Kontzeptua

Biribilketa - Pasacalles - Kalejira

Egitura hain erreza izateak agian azal dezake zergait genero honetaz hain erreferentzia zahar gutxi ditugun. Ainitz izen erabili izan dira gainera deskribatzeko, eta ia kasu guztietan ez da haien esanahia zehazten. Agian lehen erreferentzia argia, askotan bezala, Iztuetak ematen digu bere liburu famatuan (1824:196): hor edate edo carrica-dantza aipatzen du. Bere deskribapenaren arabera alkateak jotzeko agintzen du, eta irteten da carrica-guziac-barrena ojuz ta irrinzica, saltoca eta gora-oñca edo brincoca, eta horrekin batera gosaricho edo errefrescoa ematen zen.

Hala ere, erreferentzia gehienak XVIII. mendeko euskal dantzari buruzko iskanbila eta eztabaidetan agertzen dira. Soka-dantzaren azken zatian zentratzen ziren neurri handi batean, horretan ipurdikadak eta abiadura handiko mugimenduak egiten baitziren. Frai Bartolome Santa Teresakoak (1816:137), kasu, esaten duena da bai dantza honetan bai pandanguan ere kontaktu fisiko handia gertatzen zela, nos arpeguijaquin, nos besuaquin, nos sabeleequin, nos albuaquin. Agian Humboldten deskribapena (1923:207), 1801ean eginda, errealistagoa da, mota guztietako zakarreriak, jauziak, mugimendu lotsagabeak, baina sentsualitaterako erabat suspergarririk gabe esaten duenean. Hala ere, zati hauetan zentratu ziren XVIII. mendeko iskanbilak eta debeku gehienak. Eta, jakina, erreforma ilustratuak.

Azken zati hau izen batzuekin agertzen zaigu iturrietan, eta haien deskribapenak oso zehaztugabeak dira. Larramendik (1882:272), kasu, presakako fugak deitu zituen. Beste iturri batzuetan -debekuen zerrendetan, askotan- gigen barra-aldiak, tafetan izeneko soinua edo tapatan, alboca edo unzurrunzanquetan izeneko doinua idazkerak agertzen dira. Frai Bartolome Santa Teresakoak (1816:137) arin aringa ematen du, dantza izendatzeko erabiltzen duela oso ziur ez gauden arren. Iztuetak (1824:168) ere arin-arinca deitzen dio momentu zehatz batean, eta Wilhelm von Humboldtek ere, bere egunkarian (1903:207), soka-dantza bukatzekoan fandangoa eta kontradantza ingelesaren antzeko zerbait egiten zirela aipatu zuen.

Kontradantza ziur aski XVIII. mendeko dantza arruntena zen (Burford 1980). Antza denez, Ingalaterran XVII. mendean zuen jatorria, country dance izenarekin, eta batez ere Frantzian zabaldu zen XVIII. mendean contredanse izenarekin, minue gortean baztertuz. Bere abiadura oso bizia zen, eta erritmoa bitarra zuen, bai 2/4 bai 6/8 konpasak erabiliz. Bai kasu batak bai besteak bi esaldi karratu zituzten, lehena zortzi konpasekoa, eta bigarrena zortzi konpaseko esaldiz osaturik, askotan konpaseko goiko zatian hasita. Ikusten denez, gaurko biribilketarekiko aldea ezin zen oso handia izan, eta horien arteko nahasketa, edo kontradantzaren eragina, oso erraz gertatu behar zen.

Iztuetak, izan ere, beti euskarazko hitzaren bila, 6/8 konpaseko kontradantzaren izen zaharra saltarintxoa dela esaten du (1824:48). Hala ere, bere jarrera, askotan gertatzen den bezala, ez da batere argia: alde batetik aipatzen baldin badu Gaurco-egunean Guipuzcoan arkitzen-diraden danboli-otsakindari gazte guzien artean ezda iñorc ere dakienic [...] ez saltarincho bat, lerro batzuk aurrerago okerrezco dantza Turkiacoen soñuac dirade, oraingo damboliñac daratzatenac, adibidez, gehitzen du.

Batetik, alegia, dantza honen kontra argi ta garbi jartzen da, Don Precisori, hots, Zamakolari, oker-dantzaren izena bera dago esanaz dala dantza bat anziñaco dantzaen contracoa aipatuz. Dantza hauek guezachimuotasca-nazcagarri, ezer ere ez-esan, eta senaerazten dute ere (1824:134), eta beraz, euskal dantzen gainean inposatzen ziren dantza arrotz (turkoa deitzen dio behin baino gehiagotan) eta lizunen horietako batzuk. Baina bestetik saltarintxo izena erabiltzen duenean, doinuak millaca urteac-igaro-arren gure-egunetaraño chit-garbiro eta zuzenkiro iritsi-diradenak esaten die (1824:114). Antza denez, eta Iztueraren obretan askotan gertazten den bezala, ideia eta sailkapen orokorrak eta errealitatearen deskribapenak ez datoz bat. Eta contradanza hitza 1745ean Larramendiren Diccionario Trilingüen agertzen baldin bada, saltarintxo hitza ez dugu beste lekuetan aurkitzen, ezta adibiderik Iztueta eta Albénizen 1826ko koadernoa berean ere.

Argi dago soka-dantzaren azken zati horren abiadura oso handia zela. Hain argia ez duguna da gutxi gorabehera zati hori egungo biribilketa den ala ez. Iturri batzuek esaten dutenaren arabera, giga bat izan zitekeen, hots, 6/8 konpaseko pieza azkar bat, jig irlandarratik etorrita (Dean-Smith 1980). Giga aski famatua zen suite barrokoaren barnean askotan sartzeagatik. Baina Trapatan, deskribapen hauetan agertzen den beste hitz bat, gaur egun Doneztebeko soka-dantzaren izena da, eta izen honek azken zati horretan du jatorria hain zuzen (Eraso Alduncin 1996). Doinu honen erritmoa lehen adierazitako porrusaldarena da, 2/4 konpasa alegia, baino erritmo punttuduna konpaseko bi zatietan, eta ez, egungo arin-arin gehienetan bezala, bakarrik lehen zatian. Erritmo hori da Iztuetaren koadernoan vizcai dantzaren adibide bakarrak ere erakusten duena. Hori gutxi izango balitz, Iztuetak momentu batean saltarinchoa edo arin-arinca esaten dio, berdinak izango bailiran (1824:168). Laburbilduz, garai honetako testigantzek ez digute erabat argitzen soka-dantzaren bukaera 6/8 ala 2/4 konpasean zegoen edo, beste modu batean esanda, antza handiagoa eguneko biribilketarekin ala eguneko arin-arinekin zuen. Edozein kasutan, bi erritmo oso antzekoen aurrean gaude.