Dantza

Kaxarranka

Lekeitioko Kaxarranka San Joan, San Pedro eta Santa Isabel jaietan dantzatzen da nagusiki, hau da, garai batean Marinel eta Arrantzaleen Kofradiak ospatzen zituen jaietan. Uztailaren 2an amaitzen ziren.

Idatzizko lehen txostenetako batean, Alonso Lopez Cordidok 1607ko ekainaren 30ean transkribatutako idazkiaren berri ematen zaigu. Bertan, hitzez hitz dio San Pedro egunaren bezperan (ekainaren 28an), 14:00etan, kofradia-kideak bildu zirela:

"... dantzariek apostoluen dantzari ordezkaria aukeratzeko. Hain zuzen ere, aipaturiko jaian zer dantzarik dantzatuko duten aukeratu dute kofradia-kideek, ohikoa denez. San Pedro egunaren bezperatik Ama Birjinaren ikustaldiaren egunera arte irauten dute jaiek, hau da, uztailaren 2an bukatzen dira..."1

Maskara, koroa eta aginte-makila aldean daramatzatela, hiru kofradia-kidek mozorrotuta irudikatzen dituzte figura horiek eta kale nagusietan barrena:

"... kalejiran ibiltzen dira, antzinatik egin izan den bezala. San Pedroren kutxaren gainean doan kofradia-kideak San Pedro irudikatzen du, maskara eta koroa jantzita, eta giltza eta aginte-makila eskuetan hartuta. Kutxaren bi alboetan, beste bi pertsonaia joaten dira: San Andres eta San Joan..."2

Urtebete geroago, 1608an, kofradian sartutako kideen beste testigantza batzuk jaso ziren: "... kutxa bizkar gainean eramaten dute, kalejiran, batetik bestera (...) Kutxa gainean, San Pedro irudikatzen duen gizona joaten da, latria buruan eta giltza eskuetan, handitasunez, antzina bezala..."3. Honako hau ere zehazten du idatziak:

"... Lecoyako Pedro kofradia-kidearen etxe-atarira joan ziren. Kutxa kalean zela, mutil gazteek bizkarrean hartu eta gizon bat gainera igo zen, buruan pontifize-latria eta aurpegian adineko aitona baten maskara ezarrita (...). Beste bi gizon zituen laguntzaile (...) San Andres eta San Joan, maskarak aurpegian eta kapak soinean zeramatzatela. Elizakoekin batera kalez kale eraman zuten kutxa, korrika, danbolin-jotzaileekin, maskaradun dantzariekin, mozorrotutako gizon batzuekin eta zaldiekin batera, zenbait arkabuzekin tiroak jaurtiz ..."4

XVII. mendeko datu horiek eta beste batzuek argi erakusten dute jaia sustraituta zegoela. Elizako jantziak eta tresnak erabiltzeagatik Elizaren eta Kofradiaren artean zeuden liskarren erakusgarri ere badira. 1682an, esaterako, hauxe idatzi zuten jaiari buruz: "...algara eta eskandalua sortu da (...), eta hainbat naziotako heretikoak eta fedegabeak elkartu dira ..."5.

Deskribapenetan ekitaldiaren oinarrizko elementuak daude, eta osorik ikusten ez diren arren, jaiaren berri ematen digute. Ikusten denez, egungoarekin alderatuz, itxura eta parte-hartzea oso bestelakoak ziren.

Kaxarranka terminoa ez da inon ageri, eta 1822ko ekainaren 30ean aipatu zen lehenengoz egungoaren antza duen forma bat: "... kutxa horren atzean, eta gainean gizon edo gazte bat dantzan doa, ikurrina eskuan duela..." 6.

1Marinelen Kofradiako agiritegia. Lekeitio. 2. liburukia, 4. erregistroa, 1. zenbakia, 1607. urtea. Datu hau eta hurrengo aipuetakoak Iñaki Irigoyenek jaso ditu, beste egilerik aipatzen ez bada.

2Marinelen Kofradiako agiritegia. Lekeitio. 2. liburukia. 4. erregistroa, 1. zenbakia, 1607. urtea.

3Marinelen Kofradiako agiritegia. Lekeitio. 1. Liburukia. 12. erregistroa, 2. zenbakia, 1608. urtea.

4Marinelen Kofradiako agiritegia. Lekeitio. 1. Liburukia. 12. erregistroa, 2. zenbakia, 1608. urtea.

5Tradiziozko arrantza Lekeition. J. M. Ugartetxea, 156-157 orr.

6Lekeitioko Udal agiritegia. Lekeitioko Udalaren udaletxeko jaunek agintzeko jarraibideak. Erregistro zenbakia: 40.