Kontzeptua

Kantiniersa

Zuberoako Maskaradako pertsonaia da, Maskarada Gorriko kidea eta hauen artean, Aintzindarien taldekoa dugu. Askotan ikusten da Maskarada batetan Kantiniersa bat baino gehiago dagoela.

Maskaradaren taldean hirugarren lekuan doa, aurretik Txerreroa eta Gathuzaina dituelarik. Aintzinean pertsonaia hori, nahiz eta emakume batena izan, mutil batek egindakoa zen, Maskaradeetako emakumezko pertsonaia guztiak bezela. Gaur egun sarriago ikusten dira neskak paper honetan.

Kantiniersaren jantzia hauxe da: jaka urdina, bularralde zuria urrezko apaingarriekin, amaltal zuria eta gona gorria; galtzerdi zuriak, eta zapatilla zuriak, eta haien gainean zangozorro urdinak zinta txikiz, loretxo moduan apainduta. Buruan, kapela urdina darama.

Gerri aldean, lepotik zintzilikatuta, egurrezko kupeltxoa darama ezkerreko eskuarekin lotuta, haren jauzietan ez mugitzeko.

Jantzi hori XIX. mendeko frantses armadaren Kantiniersek edo Ur Emaileek zeramaten jantzitik omen dator.

Augustin Chahok 1856. urtean egindako deskripzioan ez da Kantiniersarik agertzen.

Sallaberry -k dioenez, Kantiniersa-k hartu duen papera, aintzinean "Buhamesa"k betetzen zuen, beti Zamaltzainaren ondoan, eta berari jaten ematen zion bere gonan zeramana.

Herelle-ri kasu egiten badiogu, 1900. urte inguruan emango zen aldaketa, Buhamesak egiten zituen zakarkeriak zirela eta.

Aldaketa hori egin zenean, Maskarada Beltzeko pertsonaia kendu eta Maskarada Gorriko pertsonaia sartu zen, lehenengoaren bihurrikeriekin amaitzeko, agian. Pertsonaia berria Buhamesarekin antzekotasun bakarra dauka, Kantiniersaren ofizioa ura ematea dela, eta Buhamesak Maskaradetan zeukan eginkizuna, Zamaltzainari ura eta janaria ematea zela.

Kantiniersak Kerestuen ofizioan parte hartzen du. Kerestu ugazabak bere morroia botatzen duenean, Zamaltzaina harrapatu ez duelako, Pitxu (Kauteren ikaslea) aukeratzen du lan hori egiteko. Honek, Zamaltzainarengana joan beharrean, Kantiniersa harrapatzen du, baina hau emea izanik, ezin dute haien lana burutu.

Hortaz aparte, Aintzindarien partaidea izanik, talde honek egiten dituen dantzetan parte hartzen du: muxiko edo jauzietan (ostalersa, aintzina phika, moneinak, xibandriak...), Aintzindariei erreserbatutako borobilean dantzatzen du; beste dantza berezietan: Gabota, Godaleta edota Braletik Jauzian bere lekua dauka, talde osoarekin edo bakarka dantzatuz; barrikadetan ere, bere bakarreko dantzaldia egiten du, barrikadaren aurrean.

Aipatu behar da, gainera, Godaleta dantzan garrantzi berezia daukala: Aintzidari guztiak bakarreko solasaldiak amaituta, Kantiniersa Zamaltzainarekin batera ateratzen da berriro, eta, Zamalzainak edalontzi gainean oinarekin gurutzeak "margotzen" duen bitartean, .Kantiniersa haren aurrean geratzen da dantzatzen.

Kantiniersa asko direnean, batzuetan beste dantza bat egiten da: Satan-dantza, beraiek bakarrik dantzatzen dutelarik. Nahiz eta dantza hori Pastoralekoa izan, ez da arraroa Maskaradetan ikustea.