Militarrak

Hurtado de Amezaga y Unzaga, Baltasar

Teniente jenerala eta lehen Marqués de Riscal de Alegre, Bilbon (Bizkaia) jaio zen XVII. mendearen erdi aldera. Oso gazte zelarik, Flandeseko tertzioetan izena eman zuen. 1677ko uztailaren 16an alferez izendatu zuten. Oso ekintza loriagarriak egin zituen eta berehala igo zituen hainbat maila militar: Leopoldo enperadorearen armadako koraza alemanak dituen kapitaina, Vaudemont printzearen zaldiko guardiako kapitaina (Italian). Frantziako Luis XIV.aren kontrako borroketan nabarmendu zen -Namur, Courtray, Saint-Denis, Maestrich-eko borrokak-; baita Hungariako eta Banetoko gerran ere. Belgradoko borrokan larri zauritu zuten.

1701eko ekainean, erregeak landako maisu gradua eman zion eta Portugalen zuen agintea; bertan egon zen hainbat urtetan. Bizitza militarrarekin nekatuta, jaioterrira joan zen; han Jaurerriko erregidore-kargua bete zuen eta Bilboko alkate izendatu zuten 1718ko abenduan. Amezaga Jauregia eraiki zuen. Lorenako Gorteko Ana de Charivayrekin ezkondu zen. Ez dakigu zer urtetan hil zen, baina 1730 inguruan izango zela uste da. Felipe V.a erregeak Marques de Riscal de Alegre izendatuta saritu zizkion bere zerbitzuak 1708an.

Erref. Urrutia. E.: "Baltasar Hurtado de Amézaga", Euskalerriaren Alde, 1925, XV, 395-396. or.; Villabaso C.: "Autógrafos y noticias de Tristán de Leguizamón... Baltasar Hurtado de Amézaga, Juan Antonio Hurtado de Amézaga, Andrés de Orueta", Euskal Erria, 1881, IV, 150-156. or. Quadra de Salcedo, Fernando: "Hurtado de Amézaga", Vida Vasca, 1934.