Pintoreak

Gal Orendain, Menchu

Pintorea. Irun, 1918ko urtarrilak 1; Donostia, 2008ko martxoak 12.

Menchu Gal familia aberats eta kultura handiko batean jaio zen. Horrek, pinturaren ikaskuntzarako sarbidea erraztu zion.

Oso gazte zela Gaspar Montes Iturriozek eskolak eman zizkion eta hark adoretu zuen familia Menchu Parisera bidal zezaten ikasketak osatzera.

Hiri horretan Amédée Ozenfant pintore puristaren akademian ikasi zuen eta maisu inpresionista eta fauvisten erakusketa ugari ikusteko parada izan zuen. Erakusketa horiek eragin sakona izan zuten harengan, bereziki, Henri Matissek.

Frantziatik itzulita, zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu zuen eta denbora batez Madrilera mugitu zen. Han Aurelio Arteta pintore euskaldunak eman zizkion eskolak San Fernandoko Arte Ederretako Akademian.

Gerra zibila lehertzean Menchu Gal Frantzian gorde zen bere familiarekin batera, guda amaitu arte. Irunera itzuli zenean Menchu Galek bere pintura lantzen jarraitu zuen eta 1942an lehen erakusketa indibiduala antolatzea lortu zuen, Donostian.

1943an Madrilera jo zuen ostera ere eta urte hartan erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen Clan Galerian, garai hartako artista garrantzitsu batzuekin batera: Jose Gutierrez Solana, Daniel Vázquez Díaz, Pancho Cossio, Rafael Zabaleta, Benjamin Palencia, etab. Azken horren eskutik bere belaunaldiko pintore-multzo bat ezagutu zuen. Pintore horiek Menchuren ezaugarriak partekatzen zituzten eta Madrileko Eskolan ezagutarazi ziren.

Menchu Galek paisaiak eta irudiak pintatzen zituen nagusiki. Hala ere, irundarraren obran figurazioa ez da errealitatea islatzeko teknika hutsa; aitzitik, bere pinturetan interpretazio subjektibo eta gogoetatsua ikus daiteke, apaingarritasunetik eta azalkeriatik urrun. Pintura horretan kolorea da nagusi, bizia, argia eta beti aldakorra.

Ordutik aurrera Menchu Galen erakusketak Espainia osoan zehar antolatu ziren, horrela, adibide batera: 1950ean bakarkako erakusketa egin zuen Madrileko Arte Modernoaren Museo Nazionalean; 1972an atzera begirako erakusketa antolatu zuen Santanderren; 1986an Irun, Iruña eta Gasteiz zeharkatu zituen "Bidasoako Pintoreak" izeneko erakusketa ibiltarian parte hartu zuen. 1992an Kutxa Fundazioak atzera begiko erakusketa bat antolatu zuen haren omenez. Erakusketa harekin lotuta katalogo bat argitaratu zen, pintorearen obrari eta bizitzari buruzko ikerketa sakona barneratzen zuena. Azkenik, aipagarria da 2005ean Irungo Udalak antolatu eta Iñaki Ruiz de Eguinok koordinatutako atzera begirako erakusketa.

Menchu Galen lanak aitorpen zabala izan du eta horren lekuko dira jasotako sariak. Hala, Pintura arloko Sari Nazionala eskuratzen lehen emakumea izan zen (1959) eta, era berean, bera izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Urrezko domina jaso zuen lehen emakumea. 2006an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion.

Menchu Gal Donostian hil zen 2008ko martxoaren 12an, 90 urte zituela.

2010eko urtarrilean Irungo Udalak, Kutxaren lankidetzarekin, Irungo Sancho de Urdanibia ospitaleko eraikinean Menchu Gal aretoa inauguratu zuen. Bertan Udalak 2007an eskuratu zuen obra dago erakusgai.

  • AGIRREZABAL, Lore. "Menchu Gal: Ezin dut nire bizitza pinturarik gabe ulertu". Euskonews, 375 zbk, 2007.
  • AGUIRIANO, Maya. Los Menchu Gal de Menchu Gal. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2001.
  • DíAZ EREÑO, Gregorio; PAREDES, Camino. Menchu Gal. Donostia: Kutxa Fundazioa, 1992.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. Menchu Gal. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007. Manuel Lekuona Saria 2006.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. "Menchu Gal, aparteko artista". Euskonews, 393 zbk, 2007.
  • MORENO RUIZ DE EGUINO, Iñaki. Menchu Gal. Irun: Irungo Udala, 2005.