + 6/8 erritmoan) da, bigarrena jota, eta hirugarrena Porrusalda. Lehen melodia, San Pedroren Zortzikoa, jotzen dute, baina 5/8 erritmoan, herrian zehar kalez kale dabiltzan bitartean.

Taldetxoak geldialdiak egiten ditu leku jakinetan, hainbat dantza egiteko. Lehenengoa, nahitaezkoa, Kofradiaren aldamenean, San Pedroren irudiaren aurrean. Hurrengo geldialdia Kofradiako Lehendakariaren etxe-atarian egiten dute, eta azkena plazan, udaletxe aurrean.

Goizeko ekitaldiak amaitzeko, Andrazkoen Soka Dantza edo Eguzki Dantza egiten dute (Eguzki Jaia ere esaten diote) herriko neska gazteek, Manilako xal dotoreak soinean dituztela. Dantza hori XX. mende erdialdean hasi ziren egiten, San Joan egunean, hiru une jakinetan: albakuan (egunsentian), eguerdian eta arrosarioaren ostean. Bizkaiko eta Gipuzkoako herri gehienetako jai eta erromerietan egiten zituzten horrelako dantza mistoak. Gizonezko edo mutil gazteek gidatzen dituzte gehienak, baina zenbaitetan emakumezko edo neska gazteek ere hartzen dute gidaritza. Gaur egun, ordea, urteko jai jakin batzuetan dantzatzen dira.