Eleberria

Irazu Garmendia, Jose

Maria Jose Olaziregi: Bernardo Atxagaren irakurlea (Erein argitaletxea, 1998). Lourdes Otaegi: Bernardo Atxaga. Egilearen hitza (Labayru argitaletxea, 1999). Iñaki Aldekoa: Antzara eta ispilua. Obabakoak-en irudimen mundua (Erein argitaletxea, 1992) eta Mendebaldea eta narraziogintza (Erein argitaletxea, 1998).

Hurrengo paragrafoetan Maria Jose Olaziregik (U.H.U.N. -Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala-, 2000) Atxagaren eleberrigintzaz egindako ikerketa laburbilduko dugu. Obabakoak bilduma argitaratu zuen arte (1988, eta 1989an gaztelaniaz), Atxagararen narrazio asko eta asko agertoki zehazgabe batean garatzen ziren: Obaban. Idazlearen jaioterri den Asteasuren lekutze hutsa baino askoz gehiago da Obaba, kausalitate magikoak (eta ez logikoak) gidatzen duen mundu zahar bat kontakizun bidez helarazteko aitzakia modura baliatzen duena. Horregatik, Obaba izeneko lurraldean zilegi da ume batek basurde metamorfosia jasatea edo muskerrak belarriko zulotik sartu ostean zoratu egin gaitzakeela sinestea.

Obabakoak zikloan barneratutako kontakizun fantastikoek harrera bikaina izan dute, eta 1988an Narratibaren Sari Nazionala jaso zurretik, jadanik jarraitzaile ugari zituzten. Bi letter... ,Sugeak txoriari... eta Bi anai lanek izugarrizko salmenta ukan zuten euskaraz, hala, 20.000 ale saldu ziren bakoitzetik. Bi letter... lanean ingelesaren eta euskararen arteko mestizaje adierazgarria darabil Atxagak, kolaborazio heterofonikoaren ondorio. Marijose Olaziregi eta Iñaki Aldekoa irakasle eta kritikarien arabera Bi anai lana 80ko hamarkadako harribitxietako bat da, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez lanarekin batera. Lau animalia dira liburuaren narratzaile: txoria, urtxintxa, sugea eta antzarak. Berezitasun horrek mutiko errukiorraren sakrifizioari buruzko kontakizun tragikoa indartzen du.

Beranduago, 1988an, Obabakoak kontakizun-liburua argitaratu eta ospearen erreinuan sartu zen. Elkarlotutako hainbat kontakizun barneratzen dira liburuan. Eta istorioetan gogoeta metanarratiboa eta literatura fantastikoaren estrategiak uztartzen dira. Baina orrialdez orrialde bidaia literarioa ere ezkutatzen da, beste lan eta egileei egindako erreferentzia ugarietan ikus daitekeenez. Liburuaren gai nagusiak bakardadea eta halabeharra dira Olaziregi iritziz, eta Atxagak literaturaren eta bizitzaren arteko mugei buruzko gogoeta egiten du azken batean.

Ordutik aurrera, Atxagak errealismoranzko norabide-aldaketa ematea erabaki zuen. 1991n Behi euskaldun baten memoriak eleberria argitaratu zuen. Lan horrekin, Obaba leku mitikoa alde batera utzi zuen, baina, oraindik ez zen goitik beherako eleberri errealista. I.B.B.Y. (International Board on Books for Young People) delakoaren Ohorezko Zerrendan barneratu zuten 1994an. Horrelaxe hasi zen Atxaga aurreragoko narrazioetan garatu zituen baliabide formalak erabiltzen, protagonista bakoitzaren iragatea kontatzeko barneko ahotsak, esaterako. Mo da protagonista nagusia, bizitzaren aurrean jarrera kritikoa hartzea erabakitzen duen behia. Horrez gain, Atxagak denbora zehatzago batean kokatzen du eleberria, 1936-1939 bitartean luzatu zen gerra zibilari buruzko erreferentziak eginez. Eleberri horrek zalantzak sortu zituen Euskal Herriko kritikaren zati batean, baina geroago, indarrez sartu zen merkatuan.

Gizona bere bakardadean lanarekin gauzatu zuen errealismoranzko norabide-aldaketa, 1993an. 12 hizkuntzara itzuli da eta sari garrantzitsuak jaso ditu (1993ko Kritikaren Saria, 1993ko Literaturaren Sari Nazionaleko finalista, 1994ko Zilarrezko Euskadi Saria eta urteko libururik onena "El Urogallo" eta "Elle" aldizkarien ustez). Eleberria 1982ko ekainaren 28ko goizeko bederatzietan abiatzen da eta hurrengo bost egunetan garatzen da ekintza. Carlos da protagonista, Bartzelonatik hurbil dagoen hotel bateko jabeetako bat. Okindegiko sotoan, Euskadin berriki atentatu bat gauzatu duten E.T.A. (Euskadi ta Askatasuna) erakundeko bi ekintzaile ezkutatzen ditu. Narratzaileak Carlosen barne-mundua uzten digu agerian eta bi ekintzaileek poliziaren inguraketatik ihes egiteko ahalegina kontatzen du suspentse paregabez.

Hurrengo eleberria ere (Zeru horiek) pertsonaia baten inguruan garatzen da. Bartzelonan kartzelatik (talde armatu bateko kide izateagatik) atera eta Bilborako autobus bat hartzen duen 37 urteko emakumea. Bartzelona eta Bilbo arteko bidaia protagonistaren barne-bidaia bilakatzen da. Bakardadea da emakume horren ezaugarrietako bat, aurreko eleberriko pertsonaia nagusiarengan gertatzen zen bezalaxe.

Atxagaren lan poetikoa dela eta, Koldo Izagirre olerkariak XX. mendeko poesia kaierak (Edit. Susa, 2000) bilduman egile honi eskainitako alean Etiopia (1978) liburuari buruz egindako aipamena ekar dezakegu: "Poesia soziala eta existentziala alde batera utzita, eta aldi berean baikortasuna eta sentimentaltasunetik aldenduz, Etiopia olerkigintzaren aurrean jarrera berria eskaintzen zuen: olerkariak ez du inoiz lehen pertsona erabiltzen, ez ditu bere pentsamenduak ezkutatu edo adimenaz biltzen bakuntasuna ekiditearren; inguruari urrutitik begiratzen dio, baina elkartasunari uko egin gabe, eta gizaseme baztertuak eta garaituak maite ditu". Izagirreren arabera, Etiopia idazlanak zera ekarri zuen: "abangoardia eta urratzea, irudiaren nagusitasuna eta marjinalitatearen edertasuna".

Etiopia eredu bilakatu zen idazle belaunaldi berri batentzat, baina 80ko hamarkadan Atxagak bere lan poetikoa erabat aldatzea erabaki zuen abangoardiatik aldenduz, oinarrizko olerkigintza bilatu nahian eta aldi berean berau ulergarriagoa egiteko asmoz.

Atxagaren olerkiak hainbat aldiz erabili dituzte abeslariek. Esaterako, Ruper Ordorikak hamar olerki hartu zituen Hautsi da anphora (1980) diskoa prestatzeko, eta Mikel Laboak ere olerkari honen lanak erabili ditu 6 (1985) eta 12 (1989) diskoetan.

Era berean, Atxagak haur literaturan izan duen eragina azpimarratu behar da. Xabier Etxanizek, euskarazko haur literaturaren historia idatzi zuenean, Atxagaren Chuck Aranberri... (1982) liburua arlo honetan literatura modernoaren abiapuntu gisa hartzen du, beste bi liburuekin batera, hots, Tristeak kontsolatzeko makina (Anjel Lertxundi, 1981) eta Txan fantasma (Mariasun Landa, 1984).