Jaialdiak-Ekimenak

Antzuolako Mairuaren Alardea

Mairuaren Alardea Antzuola (Gipuzkoa) udalerriko errito nagusia da, urteroko euskal herri-errito tradizionalen artean jatorri erlijiosorik (ez dago dibinitate bati loturik) ez duten bakanetakoa. Herriko jaietan gauzatzen da, uztailaren hirugarren larunbatean. Koreografia konplexukoa da: armadunen eta musikarien desfilea, su hutsezko fusil tiroak eta kanoikadak, antzezpen bat, abesbatzak kantatutako bertsoak, herriko banderaren entrega, diskurtsoa eta antzezpen bat. Osagai bakoitzari dagokion janzkeraz agertzen dira partaideak, zaldizkoak eta guzti. Ondoren, Alardearen osagarri baina ez osagai, euskal folklorearen dantzaldiak burutzen du ekitaldia.

Konplexutasunak ez du apaltzen figura nagusiaren protagonismoa: preso dagoen errege mairua, berriro eraso ez duela egingo agindu ondoren aske geratzen dena. Gainerako elementuak antzezpenarenari loturik agertzen dira. Izan ere, Alardeak 920an Junkadia edo Junkariako (Moret historialariak XVII. mendean zioenez bertako euskaldunek hala deitzen zuten gaztelaniazko Valdejunquera) batailaren ondorioz antzuolarrek irabazi omen zuten borroka ospatzen du. Koreografikoki antzezpen, diskurtso eta desfilearen muinak, funtsean, ehun urte luze baditu ere (lehenagoko daturik apenas dagoen), frankismoaz geroztik ospatutakoarekiko pertzepzio-aldaketa gertatu da, bai eta koreografian islatu ere.